Distantziaren sokan ekilibrista

Legeriak baldintza zailak ezartzen dizkie etorkinei eta iheslariei sendiak batzeko; urte askotako absentziara behartzen ditu sarritan; oinazera, zailtasunetara. Horiei so erreportajeok

Berria, Arantxa Iraola, 22-08-2017

Atzerritarrek eta iheslariek arazoak izaten dituzte sarritan familiak batzeko. Bakarrik hasten dute askotan bidea, eta aski korapilatsua izaten da sorterrian utzitakoekin berriro elkartzea gero; hainbat urtetako prozesua izaten da gehienetan, eta, baldintza ekonomiko batzuk bete ezean, lortu ezina. Ondorioz, absentziaren zauriak aski sakonak direnean elkartzen dira usu familia asko, distantziaren sokan oreka ariketa aski zailak egin ostean. Beste asko, berriz, lortu ezinaren penarekin geratzen dira. Gaiaren inguruko kezka agerikoa da hainbat administraziotan, eta, etorkinei prozesu horietan laguntzeko, elkarte eta programa zenbait martxan dira Euskal Herrian.

Programa horiek aholkularitza ematen diete familiei alde askotatik: zuzenbidearen arloan, eremu psikologikoan, eta etorriko direnei arta ematea erraztu dezaketen hainbat kontu praktikotan. Zure Ondoan programa, esaterako, Donostian abiarazi zuten 2012. urtean, eta arta eman izan nahi zien, bereziki, seme-alabak ekartzera zihoazen andre latinoamerikarrei. Ematen dituen aholkuak, dena dela, berriro batuko den edozein familiak aintzat hartzeko modukoak dira. «Etapa berri bat hastera zoazte familia gisara», jartzen du, adibidez, atera zuten gidaliburuan. «Aldaketak eskatuko ditu egunerokoan; errutina berriak, beste leku batzuk, beste pertsona batzuk, eskola aldaketa, ohitura askotarikoak; ahalegin bat egin beharko duzue etxean eta inguruan dagokizuen tokia aurkitzeko».

GAKOAK

Europako Batasunetik kanpoko jatorria duten etorkinentzat —edo baimen berezirik ez dutenentzat—, familiak batzeko bidea aski korapilatsua izaten da sarri. Hona Frantziako eta Espainiako legeriak ezarritako irizpide nagusiak:

Nor ekar daitekeen. Ezkontidea —edo erregistratutako bikotekidea— eta seme-alaba adingabeak ekar ditzakete, oro har, etorkinek ondora. Haur eta nerabeek bi guraso badituzte, eta familia batzeko bakar batek eskatzen badu, hark erakutsi beharko du guraso ahala edo umeen zaintzaren ardura bere esku dagoela. Frantziako Atzerri Ministerioak ez bezala, Espainiakoak bidea ematen du gurasoak edo aurreko beste ahaideak ere ekartzeko; 65 urtetik beherako senideak badira, arrazoi humanitarioak argudiatu behar dira, eta erakutsi behar da, halaber, ahaide horiek mendeko direla ekonomikoki, alegia, etorkinek bidalitako diru sarreren premian bizi izan direla azken urteetan.

Zer baldintza dauden. Espainiako legeriaren arabera, familia elkartzeko eskaria egiten duten etorkinek legez gutxienez urtebeteko egonaldia eginda eduki behar dute familia batzeko eskaria egiteko; beste urtebete ere baimenduta eduki behar dute. Frantziako legeriak eskatzen du hemezortzi hilabetean legezko egoeran egotea, eta ondorengo hilabeteetarakoa ere lotuta edukitzea. Bi legeriak oso zorrotzak dira baldintzetan; etorkinek erakutsi behar dute etxe egoki bat dutela, eta hilero behar adinako diru sarrerak dituztela etxe hori pagatu eta familia zaindu ahal izateko.

Zaila da familien elkartzeari buruzko datuak eskuratzea; izan ere, legezko bidea hautatzen duten sendiez gain, beste askok legez kanpo egiten dute prozedura. Legeak ezartzen dituen irizpideak bete ezinda, beren kasa ekartzen dute familia; turista gisara etortzen dira usu, paperak aurrerago eskuratzeko esperantzan.

