ZORROTZAKO SUTEA
"Ez dago harremanik eraikinaren egoeraren eta sutearen arrazoien artean"
Berria, , 05-06-2017Bilboko Hiri Plangintza Saileko zinegotzi Asier Abaunzak ukatu du Zorrotzan (Bilbo) erretako etxebizitza erortzeko arriskua zegoela. Halere, baieztatu du aurten desjabetzeko asmoa zeukatela, “berariaz” zegoelako antolamenduz kanpora. Oraindik ez dakite zeintzuk diren sutearen arrazoiak. Zorrotzako Barinaga kaleko eraikinen egoera urbanistikoa eta alde horretan egingo diren lanak azaldu dituzte gainontzeko udal taldeen aurrean Asier Abaunza Hiri Plangintza saileko, Tomas del Hierro Herritarren Segurtasun saileko eta Iñigo Pombo Gizarte Ekintza saileko zinegotzi ordezkariek. Maiatzaren 27an sute bat gertatu zen, eta erabat erre zen Barinaga kaleko zazpigarren atariko eraikina. Lau pertsona hil eta bederatzi ospitaleratu zituzten. Horietako batzuk larri daude oraindik.
Ez dakite oraindik zerk eragin zuen sutea, baina, Tomas del Hierrok azaldu duenez, “eskaileraren oinarrian zegoen kutxan” sortu zen, eta oso azkar garatu zen gorantza, ganbarara iristeraino; hildakoak bertan zeuden lotan. Zinegotziaren arabera, protokoloak “era egokian” aktibatu zituzten, baina larrialdiek “beranduegi” jaso zuten sutearen berri eman zuen deia. “Suhiltzaileak 06:42an iritsi orduko sua zabalduta zegoen”. Deia 06:34 jaso zuten.
Oposizioko alderdiek Del Hierroren hitzak kritikatu dituzte. Hala esan dio Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko eledunak: “Auzokideei egozten diezue arduraren %100, bazterketa egoeran bizi direnean. Eraikina berariaz dago antolamendutik kanpora, eta horrek ez du eraginik izan eraikinaren egoeran?”.
Abaunzaren arabera, ordea, “2015eko abenduko udaleko osoko bilkuratik ez da gertatu ekintzarik eza udalaren aldetik”. Udalbatza hartan adostu zuten Zorrotzako Landa eremuan hirigintza, segurtasun, garbiketa eta gizarte arloko ekintzak egitea.
Udalberriko Carmen Muñozen iritziz, ordea, “presaz esku hartu izan balitz, beharbada, ezbeharra ekidin zatekeen”. Eta Goazen taldeko Fracisco Samir Lahdouren arabera, “sutearen arrazoiak jakin gabe asko esatea da harremanik ez daukala eraikinaren egoerarekin”.
(Puede haber caducado)