Lekukotasun gehiago eskoletara

Eusko Jaurlaritzak zabaldu egingo du hezkuntzan bizikidetza lantzeko plana: indarkeriaren biktimak ez ezik, errefuxiatuak ere joango dira, adibidez. Eskolek erabakiko dute zer egin

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 30-06-2017

Eusko Jaurlaritzak hedatu egingo du ikasleek zuzeneko testigantzak entzuteko plana. Hezkuntzan bizikidetza lantzeko proposamen berritua aurkeztu du gobernuak, orain artekoa osatu nahian. Ikastetxeetara joango dira indarkeriaren biktimak aurrerantzean ere, eta beste batzuk ere eraman nahi dituzte: errefuxiatuak, adibidez. Haien lekukotasunaren bitartez, aurre egin nahi diete arrazakeriari eta horrelako jarrerei. Lekukotasunen ildoko beste proiektu bat ere bada, zuzeneko ikaskuntzarekin lotua: bisitak egitea indarkeria gune izan diren Europako tokietara. Zazpi egitasmo aurkeztu ditu Jaurlaritzak. Eta ohar bat: eskola bakoitzak erabakiko du zer egin.

Hezkuntzako eragileekin bilera izan zuten atzo Jaurlaritzako arduradunek: Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak. Plana aurkeztu zieten.

Orain bi agintaldi hasi ziren biktimak eskoletara joaten, Jaurlaritzan PSE-EE zegoela, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburu zela. EAJ gobernura itzuli zenean, ereduarekin segitu zuen, zenbait aldaketa eginda. Batetik, Gizalegez izeneko ituna egin zuten gobernuak eta hezkuntzako hainbat eragilek. Bestetik, testigantzen esparrua zabaldu zuen Jaurlaritzak, Poliziaren biktimak ere sartuta —ordu arte, talde armatuen biktimak ari ziren ikastetxeetara joaten: ETArenak, GALenak eta BVErenak—. Jaurlaritzaren arabera, azken lau urteetan 10.000 ikaslek jaso dituzte testigantzak 82 ikastetxetan.

Lekukotasun baliagarriak

Adi-adian izeneko programarekin joaten dira indarkeriaren biktimak eskoletara, eta «eguneratu» egingo dute. «Zuzeneko lekukotasunak eta grabatuak konbinatuko dira». Mugak baitauzkate: biktima kopuru mugatu bat dute, eta saioak ere ezin ditzakete oldean eman, gaia delikatua baita.

Testigantzak oso baliagarriak dira, Fernandezen hitzetan. «Lekukotasunak, erreminta hezitzaile gisa, oso potentzia handia dauka». Zabaldu egin nahi dituzte: «Bizikidetzaren erronka berriei erantzuten hasi behar dugu». Horretarako, indarkeriaren biktimenez gain, bestelako lekukotasunak ere eramango dituzte eskolara: Euskal Herrira migratzaile iritsi direnenak eta errefuxiatuenak.

Denera zazpi proposamen jarri ditu Jaurlaritzak mahai gainean. Eragileei atzo aurkeztu zien dokumentua, eta irailera arteko epea jarri du ekarpenak egiteko. Testigantzekin batera, bada beste atal esanguratsu bat: «bidaia hezigarriak» egitearena. DBHtik aurrerako ikasleekin egin nahi dituzte, indarkeriarekin edo bestelako arazoekin lotutako lekuetara eramanda. Helburua da «giza eskubideei eta etikari buruz ikastea». 2019an proba pilotu bat egitekoa dute, eta horren ondoren jarriko lukete abian, 2020an.

Egitasmo guztiak eskolen esku utziko dituzte, «erreminta» gisa har ditzaten. Uriarte: «Zentro bakoitzak, bere autonomiaren eta hezkuntza proiektuaren arabera, zehaztuko du zertan aurrera egin nahi duen eta noiz. Ez da inposatze kontua. Kontuz hartzeko gaia da. Pixkana joan behar da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)