Mundua

Al-Aqsara sartzeko metal detektagailuak kendu eta beste neurri batzuk hartuko ditu Israelek

Berria, Berria, 25-07-2017

Teknologia berrietan oinarritutako neurriak hartzea erabaki du bart Isralego Segurtasun Gabineteak. Meskiten zelaiguneko detektagailuak kentzen hasiak dira jada, baina harantza sartzeko oztopoek segitu egingo dute. Protesta eta liskar ugari eragin ditu azken egunetan Israelek otoitzerako zelaigunean azaldutako jarrerak. Ostiralean, esate baterako, Israelek Jerusalemgo Hiri Zaharreko Meskiten Zelaigunea zenbait egunez itxita eduki izanaren aurkako protestak egin zituzten Palestinako zenbait hiritan, eta Isralego Poliziak gutxienez hiru palestinar hil zituen.
Orain, kendu egingo dituzte metal detektagailuak, baina beste segurtasun neurri batzuk hartuko dituzte. Bart, bilera egin zuen Israelgo Segurtasun Kontseiluak, eta detektagailu horiek kentzeko erabakia hartu zuten, teknologia berriak baliatuz erabil daitezkeen segurtasun neurriak hobetsiz. Datozen sei hilabeteetarako “beste neurri batzuk” iragarri dituzte.
Zelaigunearen aurkako neurriak aurreko asteburuan hartu zituen Israelek. Uztailaren 14an, Palestinako hiru gaztek Hael Satawi eta Kamil Shanan Israelgo bi polizia arabiar hil zituzten Hiri Zaharrean. Segurtasun indarrek gazteak hil zituzten, erasoaren ondoren. Poliziak eremura sartzeko baimena galarazi zuen, eta barruan dagoen Al – Aqsa meskitan otoitz egitea debekatu. Atarian metal detektagailuak ezarri eta gero, sarrera baimendu zuen. Neurri horrek samina eragin du musulmanen artean, zigor kolektibotzat hartu baitute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)