Migrazio politikak sortu duen «egoera onartezina» salatuko dute Melillan
'Mugak zabalduz' karabanak 450 pertsona izango ditu, 200 Euskal Herrikoak. Uztailaren 14an aterako dira, eta 18an helduko Melillara
Berria, , 09-07-2017Europako mugara eramango dute aldarrikapena, bigarren urtez jarraian. Dozenaka elkartek Melillarako bidea hartuko dute uztailaren 14an (Espainia), Espainiako Gobernuaren eta Europako Batasunaren migrazio politikek «egoera onartezinak» eragin dituztela salatzeko. «Migrazio politika hiltzaileen ondorio dramatikoetan jarri nahi dugu arreta», azaldu dute antolatzaileek. Euskal Herritik 200 pertsona inguru aterako dira. Mugak zabalduz izendatu dute egitasmoa, eta jarraipena emango dio iaz Greziara joan zen karabanari.
Melillarako bidea hartuko duten elkarteen ordezkariek karabanaren helburu nagusiak azaldu zituzten atzo, Bilbon. Eskatu dute errespeta daitezela ihes egin behar duten «milioika pertsonaren» eskubideak. Ildo horretan, antolatzaileek hausnartu dute lotura zuzena dagoela desplazamenduen arrazoien eta Europako agintarien jokabidearen artean: «Europako, Espainiako zein Euskal Herriko gobernuek eta enpresek elikatu dituzten gerretatik ihesi datoz, gosetik, klima aldaketaren ondorioetatik…».
Uztailaren 22ra arte
Uztailaren 14an zortzi autobus aterako dira Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiako hainbat lekutatik. Hilaren 18an Melillara heltzea dute helburu, eta 22ra arte hamaika ekintza eta aldarrikapen egingo dituzte han. Besteak beste, atzerritarrentzako zentro itxietatik gertu elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dituzte, Mediterraneoan hildakoak gogoan hartuko dituzte, eta adingabeen egoera gogoraraziko dute.
(Puede haber caducado)