Urtebetean, hirukoiztu egin dira asilo eskariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Euskadiko CEAR-ek errefuxiatuei buruzko txosten bat aurkeztu du. 500 eskaera jaso zituzten 2016an

Berria, Ion Orzaiz, 17-06-2017

Urtetik urtera, goraka doa sorterritik ihes egin eta kanpoan babesa eskatzen dutenen kopurua. Mundu osoan, 70 milioi desplazatu daude gaur egun, gerren, gatazka armatuen eta jazarpenaren ondorioz. Euskal Herrian, askoz apalagoak dira asilo eskatzaileen kopuruak, baina etengabe ari dira hazten. Atzo, errefuxiatuei buruzko 2017ko txostena aurkeztu zuen Euskadiko CEAR-ek, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak, eta, hor, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak eman zituzten —Nafarroari dagokion txostena astelehenean aurkeztuko dute—. Horren arabera, hirukoiztu egin dira nazioarteko babes eskaerak urtebetean: 500 asilo eskari erregistratu zituzten 2016an. Aurreko urtean 163 izan ziren.

Igoera nabarmena bada ere, «kopuru txikia» dela pentsatzen du Euskadiko CEAR-eko presidente Javier Galparsorok: «Giza krisi honen neurria kontuan izanda, oso gutxi dira hemen asiloa eskatzen dutenak. EAEko biztanleriaren %0,02 baino ez». Horren arrazoietako bat iheslariek Europara iristeko dituzten zailtasunak izan daitezkeela nabarmendu zuen atzoko agerraldian. «Europako Batasunaren hitzarmenak betetzen ez direnez, eta Europara legez eta segurtasunez heltzea ezinezkoa denez, beren kabuz etortzen dira pertsona horiek; eta, horren ondorioz, bideko arriskuak areagotu egiten dira. Giza salerosketaren sareetan erortzen dira, neurriz kanpoko prezioa ordainarazten diete edo bidean hiltzen dira».

2016an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan babesa eskatu zutenen artean, 277 dira CEAR elkarteak berak kudeatutako eskaerak. Horietatik, gehienak venezuelarrak (74), nigeriarrak (40) eta kolonbiarrak (36) izan ziren. Horien atzetik, Ukraina (22) eta Siriako (13) herritarrak izan ziren asilo eskaera gehien erregistratu zutenak. Sexuari erreparatuta, gizonezkoak dira eskatzaile gehienak, baina alde txikiz —%54 gizonezkoak, eta %46 emakumezkoak—, eta 18-45 urteko adin tartean daude. Lurraldeka, Bizkaia izan zen eskaera gehien jaso zuen herrialdea: 285. Araban 116 erregistratu zituzten, eta Gipuzkoan, berriz, 99.

Eskaera gehienak, atzera

Asiloa eskatzea gauza bat da, ordea, eta oso bestelako bat, gobernuek eskaera hori ontzat ematea. Iaz, CEAR-ek kudeaturiko kasuetan artean, bost iheslariri soilik onartu zien administrazioak asilo estatutua: Eritreako hiru pertsonari, Ugandako bati eta Mendebaldeko Saharako beste bati.

Izan ere, errefuxiatuek laguntza jasotzeko egin behar dutena «oztopoz beteriko bidea» da, CEAR-eko laguntza psikologikoko arduradun Amaia Benitoren esanetan: «Ezjakintasunak eta gorrotoaren diskurtsoak hauspotutako beldurraren ondorioz, traba ugari gainditu behar dituzte asiloa eskatzen duten pertsonek, etxebizitza eta enplegua lortu ahal izateko». Horri aurre egiteko, EAEko instituzioei eskaera egin die CEAR-ek: «Asilo eskubidea bermatuko duen hitzarmen baten alde lan egin dezatela».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)