Emakume errefuxiatuak: bi aldiz bizirik dirautenak

Berria, Itziar gandarias Goikoetxea, 21-06-2017

Bere etxeetatik alde egin zuten 2016ko amaierarako 67 milioi pertsonak baino gehiagok gerra, biolentzia eta kapitalismo basatiaren eraginez. Ia 70 milioi pertsona horietatik, %52 barne desplazamenduengatik izan zen, non emakumeak diren nagusiki lurraren galera masiboagatik hirietara etengabe mugitzen direnak. Indarrez ebastea egungo kapitalismo neoliberala mantentzeko oinarrietako bat da. Gutxi batzuen metaketa eta gehiengo zabalaren desjabetzea dakarren eredu ekonomiko eta sozial honek bizitza mehatxatzen du eta emakumeen dominazioan, naturaren harraparitzan, langile klasearen esplotazioan eta Hegoalde globaleko herrialdeen indarrezko lapurretan oinarritzen da.

Kontinente zaharrari erreparatuta, emakumeak eta adingabekoak dira Europara ailegatzen ari diren errefuxiatuen %60. Genero bereizkeriek lekualdaketa baino lehen, bitartean eta ostera eragiten dute. Herrialde askotako pobrezia endemikoa, generoaren araberako jazarpena, aukera sexu-afektiboari lotutakoa, ezkontza inposatuak, emakumeen genitalen mutilazio edo esplotazio sexualerako emakumezkoen salerosketak bere herriak uztera eta arriskuz betetako bide luzea hartzera behartzen ditu emakume asko. Bere sexualitatearen, erreprodukzio gaitasunaren eta gorputzaren kontrolaren bitartez baztertutako emakumeak dira, heterosexualitate normatiboari eta patriarkatuaren ordena inposatutako arau sozial eta genero rolei aurre egiten diotenak.

Europak, segurtasun politikekiko eta migrazio irregularrarekiko duen obsesioan, bere mugak itxi ditu aparatu militar eta polizial zabala erabiliz, nazioarteko babesa behar duten pertsonen sarrera zailduz eta ihesa bortizkeria mota berria bihurtuz. Frontex agentziaren hedatzeak, martxoan Turkiarekin sinatutako hitzarmena bezalakoek ahalbidetzen duten mugen externalizazioak eta migranteentzako atxilotze zentroek Europa Gotorlekuaren errepresio zirkuituak indartzen dituzte. Asilo politikei dagokienez, azpimarratzekoa da eskaerak gehitu diren arren, espainiar gobernuak horien %95 errefusatzen dituela urtero eta genero arrazoiengatik jazarritako pertsonak bi aldiz kaltetuak direla ukazio sistematikoaren politikengatik.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Plataformatik legeen etengabeko gogortzea eta Europako migrazio eta asilo politikak salatzen ditugu, mugaz bestaldeko zonaldeetan eta Europarako bidean dauden herrialdeetan emakumeek pairatzen dituzten biolentziak larriagotzen dituztelako, bizitzaren kontrol amaigabea helburu duten formula paraestatalei eta pertsonen trafikorako sare antolatu eta profesionalizatuei bidea irekitzen dietelako.

Beraz, biolentziaren «continuum» baten aurrean gaude, emakumeak Europara ailegatzen direnean amaitzen ez dena, baizik eta anti-migrazio politikengatik indarkeria instituzional arrazista eta matxistarekin elkarlotzen dena. Askotariko indarkeria hauek guztiek sistema kapitalista, patriarkal eta neokolonialean dute bere oinarria, eta biolentziaren naturalizazio eta emakumeen gorputzen kosifikazioaren bitartez bizitzaren esplotaziorako forma berriak garatzen ari dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)