Ikusitakotik ikasi, ikasitakotik ekin
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako hainbat kidek parte hartu zuten uztailean Melillara antolatutako karabanan. Karabanan joan ziren lau kidek hegoaldeko mugan ikusitakoak eta bizi izanikoak kontatu dizkiote BERRIAri. Han bizi izanikoa ezagutaraztea dute helburu.
Berria, , 23-08-2017Greziara joan ziren iaz Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Aurten, karabanak Melillako hiria (Espainia) izan du helmuga. Protagonista eta istorio ezberdinak, baina errealitate berbera. Melillak eta Ceutak Marokorekin dute muga, eta hura da migratzaile eta iheslariek Europara sartzeko baliatzen duten bide garrantzitsuenetako bat. Azken urteetan, hedabideetan presentzia galdu du, baina Europa bakartzen duen lehen hesia han eraiki zuten, eta oraindik ere milaka dira hura gainditzen saiatzen direnak.
Uztailaren 22an bueltatu ziren errealitate horren berri ematetik Melillako mugara joandako karabanako parte hartzaileak. Hamabost egun egin zituzten errefuxiatuen egoerak ezagutzen, eta haien ihesaldia eragiten duten arrazoiak salatzen. Europa banatzen duen hesia eta haren inguruko egoera ezagutzeaz gain, Bardeako tiro eremuan, Espainiako Kongresuaren aurrean, Sevillako eta Algecirasko atxikitze zentroetan eta Almeriako zelaietan ere (Espainia) egin dituzte gerora.
Karabanan parte hartu zuen Irune Etxebarria Larruzeak, eta azaldu du helburua zela «Europako lege kriminalak salatzea eta egoera mahai gainean jartzea». Helburu hori lortuta itzuli direla uste du.Hala uste du Daniel Gutierrezek ere: «Jendea oso pozik bueltatu da, eta lortu dugu Hegoaldeko mugaren errealitatea ezagutaraztea». Iaz, Greziako karabanan parte hartu zuen, eta onartu du askotan Melillako eta Ceutako gertakariak bakartuta ikusten direla, eta ez direla erlazionatzen Libiako kostetan edo Grezian gertatzen denarekin.
Gutierrezekin bat egiten du Arantza Gutierrez Pazek. Haren bidelagun izan da bi karabanetan, eta, iazko esperientziaren ostean, mugari buruzko ikuspegia aldatu zaiola adierazi du: «Greziako karabana europarragoa zen; oraingoan, baina, hedabideek arazoa espainolagoa bihurtu dute, barnekoa». Bereizketa horren atzean errefuxiatuen jatorria dagoela uste du Etxebarriak. «Grezian eta Melillan gertatzen dena desberdina den ideia dago, Afrikatik datozenak pobreziatik ihesi datozela uste dugulako, eta Ekialde Hurbilekoak, gerretatik».
Mugako «klaustrofobia»
Halaber, Grezian edo Melillan, ihesi doazenek helburu bera dute: Europara iristea, euren herrialdean izan ez duten etorkizuna eskuratzeko. Helburu hori lortzeko, ordea, oztopo ugari gainditu behar dituzte bidean, eta karabanako kideek horietako bat aurrez aurre ezagutu zuten Melillan. Hiri autonomoan sartzeko, hura inguratzen duen sei metroko hesia gainditu behar dute iheslariek. 1996an eraiki zuten haren lehen zatia, eta, egun, beste bi hesiz gain, kamerak, mugimenduak detektatzeko sentsoreak eta ilunpean ikusteko argiak ditu. Egitura erraldoi bat, legalki sartu ezin direnen sarrera eragozteko.
Ziortza Vega Olaetarentzat lehen aldia zen halako karabana humanitario batean, eta hesia iruditu zitzaion esperientziarik gogorrena: «Denok dakigu hesi bat dagoela Melillan, baina han bertan egon eta aurrez aurre ikusteak sekulako inpresioa eragin zidan». Oinez edo taxian , hondartzan edo golfeko zelaitik pasatuz gero, toki guztietatik ikusten dela oroitu du Vegak. «Hesia beti dago presente». Etxeberriak ere esan du hesia oso gogorra egin zaiola, baina, horrekin batera, emakume zamaketarien egoera ekarri du gogora: «Agian nire militantziagatik da, mugimendu feministan». Emakume zamaketariek 60 eta 90 kilo arteko fardelak eramaten dituzte egunero Melillatik Marokora sorbaldan ipinita. Melillan lanean ari diren ekintzaileek azaldu zieten emakume zamaketariak Marokoko gizartean sozialki beheren dauden pertsonak direla. «Normalean ezkongabeak, alargunak edo bananduak dira, eta 7.000 inguru daude».