Iheslariei ere trabak

Errefuxiatuen krisiak ageriago utzi du, gainera, arazoaren larritasuna. Oxfam erakundeak, esaterako, berriki plazaratu du txosten bat salatzen duena zer-nolako eragozpenak ipintzen zaizkien iheslariei ere familiak elkartzeko orduan: Familia maitea. Nola ari diren Europako atzerritarren politikak familiak bereizita iraunarazten. Txosten horren arabera, Grezian iaz jasotako datuei begira, ikusten da hara Siriatik iritsi ziren iheslarien %44k familiarekin elkartu nahi zutela, Afganistandik heldu ziren %20k ere xede horixe zutela, baina, legeak horretarako ezartzen dituen irizpideak erabili beharrean, «bidaia arriskutsuak» abiatu behar izan zituztela pertsona horiek. «Izan ere, familiak batzeko prozedura bide seguru bat da jendea etortzeko, baina usu ez da erabiltzen», deitoratu du elkarteko ordezkari Francesc Mateu Hostak. Kasu gehienetan, bide hori hautatu ahal izaten dute iheslariek behin asilo eskubidea onartu zaienean, eta, prozesu zail eta luzea izaten denez, horrek ere absentzia luzeetara behartzen ditu sarritan familia asko, edo elkartu ahal izateko legez kanpoko bideak aukeratzera.

Andoni Canellada / Argazki Press
«Guraso izanda, oso ondo prestatu behar da bat egitea»

Katia Reimberg eta Soraya Ronquillo

Bidez Bide elkarteko kideak

Migrazio prozesuetan laguntza eskaintzen eta immigranteen gorabeherak ilunpetik ateratzen aritzen dira Reimberg eta Ronquillo; andrazko etorkinekin, bereziki. Argi dute sendiak batzeko giltzarria dela aholkularitza.

Biak etorkinak dira. Badakite zer den kanpokoak izatea, besteak izatea. Soraya Ronquillo (Tingomaria, Peru, 1961) eta Katia Reimberg Castello Branco (1977, Sao Paulo, Brasil) dira, Bidez Bide elkarteko kideak. «2009an sortu zen elkartea, emakume etorkinei ikasketen homologazioan laguntzeko asmoz», gogora ekarri du Ronquillok. Apurka, hedatu ere egin zuten jarduna. Indarra jarri dute, esaterako, Latinoamerikako andrazko etorkinen errealitatea erakusteko dokumentalak egiten —usu zaintza lanak haien esku geratzen direla berretsi du Ikuspegi immigrazioaren behatokiak azken txostenean—. «Garrantzitsua da gure kaleetan aitona edo amona bat zaintzen ari den andre horren errealitatea zein den jakitea; hark ere badu bere istorioa. Zer dago pertsona horren atzean? Zein da? Bakarrik dago? Han utzi ditu seme-alabak?». Azaldu dute lan asko itaun horiei erantzuten egin dutela urteotan, eta familiak batu nahi dituzten etorkinei laguntza eskaintzen. Horretarako ehundu zuten 2012. urtean Zure Ondoan programa.

Gehienetan, zer-nolako arta behar izaten dute familia batzekoak diren etorkinek?

SORAYA RONQUILLO (S.R.): Guk garrantzi handia ematen diogu prebentzioari, prozesuaren prestaketari. Oso prozesu garrantzitsuak dira, eta helduek prestatu egin behar dute horretarako. Migrazio prozesuek kultura berri batera etortzea dakarte usu: familia eta adiskideak uztea, sorterria, hango usainak… Dolu hori bizi egin behar da. Andre edo gizon batek geratzea erabakitzen badu, eta gurasoa bada, oso ondo prestatu behar du familiarekiko bat egitea, berriro elkartze hori ahalik eta ondoen egiteko. Demagun guraso horrek 4 urterekin utzi zuela umetxo bat, eta orain, ondora dakarrenean, 12 dituela… Urte askotako etena dago hor, eta berriz elkar ezagutu beharko dute, berriz eraiki beharko dute batzen dituen lotura; gure ustez, hori hobeto egin daiteke profesionalek lagunduta. Garrantzitsua da, esaterako, adingabeak badatoz, zein adin duten ongi aztertzea, eskolan ikasturtea hasieratik abiatu ahal izango duten ikustea, zein hizkuntza eredu hautatuko duten ongi aztertzea. Guk, ahal dela, D ereduaren aldeko hautua sustatzen dugu…

Baina 15 urteko nerabe bat badator, ez da erraza, ezta?

