Datu eta paperetan, ikusezin
2010etik 2014ra etxeko lanen eta zaintza lanen eskaria hazi zelako, emakume migratzaileek krisiari «ongi eutsi» diotela ondorioztatu du Ikuspegik; haiek, ordea, beste analisi bat egiten dute. Lanpostuei buruz baino gehiago, lan baldintzei buruz hitz egiteko eskatzen dute.
Berria, , 03-10-2017Azken urteotan, Euskal Herrira migratutako andre gehiago sartu dira lan merkatuan; nagusiki, etxeko lanetan eta zaintzan. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren txosten baten arabera, bertoko «klase ertaina lurzoru sendoagoan» dagoen seinale da. Migratzaileek eta haiei babesa ematen dieten elkarteek, ordea, badakite egoera ez dela estatistikek erakusten duten bezain leuna. «Lanpostuei buruz baino gehiago, lan baldintzei buruz hitz egin behar da», uste du Soraya Ronquillok, Bidez Bide elkarteko aholkulariak.
Ikuspegiren datuen arabera, 2010etik 2014ra, Euskal Herrira etorritako herritar gehiago sartu dira lan mundura. Aktibitate tasa emakumeen artean igo da gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 6,3 puntu. Isabel Otxoa Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kidearen ustez, bi arrazoi nagusi daude horretarako: alde batetik, krisiak gehien jotako arloetan oro har gizonek egiten zuten lan —eraikuntzan, industrian, arrantzan…—. Bestetik, etxeko lanetarako eskaera ere apaldu zen, baina, gizon askoren aldean, emakumeak ez ziren langabezian geratu; zuzenean lan merkatutik atera ziren. «Krisiaren hasierako urteetan emakume asko euren herrietara itzuli ziren, gizonak ez bezala. Ez zeukaten langabezia saririk».
Bizibidea bazutenak gelditu ziren. Ondorioz, emakumeen langabezia tasa txikiagoa da migratzaileen artean; merkatutik kanpo daudenak ez baitira langabezia zerrendetan agertzen. Desberdintasun handiena latinoamerikarren artean dago, batez ere barne produktu gordin (BPG) txikiena duten herrialdeetakoetan; boliviar, paraguaitar, nikaraguar eta hondurastarren artean, bereziki. Enplegatuta dauden emakume migratzaileen artean, bitik bat etxeko langilea da gaur egun; paraguaitarren artean, hamarretik bederatzi. «Emakume latinoamerikarrak eurak dira migrazio prozesua abiatzea erabakitzen dutenak», azaldu du Ronquillok: «Afrikako emakumeen kasuan, gehienetan gizona etortzen da lehenbizi, eta gero gehitzen zaio familia. Gainera, aurreiritziak ere badaude: oso beltz gutxi kontratatzen dira oraindik zaintzarako».
Etxeko lanen ostean, ostalaritzan (%21,9) eta salmentan (%11,7) jardun ohi dute. Beste muturrean, administrazio publikoan %0,8 baino ez dira ari; hezkuntzan, %3,3. Krisiari baldintza eskaseneko lanpostuetan eutsi dioten seinale. «Hego Euskal Herrian, etxeko langile gehienak hemengoak dira», argitu du Otxoak: «Hori bai, etorkinek zaintza lanik gogorrenak egiten dituzte».
Gehiegizko lan baldintzak
Etxeko lanak dira, hain zuzen ere, migratzaileen artean 2010etik 2014ra gehien ugaritu ziren lanpostuak. Ikuspegik positibotzat hartzen duen datua, ordea, zorrotz epaitzen dute Otxoak eta Ronquillok. Izan ere, baldintzak nabarmen okertu ziren krisi urteetan Euskal Herrian geratu zirenentzat. «Askok galdu zuten lana, haien kontratatzaileek ere lana galdu zutenean», azaldu du Otxoak. «Etxeko jardunean bakarrik ari zirenei lanaldiak murriztu zizkieten; umeen zaintzan ari zirenei, ordutegiak doitu».
Askok barneko langile gisa eutsi diote erauntsiari; behar larria duten adinekoen zaintza eskaera ez da etxeko beste lanena bezainbeste jaitsi, eta, Otxoak nabarmendu duenez, aukera praktikoa izan ohi da etxerik, familiarik eta, batez ere, paperik gabe etorri diren beharginentzat. Kontratatzaileentzat lan indar merkea da. «Askok mailegu bat hartu behar izan dute hegaldia ordaintzeko, eta zorra kitatzea dute lehenbiziko helburu. Horregatik, onartu egin behar dituzte eskaintzen dizkieten baldintzak». Astelehenetik larunbaterako lanaldiak, bizitza pertsonalerako astirik uzten ez duten ordutegiak eta soldata irrigarriak «askoz errazago inposatzen zaizkie etorkinei», Otxoaren hitzetan. Legez kanpoko baldintzetan aritzeak egoera ahulean uzten ditu negoziatzean; abusuak gertatzeko arriskua handitzen du horrek. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak proposatu izan du langileei «iruzur» egiten dieten kontratatzaileak zigortzea.
