Hegoaldeko muga (I). Heriotzaren itsasartea

Afrika eta Europa, hurrean eta urruti

Azken hogei urteetan ia 5.946 errefuxiatu hil dira 14,4 kilometroko itsasartea zeharkatzeko ahaleginean. Afrika iparraldean ehunka lagun daude itsaroratzeko zain, irauten, baldintza gogorretan oso.

Berria, Kristina Berasain Tristan, 11-07-2017

Liman Boisha poetak idatzi zuen musukatzera doazen bi kontinente izan zitezkeela Afrika eta Europa: «Musu batek, musu bakar batek banatzen ditu Afrikaren ahoa eta Europaren ezpainak». Eta halaxe da, olerkari sahararrak dioen bezala. Afrikak eta Europak ia bat egiten dute hemen, mutur estu honetan, kasik elkar ukitzeraino. Amestea ere erraza da paraje iradokitzaile honetan; ametsen itsasartea izan zitekeen, heriotzarena ere baden arren. Tangerko Kashbatik iparraldeko eta hegoaldeko itsasertzak parez pare ikusten diren bezala, bi mundu bizi dira hemen, aurrez aurre, hurrean eta urruti.

Amadouren kontakizuna entzutean ohartzen da bat zeinen korapilatuta dauden ametsak eta amesgaiztoak, ilusioak eta tragediak, bizitza eta heriotza. Heriotza. Aski da mutikoaren begietara begiratzea haren arrastoa ikusteko. Astebete pasatu du plastikozko ontzi batean, noraezean, itsasoan jitoan. Zortzi lagun itsasoratu ziren, eta lau baino ez daude bizirik. Abiatu eta biharamunean, olatu batek hiru lagun eraman zituen. Tangerko ospitalean dago Amadou. Oinak handituta, sukarrarekin, gorputza eskaraz betea eta ezpainak eta begiak zauriz. Negarrez hasi da.

Tarifatik Tangerrera ferryan iristeko, aski dira 45 minutu eta 35 euro. Kontrako norabidean, heriotza izan daiteke zeharkaldiaren prezioa. Gibraltarko itsasarteak 14,4 kilometro baino ez ditu, 7,7 itsas milia, baina gertu bezain urrun egon daitezke bi kostaldeak, zein norabidetan egiten den zeharkaldia, zein den jatorria, zein azalaren kolorea. Amadou pobrea da. Eta beltza. Eta iparraldera egin nahi du.

Kamerundik abiatu zen, 17 urterekin. Eta Tangerrera iritsi ostean itsasoratu zen. Ahapeka ari da. Zeharkaldiko laugarren laguna goiz batez hilik aurkitu zuela dio: «Hiru egun generamatzan jitoan, eta bat-batean ontzi bat ikusi genuen: Guardia Zibila zen. Zodiak batean gerturatu ziren, ura eman ziguten, eta baita gaileta batzuk ere. Gure bila etorriko zirela agindu ziguten. Oraindik bost ginen».

Seigarren gauean hil zen laugarren gaztea: «Esnarazten saiatu nintzen, baina hilda zegoela ohartu nintzen». Merkantzia ontzi batek bistaratu zituen zazpigarren egunean, eta oraindik ere orduak pasatu ziren erreskatatu zituzten arte. Larachen lurreratu zituzten, eta polizia etxera eraman. Lau egun pasatu zuten han, lurrean, aske utzi zituzten arte. Tangerrera itzultzean eraman zuten ospitalera hilzorian zegoen gaztea.

Urezko hobi komuna

Mendebaldeko Mediterraneoan hil diren milaka errefuxiatuetako bat izan zitekeen Amadou. Iaz 295 desagertu ziren. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Erakundeak zenbatutakoa da datua, baina gehiago ere izango zirela ohartarazi dute, ezen hildako bakoitzeko beste bi lagun desagertzen direla uste baitu OIM Migrazioen Mundu Erakundeak. Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean 5.946 lagun hil dira azken hogei urteetan. Mediterraneoa hobi komun bat da tarte honetan ere. Libiatik Italiarako zeharkaldia da gaur egun gehien erabiltzen dena —urte hasieratik 75.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira—, iaz Turkiatik Greziarakoa izan zen bezala, baina tarte mehar honetan ere, heriotzek, olatuek bezala, ez dute etenik. Iaz desagertutako 295 lagunetatik soilik 36 aurkitu zituzten.

Europaren atarian, hegoaldeko mugan, kontinente zaharrak eta kontinente beltzak ia bat egiten duten lekuan, lausoa da tragediaren eta itxaropenaren arteko muga. Espainiako itsasertzera 5.700 lagun baino gehiago iritsi dira aurten txalupetan —2016an, 6.508 lagun iritsi ziren urte osoan, eta 2015ean, 5.312—. Ekainean bakarrik, 500 errefuxiatuk gurutzatu dute itsasartea. Egunero egin dira erreskateak.