S. R.: Adinaren araberakoa da, bai. Malgu jokatu behar da halakoetan. Baina garrantzitsua da, oro har, helburu akademikoez harago ere begiratzea. Aintzat hartu behar da adingabe horiek dolu prozesu bat pasatu beharko dutela, eta, adingabeak diren heinean, horri aurre egiteko baliabiderik ez dutela sarri. Atzean utzi behar dute sorterrian izan duten zaintzailea, hango adiskideak, eta urte askotan ikusi ez duten guraso batekin bat egitera datoz. Denbora eskatzen du horrek, eta ondo prestatu behar da horretarako. Andreen kasuan, askotan erruduntasun handi bat sentitzen dute seme-alabak han utzi dituztelako.

Eta erru sentimendu horrek asaldatuta, andre asko ikusten dituzue edozertarako prest haurrak ekartzeko?

S. R.: Jakina. Andre askok hemen geldituko direla erabakitzen dutenean ekarri nahi dute familia. Bidezko desioa da. Seme-alabak nerabeak badira, ordea, galdetu egin behar zaiela esaten diegu.

Etorkin askoren egoera da egoiliar ari direla lanean. Egoera horretan, noiz egongo dira seme-alabekin?

Andreen kasuan, askotan erruduntasun handia sentitzen dute seme-alabak han utzi dituztelako

Soraya Ronquillo

«Etorri nahi duzu?». Zintzurrean korapiloa sortuko duen galdera bat izango da guraso askorentzat, ebakitzen aski zaila…

KATIA REIMBERG (K.R.): Bai, baina egin egin behar da. Nik, elkartean artatzen ditugun emakumeei so, argi-argi ikusten ditut amatasunaren inguruan dauden ideiak; ama izateko era bat gailentzen da, eta emakume askok porrot gisara sentitzen dituzte hortik apartekoak. Fantasia handiak eraikitzen dituzte usu seme-alaben etorreraren inguruan, eta ikusten badute haiek ondora ekarri eta hilabetera itzuli egin nahi dutela, porrot egin dutela sentitzen dute. «Ez naiz gai guraso gisara». Eta argi izan behar da seme-alabekin berriz lotura osatu behar bada gorabeherak izaten direla sarri askotan bidean. Halakoak erruduntasun handiarekin bizi dira, ordea; guztiz sozializatuta dago amatasun eredu bat, eta ez da aintzat hartzen umeak hazteko hainbat era egon daitezkeela.

Badira aski baliabide familia horiei arreta egokia emateko? Bidean laguntza eskaintzeko?

S.R: Gizarte zerbitzuetan, hainbat udalerritan, psikologo komunitarioak-eta badira. Guk Zure Ondoan programa genuen propio halakoetarako, baina bertan behera utzi behar izan genuen, diru laguntzarik ez genuelako. Baina sendiei esaten diegu joateko gizarte zerbitzuetara: azaltzeko nola dauden, eta eskatzeko laguntza. Garrantzitsua da arazo handiak —elkar ez ulertzea, arbuio keinuak, bortxa…— agertu aurretik eskatzea laguntza, baina prebentzioak ez du askorik funtzionatzen. Askotan, egoerak gainezka egin dienean jotzen dute familiek laguntza eske…

Legeak familiak batu ahal izateko ezartzen dituen baldintzak ez dira batere samurrak. Horiek bete ezin, eta turista gisara ekartzen dituzte askok senitartekoak: legez kanpo. Kasu etsi asko ikusten dituzue?

S. R.: Bai, eta, legezko prozesuaz gain, horrek dakarren alde emozionala ere landu egin behar da…

K. R.: Etorkin asko, esate baterako, egoiliar ari dira lanean: etxeko lanetan, eta hantxe bizitzen, zaintza lanetan gehienetan. Egoera horretan, noiz egongo dira seme-alabekin?

