«Bakarrik dagoen ama batek zail du»

Seme bat Nikaraguatik ekartzea lortu zuen aurrena; hemen erditu zen beste batez. Biak aparte ditu orain: Nikaraguara bidali behar izan ditu. Ezinezkoa zaio etxe batean egoiliar lanean arituta haien kargu egitea. Itzultzea du amets.

Berria, Arantxa Iraola, 24-08-2017

Zer egin nuen? Ondo jokatu al nuen?». Itaun hori ezin du burutik erauzi Ena Esperanza Ruizek (Nueva Segovia, Nikaragua, 1980). Sorterritik semeetako baten inguruan jasotzen dituen albisteek, gainera, artegatasuna besterik ez diote eragiten. «13 urte ditu; egunero badute liskarren bat, eta nire amak ezin du harekin». Euskal Herrian zaintza lanen zama handienetakoa hartzen duen taldeko kideetako bat da Ruiz: andrea, Latinoamerikakoa. Larunbat arratsalde batean hartu du tarte bat bere lekukotasuna emateko, Zarautzen (Gipuzkoa); egoiliar gisara lantoki eta bizitoki duen etxetik atera berritan.

«Ni nire herrialdetik inoiz atera gabea nintzen. 2007an irten nintzen lehenengoz, hona, Euskal Herrira. Senarra aurretik etorria zen; urtebete zeraman hemen ni heldu nintzenean». Paperik gabe heldu zen. «Behar handia dago gure herrialdean; horrek eginarazi zigun urratsa. Hobera egin nahi genuen». Nikaraguan bi ume utzi zituen; senarrarekin izandako seme bat, eta aurretik, gazteagotan berak izandako beste bat. «Ni etorri eta urtebetera, txikia ekarri genuen gurekin bizitzera; legez kanpo hura ere. Gero, hemen beste seme bat izan nuen: txikiena». Jaio zen tokian jaiotzeak paperak eman zizkion ume horri, baina, gauzak zer diren, Euskal Herritik urrun bizi da egun. «Nikaraguan. Lehengo urtean hara bidali nituen bi umeak». 9 urterekin joan zen bat, ia nerabetuta bestea. Senarrarengandik bananduta, etxeko langileen martxan sartuta, umeak taxuz artatzeko modurik ez zuela dio: horregatik erabaki zuen.«Oso egoera zaila da. Bakarrik dagoen ama batek oso zail du hemen. Niri oso zaila egin zait bakarrik egonda haien kargu egitea. Izugarri gogorra izan da semeak bidaltzea, baina nik ez dut hori baino irtenbide hoberik aurkitu». Zenbait lagunen hitzek, esamesek, ez dute laguntzen. «’Tuntuna izan zinen. Zergatik bidali zenituen? Bazenuen moldatzeko modua haiekin egonda ere. Gai izan zinen aurrera irteteko gizonak utzi zintuenean. Orain ere egingo duzu’… Halakoak sarri esan dizkidate. Baina bakarrik zaude, bi umerekin. Eta lanera joan behar duzu. Zer egin behar duzu? Norbait bilatu haiek zaintzeko? Soldataren zati bat erabili behar duzu horretarako… Eta ez da iristen». Egoiliar lanik ezingo luke egin semeak ondoan izanda, eta diru iturri oparoena horixe dute. «Ordukako lanarekin aterako dut etxe bat pagatzeko adina? Ez dakit; nik, behintzat, ez dut ikusten. Etxea, etxeko gastuak, haurrenak… Oso zaila da».

