«Ba al du zentzurik egoera honek?»

Kolonbia utzi du, Donostian bizi dituelako gurasoak eta garai zail batean lagundu nahi dituelako. Ingeniari titulua homologatzea lortu du; lan mundurako atea ireki diezaiokeen paperik ez, aldiz, oraindik. Ulergaitz deritzo.

Berria, Arantxa Iraola, 23-08-2017

Gobernuak zer nahi du? Nik ilunpean segitzea? Ez du nahi egin dezakedan lanaren onurarik jasotzea?». Nezly Martelo Schmalbachek (Barranquilla, Kolonbia, 1973) ez du deus ere ulertzen. Urtea konplitu da gurasoak zaintzera Donostiara etorri zela, baina hirian legez egoteko paperik ez du lortu oraindik, eta, ondorioz, egoera irregularrean dago bi seme-alabekin; 8 urte ditu neskatoak, 12 mutikoak. Sortzez Donostiakoa du aita, Kolonbian urte asko egina, baina sorterrira orain dela hamazazpi urte bueltatua; osasun arazo larriak ditu gaur egun, eta horiek bultzatuta etorri zen Martelo iazko udaran Euskal Herrira. Kolonbian zuen lana utzi —kimikako ingeniaria da, eta alor horretan urte asko eginak ditu—, eta gurasoenera bolada baterako etortzea izan zuen lehenengo asmoa. «Hain justu, turista gisara etorri nintzen umeekin: hiru hilabeterako». Tarte horretan, ordea, aitaren osasunak okerrera egin zuela kontatu du. «Eta amak esan zidan abokatu batekin hitz egin ote genezakeen: ni geratzea nahi zuela». Umeen aitarekin —harekin dibortziatuta dago— egoeraz solastatu, eta, haren adostasunarekin, baiezkoa eman zuen. «Haien alaba naiz; haiengatik egin dezakedan gutxienekoa da». Gurasoekin batu, eta legez bi umeekin Euskal Herrian geratzeko auzibidea abiatu zuen: horretan katramilatuta dago oraindik.

Ezezkoa jaso zuen aurrena, helegite bat aurkeztu zuen ondoren, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dago gaur egun. Bitartean legez kanpoko egoeran nola dagoen, lanik ezin du egin, eta horixe du zamarik astunena. «Nire asmoa ez da Euskal Herriaren kontura bizitzea; ni lanean ohituta nago, ekarpena egiten dudala sentitzen ohituta. Nik Kolonbian nuena nahi dut, edo zerbait hobea». Titulua homologatzea lortu zuen, eta ez du entenditzen zergatik jartzen dizkioten horrenbeste traba paperak eduki ahal izateko. «Ba al du egoera honek inolako zentzurik?». Kontraesana kontraesanaren atzean ikusten ditu. «Homologatzen didate titulua, baina gero ez didate paperik ematen lan egiteko. Nola ulertzen da hori? Ez diot logikarik ikusten, ez diot azalpenik ikusten nik horri. Eta emozioen aldetik gogorra da; aski gogorra».

Izan ere, paperik gabe lan kontratu bat lortzea ezinezkoa da. Eta horrek sortzen dio ezinegona. «Lana ugari baitago; ingeniarientzat lana bada», azaldu du. Hortik ulertu ezina; ernegazioa. Gizarte laguntzak eska ditzake, baina lanik ezin du egin. «Nik ez dut nahi inork niri etxe bat ematerik, ez dut nahi horrelako deus. Nire ogibidea dut; hogei urte baino gehiagoko esperientzia dut. Taberna batean-edo ere aritu naiteke. Baina paperak behar ditut». Ilunpetik atera behar du. Hegan egin ahal izateko: «Zergatik ez didate uzten nire bizitza egiten?»

Prozedura arazotsua

Arrangura eragiten diote auzibidean atzeman dituen «trakeskeria» guztiek. Esaterako, aurkeztu beharreko agiriei buruzko informazio okerra jaso izan ohi duela adierazi du, eta prozesua moteltzea eta katramilatzea besterik ez duela ekarri horrek. «Epaian, esaterako, Kolonbian nituen ondasunen berri ez nuela eman jarri zuen epaileak; adierazi zuen, halaber, nire lan ibilbidearen berri ez nuela eman. Baina datu horiek ez zizkidaten eskatu auzibidea hasi nuenean. Nola aurkeztuko nituen, bada, orduan?».

Eskolan, esaterako, erraztasuna besterik ez dugu izan. Bikaina, bikaina, bikaina; besterik ezin dut esan

Nezly Martelo Schmalbach

Gainerakoan, onartu du laguntza handia izan dutela Euskal Herrian bizitza berri bat abiatzeko prozesuan. «Eskolan, esaterako, erraztasuna besterik ez dugu izan; eskola publiko batean ari dira umeak; harrera bikaina egin diete, oso pozik ari dira. Eta laguntza izan dute: euskara ikasteko, esaterako, astean lau orduko errefortzua izan dute. Bikaina, bikaina, bikaina: besterik ezin dut esan». Eskola jangela eta eskolako materiala pagatzeko beka eskuratu dituzte aurten, eta lanik egin ezinik, zinetan ongi etorri zaiela dio. «Baina nire asmoa litzateke datorren urtean lanean aritzea, horren premiarik ez izatea», azaldu du. Beste temarik ez du buruan: «Izan ere, nola liteke, esaterako, osasuna eta hezkuntza ematea eta lanerako erarik ez irekitzea? Nola ez digute irekitzen jasotzen ari garen hori itzultzeko modua? Bueltak eta bueltak ematen dizkiot, baina ez diot inolako zentzurik ikusten nik bizi dudan egoerari. Ergelkeria bat da dena». Koherentzia falta erabatekoa ikusten du: «Erakundeek etorkinen gutxieneko beharretarako dirua ateratzen dute, eta, aldiz, haien egoera legeztatu eta haiek lanerako bidean jartzeko modurik ez dute egiten?». Itaun horren inguruan ainguratuta ikusten du bere burua: «Tristeki».

Logika «absurdoa»

Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dago orain. Epaia aldekoa bada, gurasoekin legez elkartzeko modua izango du: Euskal Herrian paper eta guzti egotekoa. «Gero, urtebete edo bi urte beharko ditut nire seme-alaben egoera legeztatzeko; tarte horretan, paperik gabe jarraitu beharko dute haiek. Absurdoa da, logika ororen kontrakoa», deitoratu du.

Ebazpenaren zain dagoen bitartean, auzibidea berriro ere hutsetik hastea aztertzen ari da. Berritik hasita, bidean izan diren arazo ugariak baztertzeko modua izateko esperantza du. «Kolonbiara itzultzea ere pentsatu nuen: aukera hori ere pasatu zitzaidan burutik. Baina ezin dut. Ezin dut. Egoera honetan, ez». Horregatik, eragozpenei aurre egin, eta eustea erabaki du. Migrazio politikek zedarritutako mundu estu eta hertsian bizitzen jarraitzea: «Nire izeba bat, esaterako, Frantzian bizi da; baina ni eta haurrok ezin gara joan harengana, ezin gara bisitan ere joan. Espainiako mugetatik ezin gara irten; paperik gabe gaude. Nola irtengo gara? Irteten bagara, berriz ere sartzerik ez dugu izango akaso…».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)