Errefuxiatuak heldu artean, «estrategia osoa» prestatu du Eusko Jaurlaritzak

Jonan Fernandezek iragarri du litekeena dela 50 errefuxiatu hartzea udan. Aldundien eta udalen arteko lankidetza hobetu nahi dute

Berria, Jon Rejado, 06-07-2017

Eusko Jaurlaritzak «estrategia oso bat» prestatu du «errefuxiatuek Mediterraneoan bizi duten giza krisiari» erantzuteko. Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuak orain arte erakutsitako jarrera «zinez etsigarria» dela hausnartu zuen atzo Lide Amilibiak, Gizarte Politiketako sailburuordeak, Gasteizen eginiko agerraldian. Jaurlaritzak bi helburu ezarri ditu landutako dokumentuan: Europako zein beste herrialdeetako kanpalekuetan dauden desplazatu gehiago hartzea eta harrera egokiagoa eskaintzea. Hori guztia Jaurlaritzak dituen «eskumenen eta gaitasunen barruan» egingo duela argitu du.

Izan ere, orain arteko eskumenen banaketak ez du datu baikorrik utzi. Jaurlaritzak aitortu du lekualdatutako errefuxiatu kopurua txikia dela. 2015eko irailean iragarri zuen Europako edota beste herrialdeetako errefuxiatu kanpalekuetatik 1.000 pertsona hartzeko gaitasuna zuela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gaur egunera arte, 307 toki prestatu ditu. Ordea, urte bat eta zortzi hilabeteren buruan, 50 errefuxiatu baino ez dira heldu, lekualdatuta.

Datu horiek Europako Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren jarrerari egotzi dizkio Amilibiak. Europak bi urtean 182.504 pertsona hartzeko konpromisoa hartu zuen: «2017ko ekainera arte 37.288 baino ez zituen hartu». Espainiako Gobernuak 17.337 lagun hartuko zituela esan zuen, baina, aurtengo maiatzera arte, 1.304 heldu ziren. Sailburuordeak «erantzun eraginkorra» behar dela hausnartu du. Ildo horretan, zehaztu du Eusko Jaurlaritzak «errealitate hori eraldatzen» lagundu nahi duela. Ordea, aitortu du eskumenen banaketak baldintzatzen duela.

Espainiak, alde biko jarrera

Espainiako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko proposamenak jaso ditu dokumentuak. Batetik, errefuxiatu gehiago hartzea proposatu dio Jaurlaritzak, giza korridoreak baliatuta. Proposamena Italian 2016an abiarazitako ekinbidearen ildotik doa. Saint Egidio komunitateak eta Italiako Gobernuak adostuta, 700 pertsonari bide legezkoa eta segurua eskaini zieten Italiara heltzeko. Proposamen horri ezezkoa eman dio Espainiako Gobernuak, «oraingoz». Bestetik, Europako Batasuneko programen bitartez lekualdatuta heltzen diren errefuxiatuen harrera hobetzeko, lankidetzarako proposamena ere jaso du agiriak.

Madrilek aintzat hartu du bigarren proposamen hori. Areago, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak iragarri du «aurki» sinatuko dutela. Akordio horrek «esperientzia aitzindaria» abiaraztea ahalbidetuko du: Jaurlaritzak «lehen unetik» parte hartuko du lekualdatze prozesuetan. Hots, Espainiako Gobernuaren aldi berean jakingo du Araba, Bizkai edo Gipuzkoara joango diren errefuxiatuen ezaugarriak. Orain arte, Jaurlaritzak geroago jasotzen zuen informazio hori. Fernandezek azaldu du horrek hobetu egingo dituela errefuxiatuei eskainitako harrera eta baliabideak.

Akordioak epe laburrean eragina izan dezakeela gaineratu du Fernandezek. Hala, iragarri du litekeena dela kanpalekuetatik lekualdatutako 50 eta 60 errefuxiatu artean Euskal Herrira iristea udan.

Elkarlana hobetu

Espainiako Gobernuarekin negoziatutako proposamenez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta udalen arteko lankidetza hobetzea ere helburu jarri dute. Horren bitartez eragin nahi dute harreren kalitatean, dela aurrez egindako lanean, egokitzapenean, gizarteratzean, edota geroko prozesuan. Horrekin batera, bestelako lan ildoak ere xehatu dituzte dokumentuan, bai giza premiak dauden testuinguruetan eragiteko, baita biztanleen lekualdatzeak ekartzen dituzten gatazken prebentzio ekintzetan laguntzeko ere.

Dokumentuak legegintzaldi amaiera arte iraungo du, baina neurriak urtero ebaluatuko dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)