Bilboko portuko harresia «segurtasunerako» dela adierazi du Tapiak
Esan du debekatuta dagoela azpiegitura «kritikoetatik» ibiltzea. Saudi Arabiari armak saltzeari buruz EAJk duen jarrera kritikatu du EH Bilduk
Berria, , 21-10-2017Bilboko portuan eraikitzen ari diren harresiak hango segurtasuna bermatzeko helburua du. Hala argudiatu zuen atzo Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. Segurtasun hori eremu guztietara hedatzen dela gaineratu zuen: langileak, salgaiak edota beste edozein pertsona. «Portua azpiegitura kritikoa da, eta pertsonak ezin dira han ibili, edozein dela haien nazionalitatea», ihardetsi zion Tapiak Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideari.
Guanchek kontrolerako osoko bilkura baliatu zuen Jaurlaritzari harresiari buruzko iritzia galdetzeko: «Koherentea al da hori, San Egidiora egindako bidaian ikasi zenutenarekin?», galdetu zion Iñigo Urkullu lehendakariari. Ordea, Urkulluk ez zuen hitza hartu, Tapiak baizik. Sailburuak Guancheri leporatu zion demagogia egitea; areago, Eusko Jaurlaritza giza eskubideen errespetuan «eredua» dela nabarmendu zuen: «Ez alderatu azpiegitura kritiko baten segurtasuna, beste nonbait bi hiriren artean eraikitako harresi batekin».
Tapiak erantsi zuen Jaurlaritzaren asmoa dela «pertsona guztien duintasuna, segurtasuna, eskubideak eta betebeharrak» bermatzea. Horretarako instituzioen arteko batzorde bat sortu dutela azaldu zuen. Hor, Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta zenbait udal egoteaz gain, «segurtasun elementuak» eta errefuxiatuekin lan egiten duten elkarteak daude, CEAR eta Gurutze Gorria kasurako. Batzordeak bost helburu dituela zehaztu zuen: koordinazioa; iheslariei informazioa eta laguntza ematea; iheslariek portuaren barruan duten «arriskuaren prebentzioa»; inguruko udalerrien segurtasuna; eta elkarbizitza sustatzea. «Ardura maila eta sentsibilitate handienarekin ari gara lanean».
10.000 tona arma urtean
Bilboko portuko harresiaz gain, handik Saudi Arabiara ateratzen diren armak ere hizpide izan ziren legebiltzarrean. Mikel Otero EH Bilduko parlamentariak gogora ekarri zuen 2016an 10.000 tona arma atera zirela portutik aipatu herrialdera. Halaber, gaineratu zuen nazioarteko zuzenbidearen arabera ezin zaizkiola armak saldu Saudi Arabiari, gerora ematen dien erabileragatik; besteak beste, gerran dauden herrialdeetan saltzen dituelako.
Oterok EAJren jokabidea kritikatu zuen. Batetik, gogora ekarri zuen ez ziola babesik adierazi armak kargatzeari uko egin zion suhiltzaileari, ez alderdi gisa, ezta edozein erakundetatik ere. Horrez gain, berriki Espainiako Kongresuan Saudi Arabiarekin arma salerosketa etetearen aldeko ekinaldi batean abstenitu egin zela oroitu zuen. Azkenik, jeltzaleek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arma industriari emandako babesa ere jarri zuen mahai gainean.
Garapen Ekonomikoko sailburuak gogorarazi zuen Jaurlaritzak ez duela eskumenik Bilboko portutik ateratzen diren merkantzien gainean. Halaber, armen salerosketaren kontrolaren alde dagoela adierazi zuen, baina industriaren aldeko aldarria ere egin zuen.
(Puede haber caducado)