"Ea noiz datozen; zaila izaten da agur esatea"

Ghanan ditu Usmanek emaztea eta lau haur; ekartzera doa. Karimek eta sendiak ama ekarri dute Marokotik, legez kanpo.

Berria, Arantxa Iraola, 25-08-2017

Honek ez dit inolako arazorik ekarriko?». Ahmed Abubakar Usman (Babile, Ghana, 1980) ez da fidatzen. Abokatuaren gomendioak behar izan dira hura lasaitzeko: ez da ezer txarrik egiten ari. Familia ekartzeko izaten ari den nekeen berri ematen ari da. Ez besterik. 19 urteko gazte bat zela utzi zuen sorterria. Mauritania, Aljeria eta Maroko zeharkatu zituen bi urtean, eta Kanariar uharteetara iritsi (Espainia). «Bizimodu hobea nahi nuen». Almerian, lurlangintzan jardun zuen, paperik gabe; Alacanten (Herrialde Katalanak), eraikuntzan. «Han lortu nuen, lehenengoz, paperak izatea». Aurrerago Espainiako nazionalitatea ere lortu zuen. 2006an, Ghanara joan eta hango emakume batekin ezkondu zen; joan-etorrian ibili da ordutik. Lau ume dituzte elkarrekin, eta familia ekartzea du orain helburu. «Nazionalitatea lortu arte ez, baina orain nire familia ekarri nahi dut». Hiru urte daramatza, hain justu, ahaleginetan.

Abokaturik gabe ari naiz prozesuan; bakar-bakarrik ari naiz. Pazientzia behar da: horixe da txarrena

Ahmed Abubakar Usman

«Haurrek ja badute pasaportea, baina emaztearena falta zait, eta ez ditut haurrak ekarri nahi emazterik gabe; epaileak esan zidan paper bat akastuna zela, eta zortzi-bederatzi hilabete itxaron beharko dudala orain». Luze doa. «Pazientzia eduki behar dut haiek etorri arte. Behin etorrita, oso pozik egongo naiz». Azken bisitaldia maiatzean egin du. Laster ondoan nahi ditu. «Abokaturik gabe ari naiz prozesuan; ni bakar-bakarrik ari naiz. Pazientzia behar da: horixe da txarrena». Eutsi beharra. «10 urte ditu umerik handienak, urtetxo bat pasatxo txikienak. Ea noiz datozen; zaila izaten da agur esatea. Zaharrenak negar egiten du. ‘Aita, zurekin noa’, esaten dit. Niri ere kosta egiten zait negarrik ez egitea», adierazi du. «Umeek etortzeko poza dute; emazteak ere bai. Txikiek aitaren maitasuna ere sentitzea nahi dut».

Tolosan bizi da egun (Gipuzkoa), eta handik gertu du lantokia, Hernanin. «Txandaka aritzen naiz». Esplikatu du irabazten duenetik hiru zati bereizi behar izaten dituela; hemen bizitzeko behar du parte bat, emazteari bidaltzeko bestea, gurasoentzat hirugarrena. «Behin emaztea eta umeak hemen direnean, gurasoena bakarrik bidali beharko dut; gainerakoa guretzat izango da». Umeak ekarrita haientzat bizitza hobe bat du helburu: aukera hobeak. «Nire herrialdean, hezkuntza jasotzeko pagatu egin behar duzu, osasuna jasotzeko ere bai… Hemen zenbait gauza, behintzat, eskura daitezke. Hobeto antolatuta dago dena: horixe nahi dut nik ere haientzat».
«Zer egingo du gure amak han bakarrik?»

