Alokairu sozialaren alde egingo du Etxebizitza Guztiontzat plataformak
Gogor arbuiatu du Hego Euskal Herriko erakundeek bultzatutako etxebizitza politika, EAEko Lurzoruaren Legea barne, eta mobilizazioa iragarri du datorren apirilaren zortzirako Bilbon
Berria, 29-03-2006ZUBEROA ITURBURU – BILBO
Etxebizitza Guztiontzat plataformak kanpaina bati ekin dio. Haren ustez, etxebizitza eskuratzeko zailtasunari aurre egiteko, «salneurri tasatutako etxebizitzak bultzatzea» da Hego Euskal Herriko erakundeen apustua, eta, hori ikusita, alokairu sozialaren alde egingo du platafomak.
Zehazki, Jaurlaritzako alderdiek PSE – EErekin eta Aralarrekin hitzartu duten Lurzoruaren Legea aipatu zuen Beatriz Martxuetak, plataformako kideak, Bilbon. «Legearen bidez, tasatutako etxeetarako lur erreserbak sortuko dira, babes ofizialeko eta etxebizitza sozialen kalterako». Tasatutakoak besteak baino garestiago izango direla salatu zuen.
Horrez gain, mota horretako etxeak arbuiatzeko beste hainbat arrazoi azaldu zituen: «Eragile pribatuei etekin handiagoak uzten dizkiete, eraikuntza ofizialari buruzko datuak handitzeko aukera ematen dute horretarako aurrekontuak nabarmen handitu gabe, eta neurri patziala eta baztertzailea da».Izan ere, tasatutako etxeak bultzatzeak «etxebizitza politika behar larriena duten giza taldeetatik urruntzen du». Horien barnean sartu zituen gazteak, emakumeak, prekarietatean dauden langileak, langabeak, guraso bakarreko familiak, Oinarrizko Errenta jasotzen dutenak eta pentsiodunak, besteak beste.Politika horren kontrako martxa bat egingo dute Bilbon datorren apirilaren 8an. Jesusen Bihotzetik aterako da, 11:00etan, eta Eusko Jaurlaritzaren, ASCOVIren, Diputazioaren eta EUDELen aurretik igaroko da. Gainera, musika eta kale animazioa izango dituzte bidelagun.Martxaz gain, hainbat ekimen egingo dituzte aste horretan. Martxarako kartelak, berriz, Euskal Herriko hainbat lekutan ari dira banatzen dagoeneko.
«Konponbide unibertsala»
Plataformakoen iritziz, «gizarte politikek sektore guztiak hartu behar dituzte kontuan: maila ekonomiko altua dutenak, baina baita apalagoa dutenak ere». Etxebizitzari dagokionez, «konponbide unibertsala» bilatu behar dela adierazi dute.Horregatik, «alokairu sozialeko parke publikoaren alde» daude: «Etxe mota bat txiroentzat eta beste bat txiroak ez direnentzat eraikiz gero, gizartean desberdintasunak sustatuko dira: aurreiritziak, bazterketa, arrazismoa edota xenofobia».Horrenbestez, «pertsona guztiek aukera berberak izateko» helburua dute plataformakoek. Hori lortzeko hainbat proposamen eman dituzte aditzera.Batetik, erakundeei «arazoaren sustraietara doazen neurri ausartagoak» hartzeko eskatu diete. Etxebizitza politika gizartearen beharretara zuzentzeko ere eskatu dute, «eta ez etxegintza sektoreko enpresen etekinak erraztera». Bestetik, zuzeneko gastuaren bidezko diru publiko gehiago eskatu dute arazoa konpontzeko, «gastu fiskalean hainbeste xahutu ordez». Azken horrek «epe ertainera» salneurrien arazoa areagotuko duela jakinarazi zuten.Tasatutako etxebizitzek ez dutela arazoa konponduko uste du Etxebizitza Guztiontzat – ek: «Beraz, ez da beharrezkoa bat bera ere eraikitzea». Gainera, «guztion diruarekin» eraikitako etxeak «jabetza publikokoak» izan behar direla uste dute, «baliabide iraunkor moduan». Ondorioz, «diru sarreren araberako errentak dituen alokairu sozialeko parke publikoaren beharra» nabarmendu zuten.Aldarrikapen hauek guztiak ez dira berriak. Plataforma sortu zenean duela bi urte hitzartutako idazkian biltzen dira denak, beste batzuekin batera.Idazki hura 100 eragile inguruk sinatu zuten. Horien artean daude auzo elkarteak, gizarte eskubideen aldeko eta giza bazterketaren aurkako taldeak, sindikatuak, etorkinak babesteko elkarteak, gaztetxeak eta beste sektore batzuetan lan egiten duten talde zein elkarteak.
(Puede haber caducado)