Gutxienez 57 lagun hil dira eta 13 galdu, ontzi bat hondoratuta

Gehiegi zamatzeagatik gertatu da ezbeharra

Berria, 01-04-2006

erredakzioa

Ehun pertsonarentzako tokia zuen ontzian 130etik gora zihoazela adierazi zuen atzo herenegun gauean hondoratutako ontziaren jabeak, Isa al Kosaibik. Bahraingo kostaldean Manama hiriburuaren eta Al Muharrak uhartearen artean gertatutako ezbeharra ez da halakoetan lehena; izan ere, munduan barrena maiz gertatzen dira horrelako istripu eta tragediak. Herenegungoan, gutxienez 57 pertsona hil eta 13 desagertu ziren. Beste 63k zorte hobea izan zuten, bizirik atera baitzituzten uretatik. Bidaiariak festa bat egitekoak ziren Yanoosh ontzian, Bahraingo World Trade Centerreko egitura eraikitzen bukatu zutela ospatzeko.

Bidaiari gehienak atzerritarrak ziren. Hilen artean, besteak beste, 17 indiar, 13 britainiar, lau hegoafrikar, hiruna pakistandar eta filipinar eta irlandar eta alemaniar bana zeuden. «Kapitainak, ontzian zenbat pertsona zeuden eta zenbateko kargamentua igo zuten ikusi zuenean, ez zuen itsasoratu nahi izan, baina festaren antolatzaileek abiatzeko eskatu zioten», azaldu zuen Yasnoosh ontziaren jabeak. Haatik, abiatu eta gutxira, 21:45ean (19:45 Euskal Herrian), irauli zen itsasontzia, ez oso ur sakonetan.

Deusetarako astirik ez

Lekukoek adierazi zuten abiatu aurretik ontzia gehiegi zamatu zutela zirudiela. Ontzian izan zen Indiako tabernari batek azaldu zuen olatu batek jo ondoren ontzia balantzaka hasi zela. «Hozkailua eta labea ontziaren alde batera lerratu ziren, eta gainzama horrekin ontziak ezin zuen tente jarraitu, eta irauli egin zen». Gainera, abiatu aurretik ontziaren goiko bizkarrean ez pilatzeko ohartarazi zien Hegoafrikako eskifaia batek bidaiariei. Lekukoen esanetan, mikrofonoa hartu eta behera jaisteko agindu zien, «ontzia balantzaka ari zela ikusirik». «Ontzian salbamendu – jakak zeuden, baina ontzia bizkor irauli zen. Ez zegoen horiek janzteko astirik».

Khalil Mirza bahraindarra bizirik atera zen eta honela deskribatu zuen jendeak izan zuen izua: «Jendea ikaratuta zegoen uretan, [ur gainean mantentzeko] elkarren artean borrokan eta garrasika ari ziren». Festara hainbat jende gonbidatuta zegoenez eta bidaiari zerrendarik ez zegoenez, hildako eta desagertutako batzuk identifikatzeko zailtasunak zituzten salbamendu taldeek. Bahraingo Gulf News egunkariaren arabera, halere, ontziko festarako gonbidatu guztiak emakumezko eta gizonezko helduak ziren. Bahraingo Kostazaintzako buru Jussef al Gatimek jakinarazi zuen festara 150 pertsona zeudela gonbidatuta, baina 15 – 20 batek ontzia abiatu aurretik lehorreratu zirela. Bi hilabete lehenago Egiptoko ferry bat ere hondoratu zen Itsaso Gorrian, Saudi Arabiako Duba portutik Egiptoko Safaga portura zihoala. Ezbeharrean 1.000 pertsona inguru hil ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)