Pertsonak, aldiz, bidean gelditzen dira
Zeharkaldiko trabei eta instituzioek hartutako neurri geroz eta gogorragoei aurre egiten diete migranteek. 44 hilik topatu dituzte Nigerren.
Berria, , 02-06-2017Bere lurretan badauzka, besteak beste, kobrea, urrea, koltana… Afrika oparoa da oinarrizko lehengaiei dagokienez, eta nahiz eta ezin dituen saldu, ezin dituen esportatu, erruz ateratzen dituzte, bai, kontinentetik. Beste batzuk, afrikarrak ez direnak, arduratzen dira, ordea, horretaz eta horrekin aberasteaz.
Afrikarrak beraiek ere, pertsonak, ateratzen dira haien herrialdeetatik: dela egoera politikoak ezegonkorrak direlako, dela garapen ekonomikorik ez dutelako, dela langabezia kronikoagatik… Kontinente barruko migrazioa kanporanzkoa baino askoz ere handiagoa da, ordea. Hein de Haas IMI Nazioarteko Migrazio Institutuko kidearen arabera, %95ekoa da barrukoa. Halere, beste hamasei milioi saiatzen dira kanpora ateratzen. Pertsonak, aldiz, horietako dezente, behintzat, lehengaiak ez bezala, bidean gelditzen dira. Atzo, adibidez, nekeak eta egarriak jotako 44 migrante hilik topatu zituzten Nigerren, Sahara basamortuaren atarian, Agadez inguruan. Europara iristea zuten asmo, eta, ustez, Libiara zihoazen.
Nazioarteko Gurutze Gorriko iturrien arabera, Nigeriakoak eta Ghanakoak ziren gehienak. Iparralderantz 50 bat lagun zeramatzan ibilgailu batek, baina matxura izan zuen astelehen gauean. Beste ibilgailu bat zihoan parean, eta horrek bidea jarraitu ahal izan zuen. Lehen ibilgailuan zihoazenetako seik gertu dagoen putzu batera jo zuten, eta iritsi zirenean, 48 ordu geroago, handik egin zuten larrialdi deia. Hildakoen artean hamazazpi dira emakumezkoak, lau haurrak, eta hainbat adingabe.
Tartean-tartean zona horretan, Sahararen atarian edo basamortuan bertan, hildako migranteen berri ematen dute hango agintariek edo han lanean dabiltzan giza eskubideen aldeko erakundeek. 2013ko ekainean, 90 gorpu aurkitu zituzten, eta iazko ekainean, 34; horietako gehienak haurrak ziren. Atzokoaren ondoren, agintari batek adierazi zion Reuters berri agentziari ezinezkoa dela jakitea zenbat pertsona hil diren Saharan, iparralderantz jotzeko ahaleginean. Bere hiru urteko migrazio esperientzia kontatu zion, iaz BERRIAri, Mahmud Traore senegaldarrak: «Bidea abiatu genuenean, 90 lagun ginen, eta 18 iritsi ginen Libiara. Desertua hilotzez beteta dago».
Eta ahalegin horretan, Nigeria, Boli Kosta, Ghana edo, esaterako, Senegaldik ateratako migratzaileek Agadezen topo egiten dute. Aurre egin behar izaten diote goseari, egarriari, beldurrari, klandestinitateari, eta baita mafiei ere. Izan ere, iparralderanzko bidean segitu ahal izateko, garraiatuko dituzten mafiei ordaindu behar zaie. Mafiako kide batek kopuruen berri eman zion duela hiru urte BBC kateari: «Bakoitzari 500 dolar kobratzen dizkiogu Libiara eramateagatik. Gehitu horri beste 300, kontroletan polizia erosteko». Dirua behar denez, migratzaileek lan egiten dute zeharkaldian, dauden tokian daudela.
Norbere usteen kontra
Pertsonak gelditzen dira bidean, eta nahi ez dena egiten da. Diru hori lortzeko, adibidez, prostituitzea beste modurik ez daukate emakumezkoek. Hala kontatu zion Agadezen zegoen 23 urteko emakumezko batek BBC-ri: «Pentsatzen nuen edonoren etxea garbituz lortu ahal izango nuela dirua, baina hemen ez dago lanik. Ez nago pozik daukadan lanarekin, baina hori da bizirik irauteko dudan modu bakarra». Bestela, mafiakoek dirua utz diezaiekete; kontuz, baina: «Horrek esan nahi du, ordea, bukaeran bikoitza ordaindu beharko digutela».
Bukaeran, adibidez, Libiara ailegatutakoan. Han milioi bat pasa migrante daude itsasoa zeharkatzeko zain, jaioterrira itzultzeko aukerarik gabe, atxilotze guneetan pilatuta. Oxfam erakundeak iaz salatu zuen atxilotutakoek torturak eta tratu txarrak jasaten dituztela; hori ohikoa dela, eta lan behartuak egitera behartzen dituztela. Horren harira Traorek adierazitakoa: «Oso herrialde arrazista da Libia. Hura ez da Afrika. Saharaz hegoaldeko afrikarrak ez gara ezer; Europan baino arrazismo handiagoa dago han». AI Amnesty Internationalek gune horietan gertatzen diren sexu gehiegikeriez ohartarazi zuen 2015ean. Horregatik, bortxatuko dituzten beldurrez, emakumezkoek antisorgailuak hartzen dituzte.
Zeharkaldiko oztopoez gain, baina, instituzioek jarritakoak ere gainditu behar izaten dituzte migranteek; eta horiek gogortu egin dituzte azken urteetan. 2013an, Europako hainbat herrialdek «legez kontrako immigrazioaren» aurkako borroka egitea helburu zuen Seahorse Mediterraneo proiektua jarri zuten martxan, Afrikakoen oniritziarekin; iaz akordioa sinatu zuten EB Europako Batasunak eta Turkiak, errefuxiatuak atxilotu eta kanporatzeko; aurten, otsailean, EBk Libiako sarrera blindatu du 130 milioi euro inbertituz; eta immigrazioa frenatzeko, Italiak eta Alemaniak Nigerreko mugan esku hartzeko eskatu diote EBri. Pertsonak, behintzat, bidean gelditzen dira.
(Puede haber caducado)