EAEko Arartekoaren 2005. urteko balantzea Herrian bizi baina etxea ez duten etorkinak erroldatu behar direla dio Lamarcak

Iragan urteko txostena aurkeztu du EAEko Arartekoak, herritarren kexak eta bere kabuz abiatutako auziak aztertu ondoren

Berria, 30-03-2006

estitxu ugarte – GASTEIZ

Kexa ugari jaso zituen EAEko Ararteko Iñigo Lamarcak iaz, udalerri jakin batean bizi ziren baina etxerik ez zuten etorkinei erroldatzeko aukera ukatu zitzaielako. Horietako bat, Portugaleten karabana batean bizi zen familia bati buruzkoa: erroldatzeko egin zituzten eskaerei ez zien erantzun Udalak.

Portugaleteko udal agintarien esanetan, udalerrian ez zegoen karabanak jartzeko leku aproposik, eta, gainera, familiaren autoak ez zituen duintasunez bizitzeko baldintzak betetzen. Hortaz, ez zituzten erroldatzeko eskaerak kontuan hartu.

Kasu hori eta antzeko beste batzuk aztertu ondoren, gomendio bat helarazi die Iñigo Lamarcak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei: «Etxebizitza ez duten baina udalerrian bizi diren etorkinek erroldan egon behar dute».

Lamarcak nabarmendu duenez, beste ezer baino lehen kontuan hartu behar da erroldatzea oinarrizko baliabidea dela etorkinak udalerrietan integratzeko, eta dituzten eskubideak baliatzeko. «Udalerri batean kokatzen eta erroldaten ez uzteak arazoa beste leku batera aldatzen du, eta udalak ez du bere lana betetzen», jaso du Arartekoak bere txostenean. Gainera, udalek ordena publikoko funtzioez gainera, udalerrian dauden gizarte premiei erantzun behar dietela gogorarazi du.

2005. urteko txostena aurkeztu zuten atzo

Etorkinen erroldatzeari buruzko gomendioa 2005. urteko balantzean jaso du Lamarcak, eta atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen txostena. Arartekoaren bulegoak euskal administrazioari egiten dizkion gomendio nagusiak sei ataletan biltzen dira. Horietako bi, etorkinen egoera juridikoa normalizatzeko egin beharreko pausoei dagozkie.

Horietaz gainera, udalen eremuan, herritarren informazio eta parte – hartzeari buruzko gomendio zehatza egin du Arartekoak. Udalek beren erakundeetako informazio politikari buruzko gogoeta sakona egin behar dutela ohartarazi du, «administrazio gardenagoa eta eraginkorragoa» lortzeko neurriak ezartzeko bidean.Bestetik, Gobernuz Kanpoko Erakundeek jasotzen dituzten diru laguntza publikoak hobetzeko beharra dagoela dio Arartekoak. Ohiko arazoa bilakatu da, Arartekoak atzo esan zuenez, diru laguntza horiek beranduegi banatzea. Horrek sekulako arazoak sortzen ditu elkarteen eguneroko jardueran.Bosgarren gomendioa eraikuntza iraunkorrari buruz eman du Lamarcak, eta hori bultzatzeko zenbait irizpide zehaztu ditu. «Ondo legoke herri agintariek programa argi bat lantzea, eraikinak egiteko eta berritzeko benetako eskakizunak jasoko lituzkeena». Gainera, edozein elbarritasunen ondorioz txakurrarekin joan nahi duten lagunen eskubideak bermatzeko gomendioa egin du Arartekoak urteko txostenean. «Txakur gidaria daramaten lagunei onartu eta bermatu egin beharko zaie edozein toki publikotan edo garraioetan txakurrarekin joan, ibili eta egoteko eskubidea».

Kexa kopurua ez da aldatu

Administrazio publikoei helarazitako eskaerez gainera, zenbait datu bildu ditu txostenak. Zenbaki horien arabera, iragan urtean 4.065 kontsulta jaso zituen Arartekoaren bulegoak, eta 1.459 kexa aurkeztu zituzten herritarrek. 2004. urteko datuekin alderatuta, kopuruetan ez dago aldaketa nabarmenik.

Ohikoa denez, udal administrazioek jaso dute kexa kopururik handiena: bideratu diren guztietatik %47,2 zehazki. Jaurlaritzaren aurkakoak %35 izan dira, eta foru administrazioen aurkakoak %12,6. Herrialdeen arabera, erreklamazio gehienak, ia erdiak, Bizkaiko udalen kontrakoak izan dira; Gipuzkoako udalek %29,4 jaso dituzte eta Arabakoek %17,59.Kexek hizpide zuten gaiari begiratuz gero, nabarmen gehitu dira hirigintza eta etxebizitzarekin lotutakoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)