Gutxienez bost lagun atxilotu dituzte andreen salerosketa sare batekin lotuta

Bilbon eta Barakaldon hiru atxilotu dituzte; Tuteran gutxienez bi baieztatu dituzte berri agentziek. Espainiako hainbat tokitan ere etxeak miatu eta sarekideak atxilotu dituzte

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 22-11-2017

Bost pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian emakumeen sexu esplotazio eta salerosketaren aurkako polizia operazio batean: bi, Bilbon; bat, Barakaldon; eta bi, Tuteran. Guardia Zibilak egin du, eta Alacanteko Epaitegiak (Herrialde Katalanak) hasitako ikerketa bati esker lortu dute sarea desegitea. Espainiako hainbat tokitan ere izan dira atxiloketak eta miaketak. Madrilen, zehazki, zazpi lagun atxilotu zituztela jakinarazi zuen atzo Poliziak. Guztiak nigeriarrak dira. Herrialde hartan bahitzen zituzten emakumeak, eta Iberiar penintsulara ekarri. Behin hona etorrita, prostituitzera behartzen zituzten.

Aurten Euskal Herrian andreen esplotazio salerosketaren aurka egin den laugarren operazioa izan da. Otsailean bost lagun atxilotu zituzten, bi operaziotan, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste sarea duela hilabete eskas desegin zuen Espainiako Poliziak Nafarroan: zazpi lagun atxilotu zituzten Iruñean.

Atzoko operazioa goizaldean hasi zuen Guardia Zibilak, Bizkaian. Bilboko hainbat auzotako etxebizitzatan sartu ziren, aldi berean: Arabellan, Abandon eta Txurdinagan. Ustez, prostituziorako erabiltzen zituzten lekuak ziren. Arabellako etxe batean gizon bat eta andre bat atxilotu zituzten, biak nigeriarrak. Barakaldon atxilotu zuten hirugarren laguna. Emakumea da. Leihotik ihes egiten saiatu zenean erori, eta izterrezurra hautsi zuen. Gurutzetako ospitalera eroan behar izan zuten.

Goizean Tuteran (Nafarroa) jarraitu zuten operazioarekin. Benito Caparroso kaleko etxebizitza batean sartu zen Guardia Zibila, eta barruan zeuden bi lagun atxilotu dituzte, berri agentzien arabera. SER irrati kateak jakin duenez, hasiera batean hamabi lagun atzeman zituzten. Sarea hogei lagunek baino gehiagok osatzen dutela uste du ikerketa gidatzen duen epaileak, eta oraindik atxiloketa gehiago egon daitezke. Operazioa amaitu arte ez dute biktimen informaziorik emango.

XXI. mendeko esklabotza

Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatuak gogor gaitzetsi du genero indarkeria kasu hau. Haren esanetan, emakumeak prostituziora behartzeko salerostea «giza eskubideen urraketarik larrienetako bat» da. Antzera egin du gogoeta Ezker Anitzako kide eta Unidos Podemoseko diputatu Isabel Saludek Espainiako Diputatuen Kongresuan. «Sexu esplotaziorako emakume eta nesken salerosketa XXI. mendeko esklabotza da», ohartarazi zuen, ohar batean. Espainiako Gobernuak berak Kongresuan egindako galdera bati erantzunez emandako datuak ekarri ditu gogora. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Espainiako segurtasun indarrek lehengo urtean 413 andre identifikatu zituzten salerosketa sare baten biktima izan zitezkeelakoan. «Delitu hau gure artean guk uste baino hedatuago dago», ohartarazi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)