Etorkinak asimilatzeko diskurtsoa nagusitu da krisialdiaren ondorioz

Ikuspegik 2017ko Barometroa aurkeztu du. Gehienek uste dute etorkinek eurek egin behar dutela integratzeko ahalegina. Halere, immigrazioari buruzko jarrera positiboagoa da

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 28-09-2017

Bi ondorio nagusi utzi ditu Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2017ko Barometroak. Batetik, «krisi ekonomikoa igarota», immigrazioaren inguruko jarrera positiboagoa dute arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek. Behatokiko zuzendari Gorka Morenoren esanetan, oro har, etorkizun pertsonalari begira baikorrago sentitzen dira herritarrak, eta horrek lagundu egiten du etorkinak mehatxu bezala ez ikusten. Baina, aldi berean, motelaldi ekonomikoak ekarritako jarrera aldaketa bat egonkortu egin da, nahiz eta «susperraldia hasi»: krisiaren aurretik, kultura aniztasunaren aldekoagoa zen euskal gizartea; baina, azken urteetan, asimilazioaren aldeko jarrera nagusitu da, eta, ekonomia hobetu den arren, jarrera hori mantendu egin da. Gehienek uste dute etorkinek eurek egin behar dutela integratzeko ahalegina.

Atzo aurkeztu zituen Morenok martxo eta apiril artean egindako inkesten emaitzak. Pozik agertu zen. «Krisialdia, nolabait, bankuei egiten zaien estres ariketa moduko bat izan da gizartearentzat, baita immigrazioari begira ere. Eta esango nuke hainbat bankuk baino hobeto gainditu duela. Motelaldiaren unerik gogorrenetan etorkinen inguruko jarrera okertu zen arren, aldaketa ez da bereziki handia izan».

Europako beste zona batzuekin alderatuta, Iberiar penintsulan, oro har, etorkinen aurkako jarrera handirik ez dagoela uste du. «Gurean badago tabernako estremismoa, baina gero ez du islarik izaten eguneroko bizitzan. Hainbat faktore egon daitezke horren atzean. Batetik, gurean eskuin muturra tabua da. Eta, bestetik, politikariek eurek ere ez dute immigrazioa erabili langabeziaren errua norbaiti leporatzeko, Espainiak eta Portugalek tasarik handienetakoak izan dituzten arren. Gainera, egia da Espainiako integrazio politika kaotikoa izan dela, baina badirudi funtzionatu duela. Ikusiko da noiz arte iraungo duen».

Euskal gizartea, oro har, anbibalentea dela iruditzen zaio: batzuek jarrera irekiak dituzte, eta beste batzuek,berriz, jarrera uzkurragoak dituzte. Eta, gutxi gorabehera, bi multzoen arteko orekari eutsi zaio Ikuspegi Barometroak egiten hasi zenetik. Hamabigarrena da aurtengoa. Krisiak iraun duen bitartean, jarrera uzkurragoa dutenen taldea apur bat hazi da, baina, igarotakoan, aurreko egoerara itzuli da. Morenok azaldu du ohartu direla azken urteetako tolerantzia indizearen bilakaera eta EAEko barne produktu gordinarena parean joan direla. «Birziklatzearen inguruko ikerketa soziologikoak egiten dituen batek esan zidan oraintsu haiek ere ohartu direla. Azken batean, berrikuntzak edo aldaketak uzkurrago hartzen dira geure etorkizun pertsonala ezkorrago ikusten dugunean».

Hiru lurraldeotako herritarren %12,6k baino ez dute aipatzen immigrazioa autonomia erkidegoak dituen hiru arazo nagusien artean. Etorkinak arazo pertsonaltzat dituztenen kopuruak ere %8,5etik %5,2ra egin du behera urtebetean. Gizarte laguntzei buruzko estereotipoak igualtsu mantendu dira. Krisialdian indartu egin ziren arren, garrantzia galdu dute 2014tik. Dena den, oraindik herritar gehienek aurreiritziak dituzte. Batez ere, etorkinak diru sarrera bermatzeko errentaz aprobetxatzen direla uste dute. Hala ere, osasunak eta hezkuntzak unibertsalak izan behar dutela esan dute gehienek; ez, ostera, babes ofizialeko etxebizitza eta bozkatzeko eskubidea. Behera egin du, halaber, etorkinek lana kentzen dutela uste dutenen kopuruak. Bizitzeko baimena lortzeko lan kontratua eskatzearen aldekoak ere jaitsi dira, talde jendetsuena diren arren. Dena den, gehienek ez dute uste langabezian geratzen diren etorkinak kanporatu behar direnik.

Magrebtarrekin, uzkur

Herritarrek, oro har, gustuko dute atzerriko kulturekin lotura duten jatetxe eta denda berriak irekitzea. Baina kultura horietako herritarrak Euskal Herrira datozenean, gurago dute hemengo lege, ohitura eta kulturara egokitu daitezen. Kultura, erlijio eta tradizio aldetik zenbat eta antzekoagoak izan, orduan eta harrera hobea egiten zaie etorkinei; horregatik, herritarrek Europa mendebaldeko etorkinak dituzte gustukoen, eta Magreb aldetik datozenei diete errezelorik handiena. Morenok uste du indarkeria islamistak zer esana izan dezakeela horretan.

Errefuxiatuen aldeko jarrerak apur bat behera egin du iaztik: 2016an, %30ek uste zuten murrizketarik gabe egin behar zitzaiela harrera; aurten, %27 dira. Dena den, hamarkada batean bikoiztu egin dira: 2008an, %13 baino ez ziren uste hori zutenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)