Gutierrez Pazek bertatik bertara ezagutu zuen zamaketariek bizi dutena mugako kontroletan. Espainia eta Maroko arteko muga zeharkatu zuen zamaketariek egunero erabiltzen duten pasabidetik. «Klaustrofobikoa izan zen». Gogoratu du mugan izan zuten tentsioa Marokoko militarrekin eta poliziarekin. «Bueltan gentozela, muga itxi zuten, eta jolasean hasi ziren gurekin», gogoratu du Gutierrez Pazek: «Pasatu ate honetatik; ez, hobeto bestetik…». Azpimarratu du karabanako kideentzat polizien eta militarren «jolasa» ordu erdiko kontua izan zela, baina zamaketariek egunero sufritu behar dutela segurtasun indarren gutxiespena. «Mugaren diseinuaren helburua jendea merkantzia gisa sentiaraztea da».
Nolanahi ere, dena ez zen txarra izan Melillan. Oroitzapen politak ere badituztela diote laurek. Etxebarriak bereziki gogoan du emakume zamaketarien begirada eta haiekin elkartu eta hitz egiteko parada. «Nadorkoak [Maroko] ziren asko. Muga itxi zuten, eta une batez haiekin hitz egin eta elkartzeko aukera izan genuen». Haien bizitzaz gehiago jakiteko aukera izan zuten une labur batez. «Konplizitate apurtxo bat lortu genuen». Egoera hartan, elkartasuna adierazteko aukera zoragarria izan zutela nabarmendu du. Mugan ez ezik, Vegak gogoratu du Melillako CETIan —migratzaileentzako aldi baterako atxikitze zentroan— antolatu zuten futbol partida ere ekintzaileen eta errefuxiatuen arteko elkartasunaren irudi bilakatu zela: «Futbol partida jokatu, eta ostean haiekin afaldu eta musikarekin igaro genuen gaua».
Harrera gazi-gozoa Melillan
Errefuxiatuek harrera ona egin zietela nabarmendu dute. Beti zeudela haien esperientzia kontatzeko prest. Melillako biztanleekin, ordea, harremana gazi-gozoa izan zen. Hasieran arbuiatzen zituztela oroitu dute, baina bukaerarantz batzuk eskerrak ematera hurbildu zitzaizkiela. Aurkako komentarioak ohikoak zirela aipatu dute; «nabari da ez zaretela hemen bizi» edo «zergatik ez dituzue immigranteak zuekin eramaten» bezalakoak etengabe entzuten zituztela.
Gutierrez Pazek, baina, ñabardura bat egin nahi izan du karabanaren aurka egin zutenen artean. «Bi motatako pertsonak bereiziko nituzke. Batzuek beldurragatik jokatzen dute horrela, eta beste batzuek, pribilegio egoeran daudelako». Bere esanetan «modu txarrean» hurbildu zitzaizkien gehienak bigarren motakoak ziren. Hala ere, azpimarratu du lagundu zieten askok ere mezu arrazistak zituztela barneratuta. «Jihadismoaren inguruan sortutako beldurraren diskurtsoa da, baina diskurtso bera Euskal Herrian ere badago, horregatik gu ez gara inor besteak epaitzeko».
Vegaren esanetan ez da arraroa melillar asko karabanaren aurka egotea: «Biztanleen gehiengoa legionarioak, poliziak, guardia zibilak eta funtzionarioak dira». Txantxetan aipatu du, halako demografiarekin erraz antzeman zituztela karabanako kide gisa: «Legionario itxura gutxi dugu». Segurtasun indarrak jazarri ez bazitzaizkien ere, Poliziaren presentzia «oso handia» izan zen: «Taxi gidariek ere bazekiten nora joan behar genuen, nahiz eta ustez diskrezioz aritu behar genuen». Edonola ere, halako giroan errefuxiatuen alde lan egitearen meritua tokiko ekintzaileek dutela adierazi dute.