Bidaia prestatzen

Hemen lanean arituz, haiek [semeek] ikasketak egiteko era egiten ari naiz; oso garrantzitsua da hori

Izugarri gogorra izan da semeak bidaltzea, baina nik ez dut hori baino irtenbide hoberik aurkitu

Ena Esperanza Ruiz

Baina semeak urrutira bidaltzeko erabakiak ere buruko min handiak eman dizkio. Askotan jarri da, esaterako, seme txikiaren tokian. 9 urtera arte Euskal Herrian hazia izanik, ia hutsetik hasi behar izan du Nikaraguan. «Negar egin dut haren tokian jarrita. Zer ez ote ariko da pasatzen? Guretzat gogorra izaten bada etorritakoan, harentzat, nire umearentzat… Baina nola bestela? Horregatik, zera esan dut berriki: ‘Jainkoa, eman laguntza, eta urte amaieran Nikaraguara noa, aurrezkiekin edo aurrezkirik gabe. Berdin zait. Nire haurrak ikustera’. Aita handik esaten ari zait ez daukadala aurreztutako diru askorik: berdin zait. Ni banoa; abenduan banoa haiek ikustera. Hegazkineko txartela erostearekin, aski». Eta hemendik zenbait urtetara Nikaraguara itzuli nahi du berak ere; behin betiko, familiarekin bizitzera. Semeekin duen lotura ahuldu aurretik nahi du une hori.

Izan ere, esperientzia hori ere pasatukoa da. Oso gaztetan izan zuen lehen semea, eta ikusi du nahi baino arrotzago hazten, handitzen. «2 urte zituela edo, bularra ematen nion oraindik. Lanean hasia nintzen, eta amona joan zitzaidan, zainduko zuela berak, hartara ni lanean lasaiago ibiliko nintzela… 18 urte ditu, eta nire amak hazi duela esan daiteke. Ni arreba baten gisan ikusten nau…». Hemen daramatzan urteetan behin bakarrik joan da Nikaraguara; beraz, ia ikusi ere ez du egin. «Nire seme txikiek niri didaten maitasuna eta hark duena ez dira berdinak. Arreba baten gisan ikusten nau, eta nire kezka da besteek ere halaxe ikustea ni… Zuk badakizu zer gauza ederra den semeak esatea: ‘Ama, halako gertatu zait’. ‘Ama, zer egin dezaket?’. Nire seme zaharrenak, halakoetan, nire amarengana jotzen du, ez niregana. Haurrak izan, gero horrela ikus zaitzaten? Niretzat ez du zentzurik. Oso tristea da». Horregatik, sorterrian nahi du urte batzuen buruan. Horretarako oinarriak jartzen ari da Euskal Herrian lanean lortzen duen diruarekin. «Han dagoeneko badut etxea; sabairik, behintzat, ez zaie faltako semeei. Bitartean, hemen lanean ari naizela, haiek ikasketak egiteko bidea egiten ari naiz: oso garrantzitsua da hori».

Deserrotzez deserrotze

Nikaraguatik bigarren semea Euskal Herrira ekarri zutenean sostengu handia jaso zutela dio. «Eskolan hasi zenean, esaterako, laguntza handia izan zuen, euskararekin eta. Eta, aizu, ikasi eta egin zuen. Nire semeak badaki euskaraz. Eta, behin euskaraz jakinda, lagunak-eta bazituen… Oso gogorra izan da harentzat berriro ere bueltatzea. Lehengo batean galdetu nion ea bueltatuko litzatekeen; ezetz esan zidan. Beldurra du, berriz etorri, eta nik orduan buelta egitekoa». Errotzen hasi orduko, deserrotzekoa: berriro. Hirugarren aldiz. Ez die horrelako pairamendurik eragin nahi. «Berriro haiek ekarri? Ez. Ezta pentsatu ere. Ni itzultzea: horixe da nire asmoa. Semeak txikiak dira oraindik; behar naute».
Monika del Valle / Argazki Press
«Giltzarri da egoerotan dagoen pairamendua ikusaraztea»

Nancy Juape Tamayo

Psikologoa

Esperientzia du migrazio prozesuen ondorioz bananduta egon ostean berriro elkartu diren familiei laguntza ematen; kasu aski «minberak» ikusi dituela onartzen du Juapek, eta arta hobetzea garrantzitsua dela.