«Nire lagun batek esaten duen bezala, lotsaren 14,4 kilometroak dira hauek». Patu ari da hizketan. Europa egiten du heriotzen erantzule: «Errefuxiatu eta immigranteen kontrako gerra abiatu du, eta beste alde batera begiratzen du bere atarian gertatzen ari den tragediaren aurrean».

Mesnnana auzoko etxe batean dago, itsasoratzeko zain dauden errefuxiatuekin solasean. Alarm Phone erakundeko txartelak banatzen ari da, itsasoan alerta eman dezaten. «Auzoetan eta basoetan daudenei erreskateak nola egiten diren azaltzeaz gain, gure zenbakia ematen diegu. Normalean sakelakoak eramaten dituzte, GPS lokalizadorearekin».

Bitan saiatu da bera itsasartea zeharkatzen, baina bietan harrapatu zuten itsasoratu aurretik, hondartzan. Marokon bizitzeko paperak ditu orain, erregeak egindako azken erregularizazioari esker, eta berriz itsasoratzeko batere asmorik gabe, errefuxiatuak laguntzen dabil orain: «Badakit zer sentitzen duten, eta haien artean beste bat naiz ni. Bide zail bat egin dugu denok, eta bideak elkartu egin gaitu. Curriculum bera dugu».

Itsasoratzeko nola antolatzen diren azaldu du: «Toy bat erosten dute zortzi bat lagunen artean, eta egurrezko arraunak egiten dituzte. Hondartzara gerturatuko dituen gidariari 1.500 dirham ordaintzen diote, eta gauez itsasoratzen dira, militarrek ikusiko ez dituztelakoan». Tangerko Carrefourren 300 euroren truke eskuratu daitekeen txalupa 90 eurogatik eros daiteke Espainian. Iparraldea-hegoaldea dikotomiaren paradoxetako bat da, baina ez bakarra.

Paradoxak

Errefuxiatuek Espainiaren eskumen diren uretan daudenean ematen dute alerta. «Marokoko uretan daudenean saiatzen dira inork ikus ez ditzan, baina behin muga hori pasatzean, kontrakoa egiten dute; alerta ematen dute, erreskata ditzaten». Patuk dio zaila dela jakitea zehazki zer gertatzen den behin uretan daudenean: «Marokoko militarrek, batzuetan, diruaren truke, ez ikusiarena egiten dute itsasoratzen direnean, baina ezinezkoa da jakitea zer gertatzen den itsas zabalean».

Espainiako Gobernuak berriki aitortu behar izan du Guardia Zibilak paterak blokeatu izan dituela itsasoan militar marokoarrak gerturatu arte. Espainiak 12 milia arteko eskumena dauka itsasarte zabalenean, baina 24 miliara ere sartu daiteke erreskateak egitera, itsasoan giza bizitza segurtatzeko nazioarteko hitzarmena bermatzeko, munduko eskubide zaharrenetakoa. Kontua da askotan ez dela sartzen. Eta Marokok ere ez duela eskubide hori bermatzen.

Amadouk bizi izandakoa azaldu dezake horrek. Guardia Zibila txalupara gerturatu zen, baina gero ihes egin zuen, ustez militar marokoarrak joango zirelakoan. Horrelako egoerak ez dira bakanak. Rabaten agertutako gorpuez ere mintzo da Patu: «Jostailu bat diren txalupa horiekin ezinezkoa da kostalderaino iristea. Tarifara, urte hauetan guztietan, bi edo hiru toy baino ez dira iritsi beren kabuz. Itzela da itsasoa; itsasaldiak, haizea, olatuak… Eta oso nekeza da; hainbat orduz egoten dira arraun egiten, etenik gabe, akitu arte, eta gehienek ez dakite igerian».

Itsasoko zeharkaldia basamortukoarekin alderatu du Patuk: «Eromena da desertua zeharkatzea. Ez dakizu nora zoazen, hondarra baino ez duzu ikusten, egun bat eta beste bat, urik gabe, norabidea galduta. Nik gurutzatu nuenean hamar lagun hil ziren».

Bidearen arriskua poltsikoan duzun diruaren araberakoa dela dio: «Afrika iparralderaino hegazkinez, autobusez, autoz edo oinez etor zaitezke, mafiei ordaintzeko dirua badaukazu hobe, nahiz eta laranja edo banana bat bezala tratatzen zaituzten. Denek eskatzen dute dirua: hau negozio bat da».

Buhahlefera ere joan da Patu, Tangerko beste auzo pobreenera. Marokoko Poliziak sarekada handiak egin izan ditu hemen errefuxiatuak atzemateko. Harrizko eta lurrezko kale estuetan, adreiluzko eraikin eskasetan, kontinenteko herrialde ezberdinetatik iparralderaino iristen diren lagun ugari bizi dira hemen, baldintza ankerretan, klandestinitatean, dirua eskatzen. Zortzi-hamar lagunen artean gela bat partekatzeko aski diru ez dutenen egoera ankerragoa da. Dijongo basoan, hiriaren kanpoaldean, aireportutik gertu, 25-30 lagun bizi dira, sasiartean.

