DSBEaren erreforma PPren neurrikoa dela diote sindikatuek eta oposizioak
Artolazabal sailburuak defendatu egin du familiei diru gehiago ematea eta gutxiago norbanakoei, azken horientzat 650 euroko errenta «nahikoa» delako
Berria, , 02-06-2017DSBE diru sarrerak bermatzeko errentan Eusko Jaurlaritzak egin nahi dituen aldaketak begi txarrez hartu dituzte sindikatu abertzaleek eta Elkarrekin Podemosek. PPren ildoko erreforma gisa ikusteaz gain, uste dute helburua DSBEan banatzen diren laguntzak gutxitzea dela. Gainera, salatu dute garrantzi handiagoa ematen zaiela oinarrizko errentan gertatzen diren iruzurrei, zergetan gertatzen direnei baino, azken horiek askoz handiagoak diren arren.
Kritika guztien aurrean, erreforma babestu du Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak, eta DSBEaren gutxieneko kopurua bizitza duina izateko «nahiko kopurua» dela esan du. Erreformak aurrera eginez gero, gutxienez 650 euroko sarrera bermatuko du Jaurlaritzak. Erreformaren puntu nagusiak dira etxe bakoitzeko DSBE bakar bat ematea, eta laguntzak handitzea seme-alabak dituztenentzat. «Ohartu gara bizikidetza artifizialak daudela, gezurretako bikoteak, eta ez ditugu bizikidetza egonkorrak zigortu nahi aldi baterakoen aurrean. Lehentasuna familiak babestea da, norbanakoak dagoeneko ongi babestuta daudelako», argudiatu zuen atzo Artolazabalek, Radio Euskadin.
Herenegun, Eusko Legebiltzarrean, sailburuaren asmoei buruzko zalantzak azaldu zituzten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Atzo, zalantza salaketa bihurtu zuen Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. «EAJk erabaki du pertsona kalteberek ordaindu behar dutela bere itun ilunen prezioa. Murrizketa horrekin atea irekitzen die desberdintasunari eta pobreziari Euskadin, PSE isilik dagoela». Guanchek jarraitu zuenez, etxea partekatzen dutenek bi DSBE ezin jasotzea «txiki-txiki egiten du pertsona askori geratzen zaien azken estalkia».
PPren itzal luzea ikusten du erreformaren atzean ESK sindikatuaren bazterketaren aurkako elkarteak, Argilanek: «Belarriekin txalo egiten arituko da eskuinerako biraketa antisoziala».
Zerga erreforma eske
ELA, LAB eta haiekin batera Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileak ere ez daude gustura Jaurlaritzaren erreformarekin. Zerga politika salatzeko agerraldia zuten atzo, Bilbon, baina DSBEari ere heldu behar izan zioten. «DSBEa murrizteko borondate zehatza dago, prestazio hori jaso ahal izateko aukerak mugatzekoa; baina ez dugu ekimen hori ikusten zerga iruzurraren aurka. Ez zaizkio jartzen beharrezkoak diren bitartekoak», azaldu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak,
Adolfo Muñoz ELAko buruak, berriz, DSBEaren erreforma PPrekin ituntzea egotzi zien EAJri eta PSEri. «Saiatuko dira esaten gizarte politikak egiten dituztela DSBEaren erreforma hitzartzen [errenta hori] gehien kriminalizatu duen alderdiarekin, ustelkerian eta eskubide sozialen suntsiketan duen ardurak ezkutatzeko, pobreak pobreen aurkako gerra bat pizten duenarekin».
Oinarrizko errenta hobetzeko eta gizarte justuago bat bideratzeko zerga presioa Europako Batasuneko batezbestekoarekin alderatzeko eskatu zuen berriro Muñozek. Hala eginez gero, 6.000 milioi euro gehiago jasoko lirateke. «Ogasunekin bildu izan garenean, baietz esan digute, posible dela gehiago biltzea, baina ez dute nahi. Borondate kontua da». Zerga iruzurrari aurre egiteko ere eskatu zuten Eskubide Sozialen Gutuneko kideek, eta gogorarazi zuten EHUko irakasleek 3.200 milioi euroko iruzurra aurkitu zutela.
Borondate falta patronalarekiko menpekotasunaren seinale ikusten du Eskubide Sozialen Gutunak. Aranbururen hitzetan, zerga erreformaz hitz egiten den guztietan patronalaren irizpideen arabera egiten da. Hala uste du Muñozek ere: «Patronala oso ondo kokatuta dago aldundietan». Eta horren adibide jarri zuen herenegun Adegi Gipuzkoako patronalak elkarteak esan izana ahaldun nagusia eurekin dagoela.
Zerga erreforma sakon bat mobilizazioen bidez eskatzeko asmoa du Eskubide Sozialen Gutunak. Hilaren 8an, giza kate bat egingo dute Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzatik abiatuta.
(Puede haber caducado)