«Txantrea nire etxea da; ez dut alde egin nahi»

Epaileak kanporatze agindua berretsita, atzerako kontua hasi da Cheikh Diengentzat. Hamar urte daramatza Cheikhounak Euskal Herrian bizitzen eta herri mugimenduan parte hartzen. Iruñeko Udalak ere haren aldeko adierazpena onartu du. Lan bila dabil, kanporatzearen mamua uxatzeko.

Berria, Ion Orzaiz, 02-06-2017

Etxera itzuli, eta gezurra kontatu zien gurasoei, lagunekin batera Europara joan ahal izateko. «Festa batera nindoala eta pare bat egunen buruan itzuliko nintzela esan nien». Horren ordez, Senegalgo kostaldeko herri batera joan ziren, txalupako billeteak erostera. «Han, txalupak kontrolatzen zituen mafiarekin negoziatu, eta bidaiaren nondik norakoak zehaztu genituen. Hamar egunez zain egon behar izan genuen, ontziratu aurretik».

Egonaldi luze horren ostean, irailaren 20an itsasoratu ziren Cheikhouna eta lagunak, baina, Espainiako kostaldera iristear zirela, erregairik gabe gelditu zen txalupa. «Gasolinarik gabe, noraezean zebilen ontzia; zorionez, arrantzontzi bateko marinelek ikusi gintuzten, eta abisua eman zioten Gurutze Gorriari. Berehala erreskatatu gintuzten, eta Teneriferaino eraman (Kanaria uharteak, Espainia)». Irailaren 30ean iritsi ziren Europara. Senegaldik atera zirenetik hamar egunera. Neka-neka eginda, baina onik.

«Madril ez nuen gustuko»

Tenerifetik, Madril ondoan dagoen Miraflores herrira eraman zituzten itsasoan atzemandako senegaldar guztiak, eta migratzaileentzako atxikitze zentro batean sartu. Hilabete oso bat eman zuten han. «Duela hamar urte, zentro horien egoera ez zen gaur egun bezain txarra. Gogorra izan zen, bai: jende asko geunden, eta ohaxketan pilatuta egoten ginen; baina aitortu behar dut nire esperientzia ez zela sobera txarra izan». Madrilen bizi ziren senide batzuei esker, Lavapies auzoan hasi zen kaleko saltzaile lanetan. «Nik ez nuen Madril gustuko. Kaleko salmentan hasi nintzen beste aukerarik ez nuelako, baina herri txiki batetik nentorren, eta ez nuen maite hiriburu handi horretako giroa. Gainera, behin eta berriz gelditzen ninduen Poliziak, eta salgai guztiak kentzen zizkidaten». Orduantxe erabaki zuen Madrildik alde egitea.

Lagun baten aholkuari esker, Euskal Herrira iritsi zen, 2006ko abenduan, eta oso bestelako giroa aurkitu zuen: «Burlatan bizi nintzen hasieran, eta kaleko saltzaile nenbilela, tipi-tapa, Txantrearaino heldu nintzen. Artzara elkarteko atea jo nuen, eta oso adeitsuak izan ziren nirekin: ‘Nahi duzu freskagarri bat? Gose zara? Zerbait behar al duzu’. Ordutik, maizago etortzen hasi nintzen».

Viergek ere gogoan ditu Cheikhounaren lehen egunak auzoan: «Gure elkartera etortzen zen noizbehinka, eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartzen hasi ginen. Txantreako Eguneko bazkarira gonbidatu genuen, eta horrela hasi zen gure arteko harremana. Bartzelona futbol taldeko jarraitzailea da, gainera, eta partidak ikustera etortzen zen. Sadarrera ere joan ginen, Osasuna-Bartzelona partida bat ikustera. Guztietara apuntatzen zen!».

Ordutik, hazi egin da Cheikhounaren kuadrilla. Orain, bultza egiten diote lagunek, euskara ere ikas dezan. Asko eman baitio Txantreak Cheikhounari. Baina, haren lagunek diotenez, askoz gehiago da Cheikhounak Txantreari eman diona.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)