'Badüzia une poule para vender?'
Zuberoako Xiru jaialdiak apirilaren 7, 8 eta 9an Zuberoako kulturak ukanen ditu oinarri
Berria, 30-03-2006NORA ARBELBIDE – BAIONA
«Badüzia une poule para vender?» (Ba ote daukazu oilorik saltzeko?), eskatzen omen zuen Irabarneko (Zuberoa) Gregoria Barcosek. Nafarra sortzez, Zuberoara lanera etorri zen anderea. Hura bezala, hainbat urtez lana aurkitzeko lekua izan da Zuberoa. Nafarroatik, Aragoitik baita Portugaldik ere etorriak dira asko. Eta hauekin batera, kulturak aberastuz joan dira Zuberoa. Aipagai hori eta baita gehiago ere ekartzeko xedea du Xiru musika eta sorkuntza jaialdiaren 17. edizioak oholtzara.
Apirilaren 7, 8 eta 9an Maule ondoan dauden Gotaine, Irabarne eta Bildoze herrietan, giro herrikoia oinarri eta sorkuntza sustatuz, elkarren hobeki ezagutzeko bide berriak ireki nahiko ditu, dituen ahalekin: «Xumeki, baina ontsa beterik eta ontsa loturik», laburbildu zuen Mixel Etxekopar txirula jotzaile eta Xiru jaialdiaren antolatzaileetako batek. Horiek horrela, lehen gauerako Kültüren plaza 64130 izeneko ikusgarria prestatua dute. 21:00etatik aitzina, hainbat artista gurutzatuko dira, bai lekukoak, zein kanpotik etorriak. Hauen artean, Ronnie Lynn Patterson piano jotzailea entzuten ahalko da. Mississipi eskualdean jaioa, azken aldian Parisen bizi dela, bere Mississipi diskoaren franko ezagun bihurtua da. Zuberoako Tokia antzerki taldea, Amaren Alabak taldea eta Beñat Axiari kantaria ariko dira; Samir Ellok jatorri marokoarrak dituen baionesak ere bere kantu batzuk emanen ditu. Euskara ikasten ari da Ellok, eta lan berezi bat eramana du arabiar kultura eta euskal kulturak konparatuz, bai musikaren aldetik zein kantuan. Bernardo Atxagaren testu bat irakurri eta zenbait arabiar kantu gozatzeko aukera emanen du. Biharamun goizean, Bi kultura: Nola? Zergatik? Zergatik ez? galdera jorratuko dute Gotaineko Herriko Etxean. 21:00etan Oiherkoren trajeria ikusgarriaren aitzin dasta bat emanen du Zuberoako artisten Hebentik kolektiboak. Bertsio bururatua Ahüzki lepoan estreinatuko dute uztailaren 8an. Horretaz aparte, Ronnie Lynn Pattersonek, Beñat Axiarik eta Mixel Etxekoparrek hirukote bat osatuko dute gaualdirako. «Euskal kantuen blues – aren bila ariko gara», esplikatu du Etxekoparrek. Haien ondotik, Farid Berki eta Christophe Jean hip – hop dantzariak hip – hop dantzarekin hiriko kultura eta mendikoa nahasi dituzte. Iganderako, azken aldian hartu ohitura jarraituz, Irabarneko uhaitz bazterrean finkatua dute hitzordua. Baratze zabalak eskaini aukeraz baliaturik, zizelatutako artelan garaikideek loratzen dutela gunea, soinu, kantu eta dantzen artean eguna pasatzea proposatzen dute.
(Puede haber caducado)