Jamila Karimek (Beni Mellal, Maroko, 1973) Teruelen hasi zuen migrazio prozesua, Espainian, 2001ean. Ez du berehala ahantziko lurralde hartako hotza. «Aurrena senarrak egin zuen bidea: Murtziara aurrena, Teruelera gero. Hark ni ekarri ninduen. Bi urte egin genituen han». Anaia ere etorkina du, eta haren deiari jarraikiz etorri ziren Euskal Herrira. «’Parajea zoragarria da’, esan zidan. ‘Jendea aparta, eta lana dago: lan asko’. Orduan; orain aldatu egin da». Lana garai batetik asko urritu dela dio, baina ez du kexarik; Tolosan (Gipuzkoa) bizi da egun, eta lana du: «Gizon bat zaintzen ari naiz». Zaintza, berehala agertu da hitz mirarizkoa, andrazko etorkin asko lotzen dituena. Urte asko daramatza Euskal Herrian, eta nabarmendu du ez ziola aparteko arazorik sortu gizarte berrira moldatzeak, haren arauetara egokitzeak. «Zatozen tokiaren araberakoa da hori, sorterrian duzun bizitzaren araberakoa. Baina Marokon ere denetik dago». Seme-alabak ditu. Alabak sei hilabete zituela iritsi ziren Euskal Herrira; hemen sortua du semea. Eta hemen ikusten du bere burua Karimek ere: luzerako. Hemen bizi ditu senideak, eta ama Marokotik ekarri berria dute. «Izan ere, hiru seme-alaba ditu, eta hirurak hemen gaude: zer egingo du gure amak han bakarrik?».

Urtean hamabost egun hura [ama] ikustera joatea gutxi da. Gogorra da; ea betiko geratzea lortzen dugun

Jamila Karim

Legez kanpoko adineko andre bat da, ordea, karimdarren ama. «Oraindik ez dago legezko egoeran. Nirekin bizi da, eta erroldatuta dago, baina legez egoterik ez dugu lortu. Lehen eskaria egin dugu: atzera bota digute». Kezkatuta dauzka egoerak. Gainerakoan, ez du uste edadea arazo denik ama egokitzeko. «Pozik dago; gurekin, bilobekin…». Karimdarrak ere pozik daude haren ondoan. «Izan ere, gutxi da urtean hamabost egun hura ikustera joatea. Gogorra da; ea betiko geratzea lortzen dugun». Harrituta dago prozesuaren zailtasunaz. «Nazionalitatea dut, eta errazagoa izango zela uste nuen. Baina baldintza asko jarri dizkigute. Esaterako, esan zidaten ezinbestekoa zela aurreko hiru urteetan segidan lanean jardutea. Erakutsi behar duzu, halaber, ama zure mendeko izan dela, zure diruaren premia izan duela».

Baldintza zorrotzak

Familia batu nahi duenaren baldintza ekonomikoei arretaz erreparatzen zaienez, lanean aritzea ezinbestekoa dela adierazi du Karimek, eta etorkinen inguruan usu plazaratzen diren hainbat zurrumurru eta aurreiritzi apurtu behar direla. «Izan ere, pizten duzu telebista, eta esaten dute: ‘Badatoz hauek, eta mila euro kobratzen dituzte’. DSBEaz ari dira, diru sarrerak bermatzeko errentaz. Bada, nik nahiago dut lan egin: batere zalantzarik ez dut». Berehala agertu da etorkinez aritzean usuegi entzuten den beste kontzeptua: DSBEa. Argi utzi nahi du hori kobratzeak aski bizimodu kontrolatua dakarrela. «Ongi dago, egin behar dute. Baina kontrola handia da. Denarengatik abisua eman behar duzu: telefono zenbakia aldatu baduzu, kanpora bazoaz… Sei hilean behin, kontu korronteko mugimendu denak eskatzen dizkizute. Itogarria». Andre musulmanen irudi menpekoarekin ere amaitu nahi du. «Musulmana naiz, praktikantea, ez itxia. Urte batzuk besterik ez daramat zapia janzten. Gozatu dut bizitzaz, eta egin beharrekoak egin ditut… 40 urteak beteta erabaki nuen».
«Sarri askotan, gauza moralista bat izaten da: ‘Zuk ikasi euskara’»
Aritz Loiola / Argazki Press

Petra Elser

Banaiz Bagara elkarteko koordinatzailea

Nagusiki erdaraz bizi den gizarte batean, etorkinek nekez erreparatzen diote euskarari; egoera horri buelta emateko, bide berrien bila ari da Banaiz Bagara elkartea. Elserrek sortua da.

