«Hondamena ez da izan ustekabea»

Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak salatu du Landa auzunea bazterkeria «gordinean» dagoela. Manifestazioa egin dute auzoan

Berria, Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja , 01-06-2017

«Gertatu den hondamendia ez da izan guztiz ustekabea». Joan den larunbatean Bilboko Zorrotza auzoan izandako suteak ez ditu harritu, Carlos Rodriguez Zorrotzako Taldeen Koordinakundeko kidearen esanetan. «Hamarkadak dira Landa auzunea bazterkeria gordinean dagoela, eta udalak beste alde batera begiratu du, nahiz eta auzo mugimenduak hainbatetan salatu dituen eremuaren arazoak». Rodriguezek dioenez, degradazio «larria» nabarmena da hirigintzan, gizartean eta elkarbizitzan.

Auzoa «hunkituta» dago; hala azaldu zuten atzo. Goizean, agerraldia egin zuten auzoko taldeetako kideek, eta iluntzean, manifestazioa. Sute «beldurgarria» dute gogoan. Lau pertsona hil ziren ezbeharrean: andre-gizon batzuk, 23 eta 20 urtekoak, eta haien 2 eta 3 urteko umeak. Auzoko taldeen esanetan, tragedia biziki «mingarria» izan da hildako umeen eskolan, Zazpi Landan. Ekitaldia egingo dute gaur, Izaskun Barba guraso elkarteko kideak azaldu duenez.

Auzoko taldeen iritziz, eraikinen antzinatasunak eta biztanleen gizarte «bazterkeriak» zuzeneko eragina daukate sute arriskuarekin eta ondorioen tamainarekin. Rodriguezek ohartarazi duenez, «ikertuta eta egiaztatuta dago lotura estua dagoela suteen eta eraikinen egoera kaskarraren artean». Bilbo bi abiadurako hiria dela ohartarazi du, eta «desberdintasunaren» emaitzak are nabarmenagoak direla horrelako gertaera «tristeetan». Horregatik, uste du eragile guztiek lan egin beharko dutela auzoan ez dadin gerta horrelako beste ezbeharrik.

Konponbide eske

Udalari eskatu diote har ditzala «beharrezko» neurriak egoera konpontzeko. «Utzikeria historikoa» eteteko eskatu dute. Hain justu ere, hori eskatzeko asmoz, bilera egin zuten atzo udal ordezkariekin. Entzutera joan ziren batzarrera, «bizilagunok ez baitugu beste ezertarako baliabide ekonomikorik».

Denbora gutxian egindako bigarren bilera izan zuten atzokoa, apirilaren 5ean ere izan baitziren auzotarrak udaletxean. Orduan azaldu zieten Landako hainbat eraikin eraisteko asmoa daukatela eta haietako bizilagunekin hitz egiteko «tramiteak» abiatzen ari zirela. Zailtasunaren jakitun, auzia urtea amaitzerako bideratzen bada «ondo» egongo dela esan du Rodriguezek —urtebeteko epe hori ezarri du Juan Maria Aburto alkateak—.

Atzo iluntzean, manifestazio isila egin zuten Zorrotzan, eta Barinaga kaleraino joan ziren, sutea gertatu zen tokiraino. Izan ere, haien asmoa da istripuan kaltea jasandakoen «ondoan» egotea.

Zauritu bat, «oso larri»

EH Bilduren udal taldeko ordezkariek ere parte hartu zuten martxan. Ohar bat kaleratu du koalizioak suteari buruz; eskatu du «behin betiko» konponbidea emateko Landa eremuari eta bazterketa «arriskuan» dauden guneei. «Berdin da zein izan den sutearen arrazoia, hogei urte baitira etxeak arauz kanpo daudela, egoera txarrean». Kaltetuei ostatu emateko ere eskatu du.

Sutean zaurituetako bat oso larri dago, «muturreko» egoeran. Osakidetzak jakinarazi duenez, hildakoen aititak erreta dauka gorputzaren %30, eta aireztapen automatikoa jarrita dauka. Haren emazteak ere erreta dauka gorputzaren %60, eta larri baina «egonkor» dago. Beste hiru lagun daude ospitalean, baina haien bilakaera «ona» da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)