Gizarte laguntzak
Etxebizitza bakoitzeko DSBE bakarra egotea proposatu du Jaurlaritzak
Berria, , 31-05-2017Ordainketa finkatzeko eskala aldatu nahi du, adingabeak dituzten familiei lehentasuna emateko. Gobernuak erabakiko du urtero, aurrekontuen bidez, ordaina nola eta zenbat eguneratzen den, kanpoko adierazleetara lotu gabe. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko dituen ideiak aurkeztu ditu gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. Parlamentuan agerraldia egin du, sistemari buruzko ebaluazioaren eta aurrera begirako asmoen berri emateko. Orotara, legea moldatzeko hamabost neurri jakinarazi ditu. Horiei buruz eztabaidatu beharko dute orain legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek.
Elkarbizitza unitateei ematen zaie orain DSBEa. Hots, elkarrekin harremana duten eta elkarrekin bizi diren pertsonei. Kontzeptu hori aldatu nahi du orain Jaurlaritzak. Gaur egun, posible da etxebizitza batean elkarbizitza unitate gehiago egotea, eta, asko jota, bi DSBE onar daitezke. Gobernuak planteatu du, arau orokor gisa, laguntza bakarra egotea etxebizitza bakoitzeko .
EH Bilduk edo Elkarrekin Podemosek zalantzak azaldu dituzte, etxea partekatzetik aparte harremanik ez duten pertsonei diru sarrerak elkarrekin kudeatzera behartzen zaiela iritzita. Artolazabalek esan du neurriaren eragina aztertuko dela, onuradunen egoera eta izaera ezberdinak kontuak hartuta, eta legean arauari “salbuespenak” ezarriko zaizkiola.
Ordainketa arautzeko moduan ere moldaketa sakona jarri da aztergai. Gaur egun, Espainan indarrean dagoen gutxieneko soldataren ehuneko gisa kalkulatzen da ordaina. Lotura hori ezabatu nahi da. Errentak oinarri bat izango du (450 euro), eta gero osagarri batzuk gehituko zaizkio. Hala, DSBEaren onuradunak beste 200 euro jasoko lituzke. Hots, pertsona bakar bateko unitateak 650 euro jasoko lituzke hilero. Gaur egun, 634 euro dira, baina kontuan hartu behar da ordaina %7 murriztuta egon dela Patxi Lopez lehendakari zen garaitik.
Familiei lehentasuna
Familiei lehentasuna eman zaie eskala berrian. Adingabeak izatearen truke emandako osagarriak igotzea jasotzen du proposamenak. Lehen haurraren truke, 120 euro; bigarrenaren truke, 84 euro; hirugarren eta laugarrenaren truke, 60 euro, eta, hortik aurrera, 48 euro. Uneotan, soilik guraso bakarreko familiek dute osagarri hori (46,18 euro haur bakoitzeko). Gehienez ere, 1.200 euro jaso ahalko dira DSBEaren bidez. Gaur egun, guraso bakarreko familientzat 948 euro dira, eta 901 besteentzat).
Errenta eguneratzeko modua aldatuko litzateke, halaber. Orain arte, gutxieneko soldatan ezarritako igoeren pareko gorakada izan du ordainak. Aurten bide horri ez jarraitzea erabaki zuen Jaurlaritzak, eta, horren ordez, inflazioaren arabera eguneratzea erabaki zuen, aurrekontu proiektuan sartuta. Neurriak polemika handia piztu zuen, legeak ezarritakoa betetzeari uko egin ziolako Urkulluren gobernuak. Aurrera begira, kanpoko adierazlerik gabeko sistema ezartzea nahi du Artolazabalek. Hots, inflazioa edo gutxieneko soldata kontuan hartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak erabakiko luke urtero, aurrekontuen bidez, DSBEa igoko den edo ez, eta zenbatekoa izango den igoera.
Beste hainbat neurri proposatu dizkie Artolazabalek alderdiei. Hala nola errolda urteak murriztea adingabeak dituzten familientzat —hiru urtetik bi urtera—, eta betebeharrak arintzea errefuxiatuen kasuan. Kontrola handitzeko erreformak ere badaude. Esaterako, erroldatik aparte onuraduna benetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi dela egiaztatzeko neurriak. Azkenik, laneko soldata errentarekin osatzen dutenentzat ere formula egokituko litzateke. Soldata osatzeko osagarria apur bat murriztuko litzateke —400 euro izango lirateke, gehienez ere—, baina trukean orain duen denbora muga —bi urte, asko jota—, ezabatuko litzateke.
(Puede haber caducado)