Etorkin askorentzat euskara zeinen arrotza den adierazteko Banaiz Bagara elkarteko koordinatzaile Petra Elserrek (Frankfurt, Alemania, 1963) kontatzen dituen pasadizo asko barregarritzat har daitezke. Hotzikara bat ere sentiarazten dute. « Asko dira etorri eta euskararen inguruko arrastorik ez daukatenak», ohartarazi du. «Hona etortzen direnean, askok uste dute Espainiara etorri direla, eta espainieraz hitz egiten dela. Batek, adibidez, kalean agur, agur, agur entzuten zuela eta, hiztegian begiratu zuen, espainierazkoan; jakina, ez zuen aurkitu. Beste batek, lan egiten zuen etxekoak telefonoan jarduten zutenean ‘bai, bai, bai’ esanez entzun, eta pentsatu zuen: ‘Hara, nola hitz egiten duten hemen ingelesez!’». Ezagutzen ditu, halaber, euskarazko hizkuntza ereduen beldur diren gurasoak.

Nola erakarri etorkinak euskarara? Zer falta dela uste duzu?

Ongi legoke zerbait egitea, programaren bat. Gu saiatu ginen, esaterako, urte batean. Udan, bereziki, etorri berrientzat ikastaroak ematen saiatu ginen; gurasoak eta haurrak, elkarrekin. Ez zen nahiko jende apuntatu. Ez da erraza; izan ere, sarri askotan jendea sakabanatuta dago, herrietan. Horrek izan beharko luke zerbait instituzionala: indartsua. Udaran, adibidez. Ohikoa izaten da, esaterako, haurrak dituen gizon bat hemen badago, uda garaia aprobetxatzea umeak ere ekartzeko, sorterrian ikasturtea amaitu dutenean.

Ez dago egitasmorik benetan jendea elebitasunaz ohartzeko edo hizkuntza erabilgarri egiteko

Petra Elser

Bete gabeko hutsuneetako bat hortxe ikusten duzu, beraz…

Bai, bai: dudarik gabe. Gure taldeetara etorri izan dira, esaterako, ume eta nerabeak, nahiko galduta. Izan ere, gure taldeak ez daude prestatuta ume eta nerabeentzat, baina hori zen, hein handi batean, zuten aukera bakarra. Oro har, urte guztian eskolen ardurapean uzten dira hizkuntza indartzeko taldeak eta abar, baina hor badago beharra gehiago egiteko. Gainera, ez da hizkuntzaren lehen kontaktua ematea bakarrik: hor jarraipen bat egin behar da. Harrera planetan, oro har, nolabaiteko orientabidea ematen da, informazioa, baina ez da nahikoa eskuorri bat edo liburuxka ematearekin. Ezin da pentsatu jendeak, liburuxka bat eman, eta horrekin bilatuko duela non matrikulatu umeak edo non topatu euskaltegia. Aukera beharko litzateke jendeak ondoan nolabaiteko orientatzaile bat izateko, jendearen autonomia kendu gabe, paternalismora jo gabe.

Euskara bazterreko hizkuntza izateak ez du batere lagunduko prozesuotan, ezta?

