Bidea estutu die Poliziak etorkinei
Bilboko portuko kanpalekuan dauden etorkinak identifikatu ditu Poliziak. Modu irregularrean daudenei txostena ireki diete. Salatu dute «beldurra handitzea» izan dela helburua
Berria, , 12-09-2017Bilboko portutik Portsmouthera doan ferrya hartzeko asmotan Zierbenan (Bizkaia) zenbait migratzailek sortu duten kanpalekura sartu da asteburuan Espainiako Polizia. Igande goizean egin zuten operazioa. «Gazteek kontatu digute 08:00ak aldera agertu zirela, aurpegia estalita eta armak eskuetan», azaldu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Ana Elena Altunak. Iruditzen zaio operazioaren helburua migratzaileen «beldurra handitzea» izan dela, «beste norabait joan daitezen».
Espainiako Poliziaren Bilboko bulego zentraleko bozeramaile Esteban Izquierdok azaldu duenez, une hartan 90 bat etorkin zeuden; gehienak albaniarrak, Afganistango lau izan ezik. Identifikatu egin zituzten guztiak. «Legez kanpoko egoeran egon zitezkeenak», 37 lagun, Bilboko Immigrazio Bulegora eroan zituzten; eta gainontzekoak bertan geratu ziren. «Ez dago arazorik haiekin. Zierbenan egon daitezke baimena amaitu arte». Izan ere, Albaniako herritarrak, pasaportearekin, hiru hilabete egon daitezke Schengen Ituneko eremuko herrialdeetan, bisarik gabe. Altunaren arabera, 20:30-21:00ak aldera kalean ziren guztiak. «Lege aldetik duten egoeraren arabera, ondorio bat edo beste izan dute. Baina kasurik larrienean ere, kanporatzeko txostena ireki diete. Oraingoz ez dute inor kanporatu».
Espainiako Poliziak «legez kanpoko immigrazioaren aurka egiten dituen ohiko operazioetan beste bat» izan dela azaldu du Izquierdok. Haren esanetan, ez da egon ez salaketarik eta ez aparteko agindurik. Baina irailaren 1ean The Times egunkari britainiarrak kasu honen inguruko erreportaje bat argitaratu zuen, Bilbo Ingalaterrarako «legez kanpoko immigrazioarentzako ate nagusietako bat» dela esanez. Eta, joan den astean, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak «zorroztasuna eta irmotasuna» eskatu zizkion Espainiako Gobernuari.
«Benetan horrenbesterainoko arazoa al da hau Erresuma Batuarentzat?», egin du galdera Altunak. «Arazorik badago, haiek sortu dute, euren legediarekin. Gazte hauei Ingalaterrara libre eta seguru joateko bisa emango baliete, ez lukete hesirik saltatu beharko, eta ez lukete halako bidaia arriskutsurik egin beharko».
Auzia «puzteko» asmoa dagoela iruditzen zaio. Adibidez, kexatu da azken egunetan hedabideetan eman diren datuak okerrak izan direlako. Besteak beste, aurten 1.885 intzidentzia izan direla zabaldu da; iaz baino %406 gehiago. «Etorkinen lehorreratze masiboa egon dela esan dute, baina ez da egia. Intzidentzia horietako asko pertsona bera dira, itsasontzira sartzeko saio bat baino gehiago egiten».
Hainbat interesatu
Erresuma Batua ez da izan presioa egin duen bakarra. Polizia Zierbenara joan den egunean bertan, El Correo egunkariak argitaratu zuen Brittany Ferries konpainia Bilbon jarraitu edo ez gogoeta egiten ari dela. Altunaren esanetan, hedabide horretako hainbat kazetari kanpalekuan zeuden zain poliziak iritsi zirenerako. Brittany Ferries konpainiako Manuel Pascual kudeatzaileak aitortu du ferrya erabiltzen duten hainbat bezeroren kexak jaso dituztela, baina ukatu egin du Bilbotik joateko asmorik dutela.
«Uztail bukaeran eta abuztu hasieran, garraiorako erabiltzen diren hainbat gurdi hondatu zizkiguten. Asko. Adibidez, belakiak apurtuta agertu ziren. Kaka eta pixa aurkitu genuen. Eta normala da bezeroek baldintza horietan gure zerbitzuak erabili nahi ez izatea». Bilera egin zuten Bilboko Portu Agintaritzarekin, Guardia Zibilarekin eta Espainiako Poliziarekin. Hirurek kontrolak indartuko zituztela berbatu zieten, eta, dioenez, igarri dute «hobekuntza». Esan du bezeroak galtzen hasiko balira aztertuko luketela zer egin.
Altunak azpimarratu du erakunde publikoek ere hainbat bilera egin dituztela azken egunetan. Eta ez zaio kasualitatea iruditzen polizia operazioa batzar horien ostean gertatu izana. «Uste dut erakundeek arazoa konpondu nahi dutela, bai, baina ezkutatuta. Gazte hauei lagundu ordez, beldurtu egin nahi dituzte, estu hartu, hortik joan daitezen». Baina seguru dago Bilbotik ez bada beste nonbaitetik ahaleginduko direla Ingalaterrara joaten. «Ez dute alferrik egin honako bidea, orain amore emateko». Iruditzen zaio migratzaileen egoera «okertu» ordez eskura dituzten baliabideekin «bizitza erraztu» beharko lieketela.
(Puede haber caducado)