Kualifikatutako etorkinak beharko ditu ekonomiak, Orkestraren arabera

Kalitatezko lanpostuak sortu behar direla dio Lehiakortasunaren Euskal Institutuak, eta ongizateari eusteko soldatek igo egin beharko dutela

Berria, , 28-06-2017

Euskal ekonomiaren hobekuntza soziala ez da espero bezalakoa izaten ari krisiaren irteeran. Hala azaldu du Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuak egindako azken ikerketak, eta agintariei «hausnarketa bateratu bat» egiteko eskatu die Maria Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak. Gogoeta horietarako aholku batzuk ere egin ditu Arangurenek, horien artean atzerritarrak erakartzea, ongizate sistemari eutsi ahal izateko.

Bi urtean behin, Orkestrak txosten bat egiten du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak dituen indargune eta gabeziak nabarmentzeko. Horren aurkezpena egin zuen atzo, Deustuko Unibertsitatean. Ekitaldi horretan, ekonomia hobetzen ari dela azaldu zuen Ignacio Maria Etxebarria institutuko presidenteak: «Egoera oso on batetik egoera kritiko batera igaro gara hamar urtean, baina badirudi orain krisi horretatik irteten ari garela». Hori horrela baldin bada, ekoizpen sareak eta batez ere industriak egindako aldaketen ondorio dela azpimarratu zuen.

Azken bi urteetan lanpostuak sortu diren arren, «kalitatezko lanpostuaren sorrera euskal ekonomiak egun duen erronka nagusietako bat» dela esan zuen Arangurenek. Horri aurre egiteko, berehalakoan neurriak hartzeko eskatu zuen, «euskal gizartearen ongizate ereduari zuzenean eragiten diolako». Neurri horietako bat soldaten «hobekuntza» izan beharko litzateke, horiek ordaintzen dituzten zergak direlako gastu publikoaren euskarrietako bat.

Gizartearen zahartzeak ere presio egingo dio ongizate sistemari. «Erretiroa hartzeko adina luzatzeak ez du bermatuko datozen urteetan sortuko diren beharrak asetzea». Horregatik, atzerritarrak erakartzea ere beharrezkoa izango da, «batez ere pertsona kualifikatuak», behin bertara iritsi ondoren kualifikatzen jarraitu ahal izateko.

Egungo ongizate ereduari eutsi ahal izatea zaila ikusten du Arangurenek. Horregatik, egoera hori bideratzeko landu beharreko hiru erronka nabarmendu ditu Orkestraren azken txostenak: enpresen lehiakortasunari eutsi ahal izatea; belaunaldi zahar eta gazteen arteko lankidetza sustatzea lan esparruan: eta hezkuntza eta lan esparruko agenteen arteko elkarlan handiagoa bultzatzea.

Horretaz aparte, behar sozialei aurre egiteko gaitasunak lortzeko berrikuntza mekanismoak martxan jartzeko eskatu zuen Arangurenek, eta, horretarako, garapen ekonomiko eta sozialeko politiken artean harreman estua aholkatu zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)