Hala da; sarri askotan, gauza moralista bat izaten da, behatza zuzenduz egindakoa: «Zuk ikasi euskara», «ongi datorkizu». Baina gero esaten dizute: «Ez dakit zergatik. Gero kalean ez duzue hitz egiten». Bada beste kontu bat; adibidez, Marokotik bazatoz eta Lanbideko ikastaro batera bazoaz, esaten dizuten lehena da: «Zuk gaztelaniaz jakin arte, ezin duzu horietako batean parte hartu». Orduan, zer ikasiko du jendeak? Beste gai bat, oso garrantzitsua, helduen hezkuntza iraunkorra da; jende askorentzat huraxe da lehen heldulekua. Lehen aipatu dudan orientazio zerbitzuaren funtzioa horrek betetzen du sarri. Debalde da, gaztelania ikas dezakezu… Euskara herri batzuetan eskaintzen dute, baina oso sinbolikoa da; ez dago egitasmorik benetan jendea elebitasunaz ohartzeko edo hizkuntza erabilgarri egiteko.

Diskurtso arriskutsuak sortzen ari dira, etorkinen presentzia lotzen dutenak euskararen ahultze prozesu batekin…

Hor oso garrantzitsua da herritarren kontzientzia; alegia, kolore eta jatorri ezberdinetako hiztunak dituen hizkuntza komunitatearen ikuspegi bat izatea. Gaur egun, Europan ez dago nortasun bakar bateko gizarterik: ez da existitzen. Etorkizunari begira, ikusi behar da nola gorde identitatea, baina ateak irekita jatorriko ezberdinetako jendeari.

Eskoletako hizkuntza ereduekin nola jokatu, esaterako, nerabetan kanpotik heldu diren ikasle berrien kasuan?

Bueno, nik ezagutzen ditut euskara ikastetik salbuetsita geratu diren ikasleak, 15-16 urteko ikasleak. Salbuetsi zituzten, eta dena gaztelaniaz ikas zezaketela esan zieten. Baina horrek kentzen die gazte horiei aukera gero euskaraz erlazionatzeko, euskaraz lan egiteko. Hor aukera malguak beharko lirateke; nahiz eta zuk gaztelaniaz egin ikasketak, gazte horiek aukera izan behar lukete kalitatezko hizkuntza irakaskuntza izateko euskaraz. Nahiz eta hainbat ikasgai, edo etsaminak, esate baterako, gaztelaniaz egin.

Garrantzitsua da metodologian hizkuntzaren erabilera eta praktikotasuna sustatzea, ezta?

Bai, garrantzitsua da nola irakatsi, eta nola izan gero gizartearekin harremana; abandonatutako ikasgai bat izan ez dadin gero. Irakaskuntzan berrikuntza asko aipatzen da, baina hizkuntzen irakaskuntzan ez da berrikuntza handirik sartu. Hizkuntzak irakastean, irakatsi behar da gizarte hau non bizi den euskaraz, non eduki ahal den harremana euskararekin… Horretan, lehen esan dudanez, garrantzitsua litzateke tutore antzeko bat izatea.

Askotan, bitxikeria gisara aurkezten dira euskara ikasi duten etorkinak. Ez da mesedegarria…

Ez, ez, ez. Hori ulertzekoa zen igual orain dela hamabost urte, immigrazio masiboa hasi zenean. Baina batzuek egina dute ibilbide bat hemen: jendeak badaki euskaraz. Ezagutzen ditut pakistandarrak, senegaldarrak, latinoak, errusiarrak, finlandiarrak, nepaldarrak, ni neu… Jende horrek hemengo gizartearen benetako protagonista izan behar du.

Zer esanik ez bigarren belaunaldi deitzen diren horiei begira…

Askotan, aitzakia bat da bigarren belaunaldiena. Jende askok eskuak garbitzen ditu: «Hauek ja ez dute ikasiko; hauen seme-alabek, bai». Baina, hara, hona etortzen direnek askotan hogeitaka urte dituzte: horrek esan nahi du 50 urte edo gehiago egin ditzaketela hemen. Urte horietan zein hizkuntzatan bizi? Hori da gai bat. Beste gai bat bigarren belaunaldiko kide asko ja hemengoak sentitzen direla: euskaldunak dira beste kolore batekoak, edo etnikoki beste jatorri bat dutenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)