K. R.: Bai, eta guk horretan pentsatzera animatzen ditugu prozesuan dauden pertsonak.

Guztiz sozializatuta dago amatasun eredu bat, eta ez da aintzat hartzen umeak hazteko hainbat era egon daitezkeela

Homologazioak ez dizkizu konponduko arazoak, baina ezinbestekoa da zaintza lanen eremu hertsitik ateratzeko

Katia Reimberg

Argudiatzen duzue aurreiritzi gehiegi daudela emakume horien inguruan. Esaterako?

K. R.: Utz diezaiogun mitifikatzeari; hona datozenak ez dira behartsuenak. Migrazio prozesua hasten duenak badu zerbait, badu oinarri bat; etxe bat edo auto bat bahian emateko era izan du, diru kopuru bat eskuratzekoa, zor bat bere gain hartzekoa…

S.R: Zaintza lanetan ari diren emakume askok adierazi digute han debalde egiten zuten lana pagatu egiten dietela hemen: «Hemen pagatu egiten didate zaintzeagatik». Badira emakumeak, era berean, Latinoamerikan etxeko lanetan ari zirenak, baina hemen askoz ere diru gehiago irabazten dutenak jardunbide horretan aritzeagatik. Baina, egia da, jende behartsuena ez dator. Emakume asko etortzen dira, esaterako, seme-alabek unibertsitate ikasketak egin ahal izan ditzaten. Asko bikotekiderik gabe etortzen dira, edo, behin hona etorrita, hautsi egiten dute harremana…

Bakarrik etortzen diren andreentzat, garrantzitsua izango da, seme-alabak ekarri nahi badituzte, ume horien aitekin horri buruzko akordio bat lortzea…

S. R.: Bai, andrazko gehienen lehenengo asmoa ez da izaten geratzea. Gehienak, hasieran, bolada baterako etortzen dira; asmoa izaten da hona etortzeko sortu duten zorra pagatzea, diru pixka bat aurreztea, eta itzultzea… Baina migrazio prozesua ez da lerro zuzen bat: aldatuz joaten da. Etorritakoan jakiten dute hiru urte egiten badituzte eta kontratu bat eskuratzen badute paperak lor ditzaketela. Behin urrats hori eginda egiten dute gehienek lehen bisita sorterrira, eta, prozesu horri atxikita, migrazio proiektua birformulatzen dute askok… Geratzea erabakitzen badute, orduan hasten dira sendia batu behar dutela pentsatzen. Maiz umeen aitekin negoziatu behar dute orduan.

Zaintza lanetan jardun beharrean daude usu andre etorkinak. Zail da binomio hori hausten…

K. R.: Bai; ikusten ari garen kasu askotan, seme-alabak dituzten andreek, edo ahizpa gazteagoak dituztenek, diruz lagundu dituzte seme-alaben edo senide gazteagoen ikasketak; baina, gero, ikasketak egin dituzten andre gazteago horiexek datoz amak edo ahizpak ordezkatzera etxeko langile egoiliar gisara dituzten lanetan. XXI. mendeko esklabotza da langile egoiliarrena, eta horrelaxe betikotzen ari da zirkulu bat. Horregatik ari gara bultzatzen etorkinak haien tituluak homologatzera…

Prozedura zailak izaten al dira ikasketak homologatzekoak?

K. R.: Karreren araberakoa da. Batxilergoa bitarteko tituluak homologatzea errazagoa da, baina unibertsitate tituluetan egoera aski ezberdinak izaten dira.

Homologazioa lortu eta gero, paradoxa bat sor daiteke. Homologazioa izan arren, paperik ez izatea eta legez kanpoko egoera batean jarraitzea, lanik egin ezinik…

K. R.: Ez da panazea, baina aukerak irekitzen ditu. Nik nire batxilergoa homologatzen badut, esaterako, lanbide heziketarako atea ireki nezake, eta lanbide heziketarako atea irekita, adibidez, praktikaldi bat lor dezaket… Hiru urte pasatuta paperak ere eskuratzen badituzu, ate berriak zabal ditzakezu. Homologazioak ez dizkizu konponduko arazoak, jakina, baina zaintza lanen eremu hertsitik atera nahi baduzu, ezinbestekoa da bide hori.

