Bete gabeko hitzak

Gaur beteko da epea, EB Europako Batasuneko herrialdeek 180.000 iheslari hartzeko ezarri zutena. Hasieran ezarritako kuotak bete gabe utzi dituzte herrialde gehienek; arloko GKE gobernuz kanpoko erakundeen ustetan, ez da egon borondate politikorik iheslarien auziari behar bezala erantzuteko.

Berria, Arantxa, 26-09-2017

Planak ez du funtzionatu». Iheslariei harrera egiteaz arduratzen den gobernuz kanpoko erakundeetako bat da Gurutze Gorria, eta bertan dihardu Jessica Manzanok, Bizkaiko ordezkaritzan. Salatu du gaur ahitzen dela Europako Batzordeak 180.000 iheslariri harrera egiteko 2015. urtean abiatu zuen plana betetzeko epemuga, eta ezarri ziren kuotak ez dituztela bete herrialde gehienek. Europako Batzordeak hilaren hasieran hedatutako datuen arabera, Espainiak derrigorrean hartu behar zituen iheslarietatik —9.323 pertsona— 1.089 besterik ez dira heldu: agindutakoen %13. Frantziak 19.714 hartzeko betebeharra zuen: %21 hartu ditu. Plan hori martxan jarri zen, bereziki, hainbat gatazkatatik ihesi —Siriako gerratik, batez ere— Italian eta Grezian pilaturik ziren milaka iheslariei laguntzeko. Horiei abaroa emateko baliabideak badirela esan zuten berehala Euskal Herriko administrazioek. Mila errefuxiatu hartzeko borondatea azaldu zuen Jaurlaritzak; Nafarroako Gobernuak, 300i harrera egitekoa. «Eta esandako iheslari kopurua hartzeko arazorik ez legoke: tokia badago», adierazi du Manzanok. «Baina ez dira inoiz iritsi». Iheslarien artan ari den CEAR erakundeak esan du kuotaren barruan 189 iheslari etorri direla Hegoaldera.

Esandako zifrarik ez da bete, beraz. Bai instituzioak eta bai gobernuz kanpoko erakundeak bat datoz: Venezuelatik eta Ukrainatik heldutako asilo eskatzaileak gailentzen ari dira azkenaldian. Kuoten eragina oso urria izan dela erakusten du. Izan ere, era horretako plan antolatuen bidez iheslarien fluxua erreten batean sartzeko ahalegina egin bada ere, ezinezkoa da hori: beren kasa heltzen dira asko, atondutako planetatik at. Ohiko eran, horiei harrera egiteko ahaleginetan ari dira erakundeak. «Eta gehiagorentzat tokia ere bada», onartu du Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen Saileko Lehen Arretako zuzendari Josune Legalek ere. Autonomietako erakundeek zeresan urria dute, ordea, alorrean. Espainiako Barne Ministerioari dagozkio prozedura horiek.

Planean ezarritako kopuruak bete ez direla-eta asteotan protesta ozenean ari den erakundeetako bat Oxfam Intermon da. «Espainiako Gobernuak dagokion kuota bete ez duela eta, salaketa bat jarri dugu Europako Batzordean», adierazi du erakundeko ordezkari Sofia Marroquinek. Gogorarazi du berez 17.000 iheslari hartzeko betekizuna zuela, eta 9.000 zirela hartu beharreko gutxienekoak. Kopuru horretara hurbildu ere egin ez izana salatzea dute helburu. «Kupoak, hasieratik, irria eragiteko modukoak ziren, oso apalak, eta horiek ere ez dira bete», adierazi du Marroquinek. «Ez dago borondaterik». Hain justu, Europako Batasunean soilik Maltak bete du —gainditu ere bai— ezarritako kopurua. «Gero egon dira beste hainbat herrialde, era berean, hurbildu direnak: Finlandia, Irlanda, Letonia…». Gainerakoak, behetik. Salaketa jartzea ebatzi dute, bereziki, hitza ez betetzeak ez duelako eraginik izango. «Izan ere, behin jarritako epea pasatuta, irailaren 27an, ja ezingo da salaketarik jarri…». Aurrez jarrita, ordea, herrialdeek beti izan dute epea oraindik betetzeko zegoela esateko era. Horrek gurpil zoro antzua bihurtu du prozesu guztia.