Nancy Juape Tamayok (Cajamarca, Peru, 1964) esperientzia du urteetan urrun izandako familia batzeko prozesuan murgilduta dauden sendiei laguntzen. Besteak beste, EAE eta Nafarroako Familia Terapiako Eskolak antolatutako Etorbide programan jardundako profesionaletako bat da. Kasu «minberak» artatu dituzte han.

Zer-nolako arazoak tratatu behar izan dira halako egoeretan?

Gurasoek haurrak sorterrian utzi eta gero haiek batu dituztenean, tartean urte asko igaro dira gehienetan, eta arazo handiak ikusi izan ditugu. Ume utzi zituzten; nerabeak dira orain. Tarte horretan, gainera, adingabe horiek loturak sendotu dituzte sorterrian zituzten zaintzaileekin —amona, izeba, aita…—, eta hona etortzea ez da erraza askorentzat. Sarri atzeman izan ditugu harremanak hoztuta. Gurasoen partetik, esaterako, usu ikusi ditugu haiek seme-alaben etorreraren inguruan zituzten espektatibak zapuztuta. Ikasketekin, adibidez, esperantza handiak izaten dituzte maiz. Izan ere, esfortzu handia egin dute seme-alabak ekartzeko, baina gazteentzat aldaketa handia da: deserrotzea sentitzen dute sarri, eta ez da egoerarik onena ikasketetan buru-belarri jarduteko. Zailtasun horiek, ordea, usu ez dira agerikoak gurasoentzat. Haiek zera ikusten dute: «Hainbeste esfortzu hona ekartzeko, eta gero ez dute erantzuten». Jarrera horrekin, gazteek ez dute sentitzen gurasoen babesik, eta, usu, sufritzen ari diren gazteak dira. Ez da erraza beste herrialde batera egokitzea, beste hezkuntza sistema batera. Gurean, elebitasunaren gaia ere hortxe dago…

Monika del Valle / Argazki Press
Prozesu gehienak urte askotako absentzien ostean gauzatzen dira. Hori arazo bat da, ezta?

Bai, noski. Errealitatea latza da; lana bilatu, paperak eskuratu, diru pixka bat egin… Gutxien-gutxienean, hiru urteko prozesu bat da: hiru urte baino gehiagokoa. Etorkin etorritako pertsona gehienek, gainera, soldata apalak dituzte, eta horrek berekin dakar seme-alabak ekartzeko prozesua moteltzea; andrazko gehienak etxeko langile aritzen dira, eta soldatak oso baxuak dira. Azken urteotan, gainera, lana urritu egin da, eta baldintza ekonomikoak, familia ekartzeko hain garrantzitsuak, kaskartu egin ditu horrek.

Familia horiekin lan egitean, poz handien berri izango da, baina egoera aski zailak ere ikusten direla diozu. Nola lagundu?

Alde emozionalean sortzen diren arazoez jabetzen laguntzea giltzarri da, egoera horietan dagoen pairamendua ikusaraztea; usu lehenagoko premiak izaten dituzte, egunean eguneko beharrekin lotutakoak, eta kosta egiten zaie alde emozional horri erreparatzea. Baztertu egiten da.

Asko kostatzen zaie arta eman diezaieketen profesionalen aurrean laguntza eskatzea?

Baietz esango nuke. Askotan iristen diren kasuak zailak izaten dira; gizarte laguntzaileak bideratzen ditu aparteko beharrak ikusten dituelako. Ikusten da, esaterako, adingabeei kosta egiten zaiela mugak eta arauak onartzea; izan ere, distantziaren ondorioz, guraso horiek mugak jartzeko duten ahalmena ere ahuldu egin da. Distantzian, autoritate figura beste norbaitek hartu du; rolak desitxuratuta daude, eta indartu egin behar dira. Gurasoei beren lekua eman behar zaie berriro. Eta garrantzitsua da adingabeei begira ere lan egitea: gustura dauden ikustea, sorterria uzteko erabakian parte hartu duten jakitea… Usu ez dute hitzik izaten erabaki horietan, eta arrisku egoerak ekar ditzake horrek nerabeentzat. Gurasoek, ordea, maiz ez dute ulertzen zer gertatzen zaien: «Badu eskola, baditu liburuak, badu etxe bat… Zer gehiago?». Aintzakotzat hartu behar da, ordea, estres egoera handi bati aurre egiten ari zaizkiola gazte horiek.