«Gu hara pare bat egunerako joan ginen, baina haiek han bizi dira», aipatu du Vegak. Azaldu duenez, alde egin ostean, Melillako hedabideek argitaratu zuten hiriarekiko eta hiritarrekiko «errespetu falta» erakutsi zutela karabanakoek. Haien aurkako akusazioen inguruan, Etxeberriak azaldu du karabanaren helburua egoera salatzea zela soilik, eta jarrerak oso ondo landuta eraman zituztela. «Ez konfrontaziorik, ez erasorik, ezta inolako probokazioetan sartzerik». Helburu hori bete dutela adierazi du Etxebarriak, eta nahiz eta ekintza berak Euskal Herrian beste maila batera eraman ahal izango zituzten, gaineratu du Melillan zeudenez gero bertako erakunde eta ekintzaileek esandakoari eta antolatutakoari egin diotela kasu. Edonola ere, Gutierrezek aipatu du karabanaren bisitak «arnasa eman» ziela ekintzaile lokalei.
Heziketa lanaren beharra
Karabanak iraun duen hamabost egunetan ikusitakoaren inguruan, «lotsa eta ardura» sentitu dutela diote laurek, eta gizarteak «ardura historiko» horren aurrean urratsak egin behar dituela. Hala ere, denak ez dira baikorrak. Etxebarriak kontzientzia falta sumatzen du gizartean. Melillako edo Libiako kostetako egoera ez dela «gertu sentitzen» dio. Gutierrezen esanetan, kontzientzia baino gehiago, gertakari jakin batzuei ematen diegun garrantzia da arazo. «Atentatu terroristak hedabide guztietan agertzen dira; txalupa bat desagertzea, ostera, ez da albiste». Egungo gizartearen mobilizazio falta nabarmena dela uste dute. «Sare sozialetan gauza asko zabaltzen ditugu, baina gero ez dugu ezer egiten; ez gara kalera ateratzen», kritikatu du Etxebarriak.
Onartzen du, hala ere, egungo egoera iraultzeko «milioika» atera behar liratekeela kalera. Alabaina, egoera den modukoa izanik, nabarmentzekoa dela dio Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 450 pertsonak karabanan parte hartzea eta bere denbora, baliabideak eta energia eskaintzea giza eskubideak defendatzeko. Baikor daude lau parte-hartzaileak, karabanak lagundu dielako euren mezua zabaltzen eta gizartearen interesa pizten. Izan ere, asko etorri zaizkie galdezka. Vegari ikusitakoaz eta bizitakoaz galdetu diote lagun eta senideek, beti begi onez: «Giza eskubideen defentsa da karabanen ardatza, eta denok gaude horren alde». Etxeberriari ere galdetu diote karabanari buruz. Hark, ordea, mugitu egin behar direla esan die: «Informazio baduzue, asko gainera, orain beste pauso bat eman behar duzue».
Datorren urtera begira hirugarren karabana antolatuko ote duten galdetuta, adierazi dute oraindik ez dutela gehiegi zehaztu. Gutierrezek aipatu du Europako beste herrialdeetako jendearekin zerbait antolatzea gustatuko litzaiekeela, «zarata handiagoa egiteko». Gutierrez Pazek baieztatu du hirugarren karabana bat egongo dela, baina oraindik ez dakitela nora izango den: «Lampedusa (Italia) eta Serbia aipatu genituen, baina azken hori oso arriskutsua da; beraz, erabakitzeko dago oraindik». Hurrengo karabanan gazte jende gehiago ikustea gustatuko litzaiekeela aipatu dute. Hala ere, Gutierrez Pazek onartu du ez dela erraza gazte batentzat karabana batean parte hartzea: «Dirua euren poltsikotik jarri behar dute».
Karabana bukatuta, lana ez zaie faltako. Datozen hilabeteetan hainbat hitzaldi eta erakusketa antolatuko ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Ikastetxeetan eta kalean pedagogia egitea garrantzitsua dela nabarmendu dute. «Mugimendu sozial indartsu bat osatzeko ezinbesteko osagaia da». Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urtez urte hazten jarraitzea da asmoa: «Aurrean dugun erronka izugarria da, eta denen beharra dugu».
(Puede haber caducado)