Latinoamerikako andreekin jardun duzue zuek, bereziki. Hego Ameriketako sendi askotan, haiek dira migrazio prozesua hasten dutenak. Beste kontinente batzuetan, ohikoagoa izaten da aurrena gizonak etortzea, eta haiek batzea gero familia. Horrela datozen andreen errealitatea ezezagunagoa da?

S. R.: Afrikatik abiatzen diren migrazio prozesuetan, esaterako, gizona izaten da etortzen lehena, eta hark gero egiten du familia ekartzeko ahalegina. Gizarte aski matxistetatik datoz askotan. Guk, hala ere, ez dugu erlazio handirik familia horiekin…

K.R.: Ditugun kontaktu apurren arabera, familia horietan andreek, etorri eta gero ere, lehengo rolari eusten diote, sorterrian baleude bezalaxe. Etxeko lanetan aritzen dira sarri; gizonak hornitzen du etxea diruz, eta gizonak erabaki zuen emaztea eta seme-alabak nora ekarriko zituen. Ondoren, andre asko etxean daude, umeak zaintzen, janaria prestatzen… Zenbait saiatzen dira lanbideren bat aurkitzen, baina ez da erraza; jendeak, oro har, nahiago izaten du andre latinoak kontratatzea: kultura eta hizkuntza aldetik, gertuago ikusten dituzte.

«Banatuta: burua hemen, bihotza han»

Glenda Azucena Rodriguez

Bidez Bide elkarteko kideak

Auzitegi psikologian aritzen zen, baina sorterrian oro har soldatek duten ordain urritik ihesi utzi zuen Nikaragua. Semea haur utzi zuen. Orain ekarri du ondora: nerabetuta. Bide ofizialetik at egin du.

Glenda Azucena Rodriguez naiz. Glenda esan ohi didate, baina, hona etorri nintzenetik, usuago naiz Azucena; jendeari arraroa egiten zaio Glenda». Irunen (Gipuzkoa) mintzo da, igande arratsalde batean; familia batean etxeko langile dihardu: orduantxe izaten du ordu pare bateko atsedena. «1979an jaio nintzen, Ocotal Nueva Segovian, Nikaraguan. Handitzean, hiruburura joan nintzen; Psikologiako lizentzia lortu nuen. Gero, elkarte feminista batean jardun nuen; auzitegi psikologiara bideratu ninduten han. Unibertsitatean irakasle jardun nuen, Poliziarentzako ere bai lanean». Euskal Herrira zerk ekarri zuen azaltzean, beharra hitza nabarmendu du: «Lana besterik ez nuen egiten han, igande eta guzti, baina soldatak oso apalak dira. Ez nuen inoiz usteko alde egin beharko nuenik, baina beharrak bultzatu ninduen, nire beharrek, semearenek: gaixotu egin zen, eta premia genuen». Hark 7 urte zituenean hasi zuen migrazio prozesua, mutikoa amaren —amonaren— zaintzapean utzita.

Semeak konfiantza gehiago du amonarekin nirekin baino. ‘Mami’ esaten dio hari. Ez nuen haren izaera ezagutzen

Glenda Azucena Rodriguez

Paperik gabe lanean jardun zuen hiru urtean. «Astelehenetik astelehenera». Egoera arautzea lortu zuen arte. Orduan bururatu zitzaion lehen aldiz, aukera gisara, semea ekartzea: ez zalantzarik gabe. «Euskararen gaia traba gisara ikusten nuen; hemen eduki ohi dudan lan klasea ere bai». Galdera egin zion semeari: «Etorri nahi duzu?». 10 urte zituen. «Ezetz esan zidan. Ikusi zuela telebistan euskaraz hitz egiten zela hemen, ez zuela nahi». Ez zen samurra izan erantzuna: «Nik beti honelaxe esplikatu dut: banatuta zaude; burua hemen, bihotza han». Onartu du, dena dela, lehen urteetan ezingo zuela umerik izan ondoan. «Usu, zor batekin etortzen gara. Han irabazten dugunarekin, dirua aurreztea zaila da. Hegazkinerako dirua behar da, turista gisara zatozela erakusteko dirua… 3.500 dolarreko zorra ekarri nuen. Huraxe pagatzea izan zen aurreneko lanetako bat: urtebete behar izan nuen. Atera kontuak: etorri berritan, 700 euro kobratzen nituen; hortik atera behar nuen dirua zorra pagatzeko, etxekoei bidaltzeko, eta hemen bizileku nuen logela pagatzeko… Neronek ere ez dakit nola egiten nuen. Horrela semea ekarri?». Urte asko, gainera, egoiliar egin zituen; lantoki zituen etxeetan bizitzen, bizimodu lotuan.

