DSBEaren erreformak, familiak saritu, eta etxea partekatzea zigortuko du
Jaurlaritzak ordaina igo nahi die adingabeak dituzten unitateei, baina etxebizitza bakoitzeko errenta bakarra egotea proposatu du. Gobernuak erabakiko luke urtero igotzen den edo ez, eta zenbat
Berria, , 01-06-2017Saiatu gara familien alde egiten, uste dugulako legeak gehiegi babesten zituela norbanakoak». Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak argi utzi du zein den Eusko Jaurlaritzak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren legea erreformatzeko proposatu duen norabidea. Adingabeak dituzten sendiei ordainak igo nahi zaizkie, baina, aldi berean, sistema zorroztuko zaie etxea partekatzen duten helduei, etxebizitza bakoitzeko soilik errenta bakarra egotea baimenduta.
Maiatzerako DSBEaren egoerari buruzko ebaluazioa eta aurrera begira moldatzeko proposamena egingo zituela agindu zuen Enplegu Sailak, Eusko Legebiltzarraren mozio bati jarraituz. Epea bukatu aurreko azken egunean bete zuen mandatua Artolazabalek, propio agerraldia eskatuta. Erreformarako pentsatu dituzten hamabost neurri aurkeztu zituen. Orain, legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek eztabaidatu beharko dituzte, ziurrenik gaia aztertzeko lantalde berri bat egituratuta.
Enplegu Sailaren dokumentuak sistemaren oinarrietan aldaketa esanguratsuak egitea jasotzen du. Elkarbizitza unitatearen definizioa, ordainaren eskalak, eta errenta eguneratzeko erreferentziak aldatzea aurreikusten du.
Ordainari berari dagokionez, orain arte Espainiak indarrean duen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko gisa funtzionatu du DSBEak. Hots, soldata horretan oinarrituta egon da. Pertsona batek gehienez ere gutxieneko soldataren %88 jaso ahal du, bik %113, eta hiruk edo gehiagok %125. Azken garaietan, ez da bete legeak dioena. Batetik, 2012. urtean ordaina %7 murriztu zen, Patxi Lopez lehendakari zenean, eta jaitsierak gaurdaino segitu du indarrean. Bestetik, Jaurlaritzak uko egin zion aurten gutxieneko soldatari egin zitzaion igoera esanguratsua ezartzeari, eta, horren ordez, inflazioarekin eguneratu zuen diru kopurua.
Aurrera begira, DSBEaren eta gutxieneko soldataren arteko lotura hori ezabatu nahi du Urkulluren gobernuak. Horren ordez, planteatu du errentak oinarri bat izatea eta egoeraren arabera osagarri batzuk ematea. Oinarria 450 eurokoa litzateke, eta onuradun bakarra duen elkarbizitza unitate batek beste 200 euro jasoko lituzke. Hots, pertsona batek, asko jota, 650 euro jasoko lituzke hilero. Gaur egun, 634 euro dira, baina kopuru horretan %7ko murrizketa dago.
Proposamenak unitatea ezberdintzen du harremanaren arabera. Unitateko bigarren pertsona onuradunaren bikotekidea bada, 815 euroko ordaina legoke —gaur egun, 810 euro—. Aldiz, bestelako harremana duen heldua bada, 750 euroan geratuko litzateke. Hots, bikoteak 160 euroko osagarria du, eta etxean bizi den beste heldu bakoitzak —lau, gehienez ere— 100 euro gehitzen ditu.
Adingabeak dituzten familientzat da aldaketa nagusia. Orain arte, soilik guraso bakarreko sendiek izan dute aparteko ordain bat, eta aukera hori zabaldu nahi dute aurrerantzean. Haur bakarra duen bikote batek 937 euro kobratuko lituzke, gehienez ere: orain baino %4 gehiago. Igoera handiagoa da hortik gora. Bi haur dituzten familientzat ordaina egungoa baino %12,5 handiagoa litzateke, eta hirurekin, %19 handiagoa. Muga izango du ordainak, edonola ere: 1.200 euro hilero, gaur egun baino %33 gehiago.