Zaila da jakitea zenbat diren kontraturik gabeko lan hitzarmenak: ez dira ageri estatistika ofizialetan. Espainiako Gobernuaren 2006ko Menpekotasun Legea indarrean sartu zenetik, etxekoak zaintzeko diru laguntza jasotzen duten familiak derrigortuta daude norbait kontratatzera; horrek jardueraren zati bat kontrolatzeko aukera ematen du. Izan ere, bada beste arazo bat etxeko lan gisa sailkatutakoekin. «Etxeko langileen legeak ez du ezer esaten menpeko pertsonen zaintzari buruz: sukaldean aritzeko balio du, baina ez pertsonak zaintzeko», azaldu du Ronquillok. «Arazoa da etxean bizi diren langileek ere kontratu horrekin lan egiten dutela. Kualifikatuta egon behar lukete, euren jarduna askoz hurbilago baitago erizaintzako laguntzaile baten lanetik. Egokiena txandaka lan egitea litzateke, zahar etxeetan bezala».
Menpeko pertsonen etxean bizi eta lan egiten duten pertsonen zerrenda osatzen ari da Eusko Jaurlaritza; hor ageri direnek zaintzaile izateko prestakuntza egin edo egiaztatu beharko dute zenbait urteren buruan. «Ikastaro batzuek zaharren egoitzetan lan egiteko prestatzen zaituzte, eta horrekin etxean ere eman dezakezu arta; beste ikastaro batzuk etxerako dira soilik. Susmoa daukagu gure kideetako batzuei soilik etxekoa eskaintzen ari zaizkiela».
Zaintzaren gurpil zoroa
Ronquilloren ustez, genero arteko lan banaketa bidegabearen adierazpen bat da migratzaileen lan egoera. «Iparraldeko herrialdeetan, kontziliazioak ez du funtzionatzen: gizonek laguntzen dute zaintza lanetan, baina ez dute ardura euren gain hartzen. Emakumeek etxetik kanpo lan egin dezakete, baina ardura daukate hala ere. Instituzioek baliabide gutxi ematen dituzte menpeko pertsonentzat. Hegoaldean, emakumeek sarri ez dute lan mundurako sarbiderik, eta migratzea erabakitzen dute, zaindu beharreko seme-alaba edo adinekoak beren ama edo ahizpen esku utzita. Zaintza kate global bat da, finean».
Gaiak kezka eragin ohi die feminista askori: etikoa ote da beste emakume bat etxeko lanetarako kontratatzea? «Kontratatzea ez da bekatua; lan baldintzak dira bermatu behar direnak», uste du Otxoak, nahiz eta aitortzen duen diru sarrera arruntekin zaila dela ordutegi eta soldata duinak bermatzea. Hala ere, gogorarazi du erabaki hori ez dela emakumeen afera soilik: «Emazteak, alabak ez gara etxeko langileen lana baliatzen dugun bakarrak, eta feminismotik argi aldarrikatu behar genuke hori».
Norma Figueroa. «Niretzat, lan guztiak dira duinak»
Alkateorde izana da Hondurasen, bere herrian, baina Euskal Herrira etortzea erabaki zuen seme-alabek unibertsitatea amaitu arte. 1.000 euroko soldatarekin ongi dagoela dio, gogoan dauzkalako esperientzia txarragoak.
Euskal Herrira iritsi aurretik, gizarte hezitzaile gisa lan egiten zuen Norma Figueroak (Guinope, Honduras, 1975). 2007an etorri zen lehenbiziko aldiz, senarrari segika: «Berez, berak bakarrik etorri behar zuen, baina lana topatzea zaila zela ikusi zuen, eta, gaizki pasatzen ari zenez, ni etorri nintzen». Berehala hasi zen adinekoak eta haurrak zaintzen, beti paperik gabe. Senarrak eraikuntzan jardun zuen denboraldi batez, baina aurki hasi ziren zailtasunak: «Sei hilabetetan lana izaten zuen, eta beste seitan, ez».
Bi seme-alaba txikiak Hondurasen geratu ziren, Figueroaren amarekin. «Txikienak 7 urte zeuzkan, eta handiak, 12. Beti geratu zait erruduntasun sentipena; izugarri gogorra egiten zait haien adineko haurrak ikustea». Zaindu zituen lehenbiziko bi haurrekin gertatu zitzaion hori: «Nagusiek ikusten zuten sufritu egiten nuela, eta galdetu zidaten ea ez al zegoen modurik Hondurasera bisitak egiteko. Kontratua egitea zen aukera bakarra, lan baimena lortzeko. Horrela egin genuen: urtebetera, etxera joan nintzen, eta baimenarekin itzuli nintzen».
