196.000 pertsonak jo zuten iaz Euskadin Gurutze Gorriaren zerbitzuetara
Gipuzkoan 68.429 pertsona atenditu zituzten esku-hartze eremu guztietan, horietako 16.292, aurreko urtean baino gehiago, gizartegintza- eta enplegu-programetan
Diario Vasco, , 05-06-2017Gipuzkoako Gurutze Gorriak 2016an egindako jardueren memoria eman du ezagutzera, eta bertan biltzen diren datuen arabera iaz 68.429 pertsonak jo zuten Gipuzkoan erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuetara. Zehazki, 55.864 pertsona atenditu zituen bere esku – hartze eremu guztietan (gizarte esku – hartze, enplegu, sorospen, Osasuna…) eta, horrez gain, beste 12.565 pertsonak hartu zuten parte ekintza eta kanpainetan.
Guztira, beraz, Gipuzkoan 68.429 pertsonak jo zuten Gurutze Gorriak eskainitako zerbitzuetara, parte – hartzaile zein erabiltzaile gisa, urtean zehar burututako 127.997 zerbitzuetan. Euskadin, berriz, guztira 196.008 pertsonak jo zuten erakundearen zerbitzuetara: Araban 40.232, Gipuzkoan 68.429 eta 87.347 Bizkaian.
Memoriaren berri emateko zabaldu duen oharrean azpimarratu duenez, hori guztia «14.041 boluntarioen laguntzari esker eta baita ere 50.905 pertsona bazkide eta 1.248 enpresa kideei» esker izan da posible. «Bazkideak oinarri – oinarrizkoak dira Gurutze Gorriarentzat, haien ekarpenari esker gauzatzen dituelako jarduerak, eta horrela bermatzen dituelako programen egonkortasuna eta geroa», diote. Eta alde horretatik onak dira berriak. Izan ere, iazkoan handitu egin zen bazkideen kopurua: 2016an, Gurutze Gorriak 18.541 bazkide zeuzkan Gipuzkoan; hots, 2015an baino 845 gehiago. Bazkide horietatik, 18.010 partikularrak ziren, eta 531 enpresak.
Krisiaren eragina
Boluntariori dagokienez, 2.764 izan zituen 2016an Gipuzkoan. Horietatik % 50,7 gizonezkoak ziren, eta % 49,3 emakumezkoak. Gehienak (% 29,5) 31 urtetik 40 urtera bitarteko pertsonak dira, eta, jarraian, 21 urtetik 30 urtera bitartekoak (% 27,6). Ikasketa – mailari dagokionez, % 52,9k goi – mailako edo graduondoko ikasketak ditu, eta % 33,2k erdi – edo goi – mailako lanbide – heziketa, hurrenez hurren.
Krisi sozioekonomikoaren ondorioz, «duela gutxira arte egoera sozioekonomiko seguruan zeuden pertsona asko Gurutze Gorrira etortzen ari zaizkigu azken urteotan, laguntza eske. Egoera horren aurrean, pobreziaren aurkako hainbat ekintza antolatu ditugu; batez ere, egoera ahulean eta baztertuta egoteko arriskuan dauden haur eta familientzat», azaldu dute.
Hori horrela, guztira 16.292 pertsona lagundu zituzten gizartegintza – eta enplegu – programetan, aurreko urtean baino 2.091 pertsona gehiago. «Pobreziaren eta gizarte – bazterketaren aurka borroka egiteko proiektuei eman diegu lehentasuna», gogoratu dute. Muturreko kalteberatasun – egoeran dauden 11.424 pertsonari eskaini zioten laguntza, 2015ean baino 2.100 pertsona gehiagori. Gizarte – bazterketaren arriskuan dauden pertsona eta familiei laguntzeko programa indartu egin da 2012. urteaz geroztik, «urte horretan Gurutze Gorriak deialdi bat jarri zuelako abian krisiaren eraginpean dauden familiei lagundu ahal izateko; horrez gain, elikagaiak eta larrialdi sozialeko loteak banatu dira, eta energia – pobrezia pairatzen duten familiei argiaren, uraren eta gasaren hornidura ordaindu zaizkie, besteak beste».
Horrez gain, sendotu egin dira haurren partaidetza eta gizarteratzea bultzatzeko proiektuak. Gizartean moldatzeko zailtasunak dauzkaten 2.314 neska – mutil artatu zituzten, bai haurrei zuzendutako programen bidez (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikaren Departamentuarekin egindako hitzarmenaren esparruan), bai Gazteen Gurutze Gorriak gauzatutako gizartegintza – programen bidez.
Halaber, «sendotzen ari gara adineko pertsonei eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonei zuzendutako programak, autonomia handiagoa izan dezaten eta gizartean hobeto txerta daitezen. 2016an, guztira 1.410 pertsonek parte hartu dute programa hauen barne».
Bestalde, 2016ko maiatzaz geroztik, Gurutze Gorriak errefuxiatuei eta nazioarteko babesa eskatzen dutenei laguntzen die Gipuzkoan. Orientazioa eta arreta soziala eskaintzen diete, aholkularitza juridikoa, esku – hartze psikologikoa, prestakuntzaren eta lanaren arloko orientazioa eta bitartekaritza, baita onuradunei oinarrizko premiak betetzeko aukera bermatzeko prestazio ekonomikoak ere. Harrerako lehen fasean, udaletxe eta Alokabideren kolaborazioari esker, ostatu hartzeko baliabideak ditugu 4 herritan; guztira 64 plaza eskaintzen dituzte Donostian, Eibarren, Ermuan eta Arrasaten. Egoera ahulenean dauden pertsonei zuzendutako enplegu programetan, berriz, 1.407 pertsonak hartu zuten parte.
Beste jaduera eremu batzuei dagokienez, Sorospen eta Larrialdi Planaren bidez 12.375 pertsona artatu zituzten larrialdietan, prebentzio – zerbitzuetan, itsas salbamenduan eta hondartzetan. Bestalde, 5.538 ikaslek jaso zuten prestakuntza Gipuzkoako Gurutze Gorrian, eta Gazteen Gurutze Gorriak ere bultzada handiagoa eman die haurren partaidetza eta gizarteratzea bultzatzeko proiektuei. Era berean, garrantzi handia eman die balioetan hezteari, ohitura osasungarriak hartzeari, eta pertsonen erabateko integrazioa sustatzeari. 2016an, 3.886 pertsonak hartu zuten parte jardueretan eta kanpainetan.
Ingurumena zaintzeak eta mantentzeak duen garrantzia sustatzeko antolatutako jardueretan 569 pertsonak hartu zuten parte, eta nazioarteko elkartasuna ere jarduera arlo garrantzitsua izan zen. Hala, 2016. urtean, Gipuzkoatik 78.771 euroko ekarpena egin zen partikularren eta administrazio publikoen dohaintzekin. Garapenerako lankidetzako proiektuen alorrean, berriz, Gipuzkoako Gurutze Gorriak 169.347 € eman zituen Filipinak eta Maliko proiektuerako.
(Puede haber caducado)