«Etorkinek balio eta ikuspegi berriak ekartzen dizkigute»

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Aniztasuneko zuzendariak 'Munduko Jendea' jaialdian parte hartu du

Diario Vasco, , 25-06-2017

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Aniztasuneko zuzendariak, Ernesto Sainzek, esker ona adierazi du Euskadira heldu eta «gure lurraldeari balio eta ikuspegi berriak ematen» dizkioten pertsonak integratzeko eta elkarrekin bizitzeko aukera ematen duten elkarte eta pertsonen lanagatik.

Sainzek, gaur, Bilboko Areatzan, ‘Munduko Jendea’ jaialdian parte hartu du; gizarte – sentsibilizaziorako proiektua da eta euskal gizartearen eta Bizkaiko hiriburuan bizi diren etorkinen kolektiboen arteko kultura – ezagutza eta elkarreragina sustatzen ditu.

Lehenengo edizioa duela hamar urte izan zen, eta, orain, ‘Munduko Jendea’ jaialdia ezinbesteko hitzordua da, inklusioa, pluraltasuna, errespetua eta etorkin guztiekiko elkarrizketa aldarrikatzeko. «Jaialdi hau Euskadik etorkinen elkarte – egituraren antolaketa, autokudeaketa eta lidergoaren inguruan duen esperientzia esanguratsuenetakoa da», esan du Sainzek.

Familia eta Aniztasuneko zuzendariak historiaren beste une batzuetan Euskaditik beren familientzako etorkizun hobearen bila irten ziren euskaldunek utzi zuten aztarna aipatu du. «Sustraiei eutsi zieten eta beren ondorengoek oraindik eusten diete, baina, halaber, hartu zituzten herrialdeetan integratzeko gai izan ziren eta aberastasuna emateko gai».

«Orain geuk hartu behar ditugu munduko hainbat lekutatik datozen pertsonak. Gogo berarekin hartuko ditugu. Beren sustraiak ahaztu gabe, integra daitezen nahi dugu. Euskaldun izatea eta hala senti daitezen nahi dugu, beren jatorria alde batera utzi gabe», esan Sainzek, amaitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)