Tangerko klandestinoak dira. Amadou bezala. Ikusezinak medina exotikoan. Bi milioi biztanleko hirian mila eta bi mila errefuxiatu artean daude, irauten, baldintza latzetan, hiriko hazkunde ekonomikoa loratzen ari den bitartean —%20 da urteko hazkunde tasa—.

Amadou ez da berriz itsasoratuko. Beliones eta Castillejos basoetara gerturatuko da egunen batean. Handik Ceutako hesia zeharkatzen saiatuko da, baina, hori ere itsasoa bezain makurra izan daiteke. Marokoko poliziek sarekada handiak egin dituzte han, eta ia hutsik daude basoak. Ekialderago, Nadorren, antzekoa da egoera. Gurugu hustu ostean, hegoalderago dauden basoetan babestu dira 1.500-2.000 errefuxiatu. Amadouk hesi bat du zain.

Frank. Ruanda, 19 urte

«Europan sartzea da nire ametsa, Chelsea futbol taldean jokatzea»
«Gerrarengatik egin nuen ihes. Hutuek nire familiari eraso zioten, eta ama gerora hil zen, penaz, ni ume bat nintzela. Ruanda oso gaizki dago: hondamendia da. Nazkagarria da gerra».

«Urtebete daramat Tangerren. Europara sartzea da nire ametsa, Chelsea futbol taldean jokatzea. Bitan saiatu naiz Ceutako hesiaren gainetik salto egiten, baina guardia zibilek harrapatu eta jipoitu egin gintuzten. Casiagoko basoan hamar egunez egon nintzen, baina janaririk ere ez genuen. Orain, Dradeseko merkatura joaten naiz; erosleei poltsak eramanez edo saltzaileei lagunduz 25-30 dirham lortzen ditut. Messana auzoan bizi naiz, bederatzi lagunekin gela bakar batean».

Abdala. Senegal, 24 urte

«Medinan egoten naiz, goizetik gauera, eskumuturrekoak saltzen»

«Etxetik abiatzean, aitak, ebanozko bi lepoko hauek jantzi, eta esan zidan beti eramateko nirekin, babestu egingo nindutela, zortea emango zidatela. Etorkizun hobe baten bila abiatu nintzen Senegaldik. Arrantzalea nintzen, baina apenas irabazten nuen ezer, eta mundua ikusi nahi nuen, nire patuaren bila abiatu, eta horretan nabil; ez dakit bizitzak nora eramango nauen, baina egunen batean itsasartea gurutzatuko dut. Oraindik ez naiz saiatu».
«Tangerreko medinan egoten naiz, goizetik gauera, eskumuturrekoak saltzen. Marokoarrak oso arrazistak dira; beraz, turistei bakarrik saltzen dizkiet. Nik 5ean erositako larruzko eskumuturreko bakoitzeko 10 dirham eskatzen ditut.

Iren Kamerun, 32 urte

«Kamerundik Aljeria arteko zeharkaldia ez zait sekula ahaztuko»

«Kamerundik Aljeria arteko zeharkaldia ez zait sekula ahaztuko. Saharako basamortua zeharkatzeko 30 lagun sartu gintuzten jeep batean. Goizaldean abiatu, eta desertuan egiten genuen lo. Gure artean hitz egiten bagenuen, trafikatzaileek pistolekin jotzen gintuzten. Emakume bakarra zetorren, eta bortxatu egin zuten. Aljeriako lehen argiak ikustean, bakarrik utzi gintuzten; oinez egin genituen azken 30 kilometroak».

«Bost urte daramatzat Marokon. Bost bider saiatu naiz itsasoa gurutzatzen. Ziberkafe batean aritu naiz lanean, baina orain langabezian nago. Kamerunen txokolate eta goxoki lantegi batean egiten nuen lan, hilean 100 euroren truke. Lau seme-alabak han ditut».

Check Burkina Faso, 18 urte

«Zazpitan saiatu naiz itsasoa zeharkatzen. Lagunen artean ‘toy’ bat erosten dugu»

«Zazpitan saiatu naiz itsasoa zeharkatzen. Marokoko Poliziak harrapatu gaitu guztietan, batzuetan hondartzan bertan, abiatu aurretik. Zortzi lagunen artean toy bat erosten dugu, eta hondartzara gerturatzen gaituen auto gidariari beste 1.500 dirham ematen dizkiogu. Gauez itsasoratzen gara, arraunean egiten dugu, arraun eta arraun, baina handia da itsasoa, beldurgarria. Hala ere, egunero pentsatzen dut beste saiakera bat egitean; Europara iristeko otoi egiten dut, eta ez dut etsiko lortu arte».

«Burkina Fason ez dago deus. 16 urterekin abiatu nintzen, bakarrik, eta sei hilabete behar izan nituen hona etortzeko. Casiagoko basoan sei hilabetez izan nintzen. Orain, dirua eskatzen dut kalean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)