Bizilagunaren bazkalondoan
Euskal Herrian jaiotakoek eta kanpotik etorritakoek apenas duten elkarren berri. Familiak mahai bueltan uko ditu Bizilagunak egitasmoak, bihar, distantziak hurbiltzeko.
Berria, , 18-11-2017Hemengo jendearen babesak ematen dit egunerokoa bizitzeko indarra». Duela bi urte heldu zen Kongoko Mami Talamosi Errenteriara (Gipuzkoa), eta, dioenez, «oso gustura» sentitzen da herrian. Aurretik gorriak ikusi behar izan ditu, eta tripak estututa kontatzen ditu orain. Sorkunde Rubio errenteriarraren etxean bazkalduko du, bihar, Bizilagunak programaren barruan. Herriz herri, SOS Arrazakeriak antolatzen duen egitasmoa da —seigarren bider aurten—, Euskal Herrian jaiotako familien eta hiona kanpotik iritsitakoen arteko harremanak hauspotzeko.
Biak Errenterian bizi arren, Bizilagunak egitasmoaren prentsaurrekoan ezagutu zuten elkar Rubiok eta Talamosik. Programan parte hartzen duen bigarren aldia du kongoarrak; Rubio, berriz, aurten animatu da aurrenekoz. «Gogotsu» dagoela dio, «arrazakeriaren aurkako kontzientzia» garatu beharra ikusten duelako oraindik. Herrian, afrikarrekiko bainoago, marokoarrekiko «arrazismo askoz handiagoa» nabari du Rubiok; erlijio musulmanarekiko errefusagatik, uste du. Bat etorri da Talamosi. Hark ere jasan behar izan ditu, halere, pasarte gogorrak Errenterian: «Behin, denda batean sartu, eta dendariak beste bezero bati esan zion kontuz ibiltzeko, tximinoak hozka egingo ziola. Tximino bila hasi zen hura, eta, noski, ni nintzen». Mindu zuen, bistan da, eta ez da dendara itzuli. Baina, gainontzean, halakoei ez diela arreta jartzen dio. «Onartzen nauen jendearekin kontatzen dut; ezin naiz egon besteei begira, ezingo nintzateke bizi bestela».
Halakoak entzuten jarraitzea «disparate bat» iruditzen zaio Rubiori. Baina eguneroko enkontru ez horren agerikoetan ikusten du arazoa berak: etorkinekiko beldurrean eta mesfidantzan. «Europa esan eta abangoardia ginela uste genuen, eta inondik inora ez. Okerrera goaz, gainera».
Talamosi aldikako bere seme-alabekiko «tratu desberdinak» kezkatzen du. «Eurak hemen jaio dira, ez dute ezta ezagutzen ere Afrika», dio. Etorkizunera begira du kezka, ikasten segi eta lana bilatzeko garaia heltzen zaienerako. Halere, seme zaharrena ahaldunduta sumatzen duela kontatu du: «Beltza naiz, eta harro nago!» aldarria entzun dio azken boladan.
«Zein dator etxera, ama?»
Talamosik 6, 8, 11 eta 15 urteko lau seme-alaba dauzka, eta Rubiok, 5 urteko alaba bat. Ez dituzte elkarren haurrak ezagutzen, haurrek ere ez dute elkar ezagutzen. Iganderako urdurien eurak daudela diote biek. «Zein dator etxera, ama?», eta beste hamaika galdera egiten igaro dutela astea diote. Talamosik alabari esan dio Errenteriako abeslari baten etxean bazkalduko dutela, eta «aztoratuta» dagoela dio.
Hain zuzen, alaba jaio zeneko anekdota aipatu nahi izan du Rubiok, «ikusten ez denaren erakusgarri» delakoan: «Nire alabaren aita mestizoa da, Marokoko emakume beltz baten eta Baztango gizon euskaldun baten semea. Bera mulatoa da, ez du hazpegi marokoar nabarmenik. Eta alaba jaiotakoan aitortu zidan, bere min denarekin, barren-barrenean poztu zela alaba zuria atera izanagatik». Hori zerbaiten seinale argia dela dio Rubiok.
«Hemen norantz egiten den dantza, harantz egin behar dut nik ere. Moldatu behar zara, ez da besterik», adierazi du Talamosik. Kultura kontrastea igarri arren, ez du «hainbesterako» sentitzen. Errenteriako jendeari begiratzen dionean, alde nabarmen bat ikusten du kanpotik heldu direnekin: familia inguruan dutela batzuek, eta besteek ez. «Hemen, bakarrik nago lau seme alabekin. Bi anaia ditut Madrilen, baina bizi naizen etxera ezin dira etorri. Eskerrak Kongon dudan familiarekin egunero hitz egiten dudan».
Rubio eta Talamosi elkarrekin dauden bigarren aldia da, eta arin hasi dira bihar jarraituko duen solasa aurreratzen. Rubio hasi da galdetzen: «Zenbat hizkuntza dakizkizu, Mami? Eta Talamosik erantzun: «Frantsesa, espainiera eta lingala. Hemengo euskara bezalakoa da lingala Kongon». Rubiok harrituta esan dio: «Kanpotik zatozten denak poliglotak zarete!»; eta Talamosik azalpena eman dio: «Nik asko ikasi nuen Kongon. Marketin ikasketak egin nituen, baina hona etorritakoan ez digu ikasitakoak ezertarako balio. Nik lana aurkitu nuen ikasketak amaitu eta berehala, baina Europara atera beharra zegoen. Orain, nire anaiak medikuntzako ikasketak amaitu berri ditu, baina inoiz ez da hona etorriko. Zertara? Hemen Afrikaren irudi desegokia dagoela uste dut. Ezin dira hemengo baldintzak hangoekin alderatu, baina, egiaz, bada jendea Afrikan Europan baino hobeto bizi dena».
Bihar, Rubio eta alaba izango dira familia anfitrioia. Haien etxean elkartuko dira, eta Rubiok egingo du sukaldean. Zazpi lagun izango dira mahai bueltan, eta Sos Arrazakeriak mahai handi bat utzi behar izan diola kontatu du Rubiok, barrez. Antolakuntzako dinamizatzaile bat ere izango dute mahai kide.
Kongo 29 urterekin utzi zuenetik, hara eta hona ibili da Talamosi, eta, orain, Errenterian «finkatu» nahi du. «Paperak lortzeko borrokatuko naiz, lana lortzeko, seme-alabak aurrera ateratzeko. Nire istorioa konplikatua izan da. Ondo bizi izan ginen, krisia iritsi eta Madriletik irten ginen arte. Gero, Paris, Bilbo… Orain, ondo ikusten nauzue, baina Errenteriara iritsitako egunean kalean egin genuen lo». Malkoz puzten zaizkio begiak batean eta barrez hasten da hurrengoan: «Kontuz, ni oso pertsona alaia naiz».
Etxetik kanpo bizi denaren bizitza «zaila» dela dio. Bada, etorkinen bizimodua gehiago ez zailtzeko, arrazakeriaren kontrako borrokan egongo dela adierazi du argi. «Nire etxea dudanean, nik zabalduko ditut ateak».
(Puede haber caducado)