Prozedura korapilatsuak

«Eman izan duten argudioa da jatorrian —Italian, Grezian…— ez zegoela iheslaririk ekartzeko moduan», azaldu du Marroquinek. Horren atzean zer dagoen azaldu behar dela uste du: «Izan ere, akordioa hitzartu zenean, ebatzi zen hiru herrialdetako iheslariak lehenetsi behar zirela: Siriakoak, Irakekoak eta Eritreakoak. Litekeena da jatorri horretako iheslaririk ez egotea…». Ez, bederen, harrerara bideratzeko eran identifikatuta, izan ere, lan karga handiarekin aritu dira toki horietan iheslariei arta ematen ari diren taldeak: «Gainezka». Horregatik, gobernuz kanpoko erakundeek eskatu dute irizpide horiek moldatzeko, hartara iheslari gehiagori ateak irekitzeko. Horrelako lanik ez dela egin uste dute, ordea. Ondorio aski larriekin: «Jende asko ez aurrera eta ez atzera geratu da errefuxiatuentzako guneetan». Eta aterabide etsiei atea ireki die horrek: «Mafiak funtzionatzen ari dira».

Euskadiko CEAR-en presidente Javier Galparsororen ustez, kausa asko daude porrotaren atzean. Grezian, esaterako, «gehiegizko burokrazia» arazo izan da, eta Asiloaren Babeserako Europako Bulego EASOk «gardentasun gutxirekin» jokatu du hainbat prozeduratan. Arazo horietako zenbait asmo onaren ondorio direla onartu du: «Dena kontrol handiarekin egin nahi izan da». Egoeraren larritasunari erantzuteko biderik ez du eman, ordea. Euskadiko CEAR-ek prentsa ohar batean laburtu zituen atzo plan honen porrota ekarri duten motibo nagusiak, eta Galparsorok plazaraturikoez gain, salatu zituzten zenbait arazo; esaterako, hainbat herrialdek oztopo erantsiak jarri dituztela egoera larrian dauden iheslariak —adingabeak, gaixorik daudenak— hartzeko, Europako Batasunak eta Turkiak iheslarien inguruan hitzartu zuten akordioaren ondorioz EBko herrialdeetan asiloa eskatu ezinik geratu direla milaka lagun, eta «koordinazio» falta egon dela eragileen artean. Horri erantsi diote zigor mekanismo «eraginkorrik» ez duela izan Europako Batzordeak hitza bete ez duten herrialdeei kontuak eskatzeko. Venid Ya plataformako —400 erakunde batu ditu— ordezkari Cristina Ruanok gogora ekarri du azken finean «kasuan kasuko» lanketa bat falta izan dela; asilo premian dauden pertsonen beharrak aintzat hartuko dituen lan eredu bat.

«Oker asko egin dira, eta, gainera, ez da batere borondate politikorik egon», deitoratu du Galparsorok. Gogora ekarri du errefuxiatuen egoeraren berri eman zuten hainbat albistek aztoratuta, «zinismoz» beteta hartu zela kuoten inguruko erabakia bera, benetan aurrera egiteko borondate argirik gabe. «Junckerri, Merkeli eta Rajoyri egin beharreko galdera da; zerk egin du kale? Zer gertatu da? Zergatik ez duzue sinatuta dagoen zerbait bete?».

Arazoa, gainera, askoz ere zabalagoa dela gogorarazi du. «Ulertzen dut orain kazetariok kuota horiekin zer gertatu den kontatu behar duzuela, baina mundu osoan 65 milioi errefuxiatu daude; munduko 120 biztanleko bat iheslaria da». Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkari Andoni Louzaoren ustez, oso larria da agintariek, oro har, kasu honetan erakutsi duten jarrera: «Legea bete behar dela, legea bete behar dela… Haiek dira apurtzen lehenak!». Protesta bat egingo dute larunbatean, Bilbon. Iruñean gaurko dago deituta, Gazteluko plazan, 19:00etan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)