Rolak desitxuratuta daude, eta indartu egin behar dira. Gurasoei beren lekua eman behar zaie berriro

Jatorriko herrialdeetan ere lan egin beharko litzateke errealitate honen berri emateko. Ez da egiten

Nancy Juape Tamayo

Familia sorterrian utzi eta migrazio prozesua hasi duten gurasoen artean ere zama emozionala handia izango da, ezta? Erru sentimendua izango dute usu…

Bai, bai, bai. Askotan, gainera, gurasoek erruduntasun sentimendu horri atxikita, oso atsegin emaileak izan nahi dute seme-alabekin. Gehiegi babesten dituzte, dena eman nahi diete; sarritan, ordea, hasieran eztitan egiten duten bolada igarota, arazoak agertzen dira. Izan ere, muga batzuk jartzea ere ezinbestekoa da. Baina, bai: erru sentimendua oso handia da, bereziki emakumeen artean. Presio handia jasaten dute; ez da gauza bera gizon batek haurrak uztea, edo emakume batek uztea. Egoera ezberdina da. Askotan, beren buruaz egiten dituzten irudikapenetan, ama gaiztoak dira. Halakoak sarritan entzuten dira. Gogorra da hori; izan ere, egin dituzten sakrifizio guztiak eginda ere, sentitzen dute ama rola ez dutela ongi bete.

Presio horren ondorioz, askok sentituko dute kosta ahala kosta seme-alabak beren aldamenera ekartzeko premia…

Kosta ahala kosta ekartzekoa: halaxe da. Eta askok ikusten dute ezin dituztela seme-alabak ekarri, eta etsipen handia sentitzen dute horregatik. Beren esku zegoen dena eginda ere, ikusi dute ezin izan dituztela haurrak ekarri, eta pairamendu handia da hori. Askotan, gainera, harrapatuta sentitzen dira; ikusten dute ezin dituztela seme-alabak ekarri, baina, hala ere, ezin direla itzuli sorterrira. «Han zer egingo dut?», adierazten dizute. «Hemen, gutxienez, lantxo batekin familiari laguntza eman diezaioket… Hara banoa, ordea, hori ere ez dut izango akaso…». Alde horretatik, usu ikusi ditugu pairamendu handia izan duten andreak. Oso egoera bidegabeak dira.

Prebentzioa garrantzitsua da, bidean norbaitek urrats horietan laguntzea. Aski baliabide badira ataka zail horietan direnei laguntza eta orientabide egokia eskaintzeko?

Izan dira hainbat programa zehatz; jatorrizko herrialdeetan ere egin izan ohi dira, jendeari erakusteko oso garrantzitsua dela etorri aurretik informatzea, prestatzea. Tamainako bidaia bat egin aurretik, ezinbestekoa da hori. Garrantzitsua da, bai, prebentzio lana, horrek ekar baitezake arazoei aurrea hartzea. Jatorrizko herrialdeetan ere lan egin beharko litzateke errealitate horren berri izateko, baina ez da egiten. Nik, bereziki, Peruko errealitatea ezagutzen dut, eta ez da egiten. Ez zaie erreparatzen migrazio prozesuen ondorioz hautsi diren familiei, eta jatorrizko herrialdeek ere izan behar lukete erantzukizun hori: «Zer egingo dugu hemen geratu diren gazteokin? Nola lagunduko ditugu?». Baina horren inguruko egitasmo sendorik ez dut ezagutzen, eta behar da. Sufrimendu handia dago; emakumeentzat eta adingabeentzat, bereziki. Askotan, dohain apartekoak dituzte, aberastasun handia, baina zailtasunen ondorioz ezin dute gauzatu, edo arrisku handiko egoeretan ere amildu daitezke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)