Iaz, ordurako nerabe, berriz egin zion proposamena semeari: «Oraingoan, ekinaren ekinez jardutea ebatzi nuen. Nikaraguara joan nintzen; pasaportea egin nion. Bueltan, atzerritarrentzako bulegora joan nintzen, semea nola ekar nezakeen galdetzera. Esan zidaten etxe bat eduki behar nuela, nomina on bat. Hilero, etxeagatik pagatzen nuenaz gain, 800 euro geratu behar zitzaizkidan. Ezinezkoa zen niretzat. Etxeko langile batek mila euro kobratzen baditu, nola lortu zifra horiek? Mundua gainera erori zitzaidan. Horregatik, turista gisara ekartzea pentsatu nuen». Legez kanpo ekartzea. Halaxe etorri berri zaizkio ama eta semea.

Euskararen gaia traba gisara ikusten nuen semea ekartzeko; hemen eduki ohi dudan lan klasea ere bai

Glenda Azucena Rodriguez

Ez dudarik gabe; paperik gabe ibilia da bera, eta ongi daki ez dela samurra. «Irunen, gainera, polizia asko dabil; ni, behin, atxilotu ninduten paperik ez nuelako. Beti esan diet kontuz ibiltzeko, ez nabarmentzeko». Nolanahi ere, semeari eskolan-eta egin dioten harrerari begira, eskubide osoko herritar dela sentitu du; pozik dago.«Izan ere, nik beti esan dut ekartzekotan hobetzeko ekarriko nuela. Semea erosotasun guztiekin bizi izan da orain arte: ez nuke nahi okerrera egiterik». Urteotan, aparteko keinu zatarren bat alde batera utzirik, arrazakeriarik ez du atzeman; klasismoa erakuts lezaketen hitzak bai. Berriki, semea etorritakoan, esaterako. «’Non ikasten du?‘, galdetu izan didate. Nik: ’Lasallen’. Muturra jiratu izan didate halakoetan; izan ere, Lasallera gehienetan maila ekonomiko jakin bat duen jendea doa, hilabetero diru kopuru bat pagatu behar delako bertan. ‘Eta gainditu du ikasturtea?’, galdegin izan didate. ‘Bai’, nire erantzuna. ‘Eta? Zer egingo du orain? Lanean hasiko da?’, horra galdera. ‘Bada, ez, batxilergoa egingo du, eta unibertsitatera joango da’. Nire etxean denok joan gara unibertsitatera. Nire semea zergatik ez?».

Bizimodu berria

Amarekin eta semearekin bizi da orain: bizimodu berrian. «Oraino ere astelehenetik astelehenera ari naiz lanean, baina orain ja ez nago egoiliar. Saiatzen naiz hainbat ordu egiten etxean, familia giroan». Onartzen ditu zailtasunak. «’Sentitzen dut puzzle bat dela hau; nik ez dudala tokirik bertan’, esan zidan semeak etorri berritan. ‘Eta ez bada egokitzen?’. Galdera hori beti dabil buruan». Berriz guraso izatea ere ez da erraza. «Konfiantza handiagoa du amonarekin nirekin baino», onartu du. «Mami esaten dio hari». Ulertzen du:«Nik ez nuen haren izaera ezagutzen, zaletasunak ere ez. Atera kontuak, falta izan nintzen urteetan bi bisita besterik ez nuen egin, berrogei egunekoak. Lehenbizikoan, elkar ikusi gabe ia lau urte egin eta gero, nire itxuraz oroitu ere ez zen egiten».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)