«Gaur egun jasotzen dituzten ordainak edo handiagoak izango dituzte pertsona guztiek», agindu zuen Artolazabalek. Azaldutakoaren arabera, ez da beti horrela izango. Elkarbizitza unitateei ematen zaie orain DSBEa. Hots, elkarrekin harremana duten eta elkarrekin bizi diren pertsonei. Kontzeptu hori aldatu nahi du orain Jaurlaritzak. Gaur egun, posible da etxebizitza batean elkarbizitza unitate gehiago egotea, eta, asko jota, bi DSBE onar daitezke. Gobernuak planteatu du, arau orokor gisa, laguntza bakarra egotea etxebizitza bakoitzeko.
Ordaina kalkulatzerakoan, ondorio zuzenak lituzke aldaketa horrek. Esaterako, uneotan bi bikote bizi badira etxebizitza berean, hilero 1.630 euro jasotzeko eskubidea dute, 815 euro bikote bakoitzeko. Jaurlaritzaren eskala berriarekin, gehienez ere 1.010 euro eskuratuko lituzkete. Hau da, %38 gutxiago. Haur bana duten bi bikote badira, murrizketa %32koa litzateke.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zalantzak azaldu zituzten, iritzita etxea partekatzetik harago harremanik ez duten pertsonak behartzen direla diru sarrerak elkarrekin kudeatzera. Neurri horrekin onuradun asko «pobretuko» dituztela ohartarazi zuen Tinixiara Guanche Podemoseko legebiltzarkideak. Artolazabalek aurreratu zuen neurriaren eragina aztertuko dela, onuradunen egoera eta izaera ezberdinak kontuan hartuta, eta legean arauari «salbuespenak» ezarriko zaizkiola. Enplegu Sailak ez du kalkulatua zenbat etxebizitzatan ari diren orain bi errenta aldi berean kobratzen. Pentsiodunen kasuan, etorkizunean ere eutsi nahi zaie gaur egun dituzten baldintza onuragarriagoei.
Giltza, gobernuaren esku
2001ean oinarrizko errentak gizarteratzeko ordaina ordezkatu zuenetik, gutxieneko soldatari lotuta egon da EAEko gizarte laguntza nagusia. Garai batean, alderdi gehienak ados egon ziren harreman horrekin, lan munduaren eta laguntza sozialen arteko tartea zaintzeko. Orain, filosofia hori eten nahi du Jaurlaritzak, eta DSBEa eguneratzeko tenorean kanpoko adierazlerik ez erabiltzea proposatu du. Ez gutxieneko soldata eta ez inflazioa, Nafarroako Gobernua egiten hasi den gisara.
Horren ordez, gobernuak berak izango luke ordainaren giltza. Urtero erabaki beharko luke errentaren kopurua igo behar den edo ez, eta haren esku legoke zenbat igo beharko litzatekeen zehaztea ere. Aurrekontu proiektuaren barruan bideratuko litzateke prozedura hori.
Enplegu Sailak ez du beharrezko ikusten errenta eskatzeko behar diren errolda urteak igotzea. Hiru urte behar dira, eta kopuru hori arintzeko prest dago egoera batzuetan. Batetik, adingabeak dituzten familiei urtebete gutxiago eskatuko zaie. Bestetik, errefuxiatuei ez zaie eskatuko epe hori gainditzea, eta jaioterritik lortzea zail izango ziren hainbat dokumentu aurkeztetik salbuetsita geratuko dira. Kontrol neurriak ere ezarri nahi dituzte, ordea. Errolda ez ezik, onuradunak benetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi direla egiaztatzeko bestelako dokumentuak eskatzeko aukera jasoko litzateke legedian.
Azkenik, laneko soldata errentarekin osatzen dutenentzat ere formula egokituko litzateke. Soldata osatzeko osagarria apur bat murriztuko litzateke —400 euro izango lirateke, gehienez ere—, baina, trukean, orain duen denbora muga —bi urte, asko jota— ezabatuko litzateke.
(Puede haber caducado)