2013an, beste eskaintza bat egin zioten sorterrian: udal hauteskundeetara aurkeztea. «Ez zirudien irabaziko genuenik, baina hala egin genuen», oroitu du. Alkateorde jardun zuen hiru urtez, baina iaz Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. «Berdin zitzaidan zaintza lanetan aritzea; niretzat, lan guztiak dira duinak».
Harrezkero, Hernaniko (Gipuzkoa) etxe batean egiten du lan, adineko gizon batentzat. Mila euro kobratzen du hilero. «Denetik egiten dut etxean, eta baratzean ere laguntzen diot, baina ez zait axola. Arratsaldero bizpahiru ordu har ditzaket libre, eta ongi tratatzen nau. Hori da garrantzitsuena». Esperientzia txar bat ere izan baitzuen Euskal Herrira iritsi orduko: «Lehenbiziko lana adineko emakume baten etxean izan zen. Idazten eta irakurtzen jakingo ez banu bezala tratatzen ninduen; ez zidan garbigailua jartzen ere uzten, ustez ez nekielako. Neuk prestatutako jana semeak ematen zion, berak egin zuela esanez; bestela, ez zuen jaten. Eta komunera eramaten nuenean, makilaz jotzen ninduen». Orain umorez kontatzen du, baina malko ugari botatakoa da: «Pentsa: haurrak etxean utzita etortzen zara, eta gaizki tratatzen zaituen pertsona baten etxean amaitzen duzu. Etsigarria da».
Raquel Manzanares. «Alaba laguntzeko egin nuen alde»
Ehun metro koadroko etxebizitza bat garbitu eta bertan bizi zen adineko bikotea zaintzen zuen Manzanaresek; haietako bat alzheimerduna zen. Geriatriako ikastaro bat egitea erabaki zuen lanean hasi bezain pronto.
Izaera eta iritzi sendoak sumatzen zaizkio Raquel Manzanaresi (Managua, Nikaragua, 1970) hitz egiterakoan: «Hemengo emakumeek barre egiten dizute zure lan ordutegiak azaltzen dizkiezunean. Ez dute ulertzen etorkina bazara edozein lan hartu behar duzula, zure atzetik hogei daudelako gutxiagogatik egiteko prest».
Bost urte daramatza Zarauzko (Gipuzkoa) etxe batean lanean. Hasieran, emakume alzheimerdun bat zaintzeko kontratatu zuten, beltzean; eta, hura hil zenean, haren alargunak hitzarmena egin zion. Aurretik, irakaslea zen Managuan; alaba nerabearekin bizi zen. «Fisioterapia ikasi nahi zuen, eta bera diruz laguntzeko erabaki nuen alde egitea».
Emigratutako bizilagun baten aholkuari jarraika heldu zen Euskal Herrira; Donostiara, lehenik. Lau hilabete igaro zituen lan bila: «Etsigarria izan zen. Egun batean, Donostiako banku batean eseri nintzen negar egitera, ez zitzaidalako dirua kafe baterako ere iristen. Oinez ibili eta errezatu besterik ez nuen egiten. Damututa nengoen: maite ninduten 22 haur utzi nituen etxean». Emakumeen elkarte baten bidez topatu zuen orain daukan lanpostua. Adineko bikotea «pertsona oso onak» zirela nabarmendu du, baina lana gogorra zela hasieran: «Emakumea zaintzen nuenean, 24 orduz harentzat bizi nintzen. Ez neukan jai egunik, ezta oporrik ere». Esfortzu fisikoaren ondorioz, lesioa du oraindik bizkarrean: «Ospitalean lau erizainek jasotzen zuten andrea, gurdi batekin; etxean, neuk bakarrik». Bere kabuz, geriatria ikastaro bat egitea erabaki zuen: «Zaintzaileek oinarrizko ezagutza behar dute osasun gaietan. Atsekabez ikusten ditut eriekin harreman txarra duten neskak, gaixotzen direnak ez dutelako ikasi gaixoekin lan egiten».
Espektatibak aldatzen dira
Orain lasaiago dago; ordu libreak aukeratzeko malgutasuna du, eta lagun taldea osatu du. 2020rako sorterrira itzultzeko helburua jarria dio bere buruari; aurreztutako diruarekin «etxe txiki bat» erosia du han. Data hurbildu ahala, ordea, zalantzak ditu: «Migratzen duzunean, beste gauza batzuk ikusten dituzu, eta zure mundua, zure pentsamenduak, dena aldatzen da. Han ez daukadan askatasuna daukat hemen».
(Puede haber caducado)