Etorkinak legeztatzeko urratsa egin du Senatuaren Batzorde Judizialak

Immigrazioaren eztabaidak segitzen du, eta kalean milioi bat pertsona agertu dira etorkinen alde

Berria, 29-03-2006

max boehnel – NEW YORK

Immigrazioaren gainean abian den eztabaida aurki erreforma sorta bilakatzea espero da, baina etorkinentzat «legez kanpokoak» zein lan eta egoitza baimena dutenak arrakastatzat jotzen zuten hura joan den astelehenean. Izan ere, «legez kanpoko» 11 milioitik gora etorkinak ez jazartzeko bozkatu zuen Senatuaren Batzorde Judizialaren gehiengoak.

Gainera, langile etorkinen programa ondo babestutako baten alde egin zuen Batzordeak. Programa horrek urtero 400.000 langile atzerritar eramaten ditu AEBetara, eta haiei herritartasuna lortzeko aukera irekia uzten die. AEBetan sei urtez lan egiten duenak eta langabezian 60 egun eman aurretik programan horren berri ematen duenak Agiri Berde – rako eskubidea du. Horrez gain, «legez kanpokoak» kriminalizatzeko eskatzen zuten AEBetako talde eta norbanakoen eskaera errefusatu zuen Batzordeak. Horrelako lege zorroztea galdegin zuen iazko bukaeran Kongresuak. Halarik ere, astelehenean, Mexikorekiko muga gehiago militarizatzeko bozkatu zuen Batzordeak. Horren arabera, egun 11.300 kide dituen Mugetako Polizia bikoiztuko dute 2011rako, immigrazioa eragozten saiatzeko. Lege proposamenak akordioa lortzen badu, Senatu osoak eta George Bush presidenteak hura sinatu aurretik, AEBetako historian immigranteak legeztatzeko onartutako legerik zabalena eta hauek lanean jartzeko programarik handiena izango da. Orain arte errekor gisa jotzen zuten Peoien Legea deitua, zeinak 1942 eta 1960 artean Mexikotik AEBetara 4,6 milioi nekazari mexikar eraman zituen. Gaur egun, haietako gehienak herritar estatubatuarrak dira.

Etorkinen aldeko manifestazioak

Bitartean, immigrazioaren gaineko eztabaida errepublikanoak zatituta ageri dira egiten zutelarik, hiri handietan egunero dozenaka mila pertsonak manifestazioak egin dituzte, etorkinen aldeko legeak eskatuta.

Los Angelesen Latinoamerikako etorkinek «lege gizatiarra, bidezkoa eta ez arrazista» exijitu zuten aste bukaeran; manifestazioan milioi bat pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Hirian eginiko inoizko manifestaziorik handiena izan zen. AEB osoan gutxienez 20 hiritan egin zituzten halako protestak, eta antolatzaileek uste baino parte – hartze handiagoa izan zen. Kaliforniako protestetan agiririk gabeko langileez langile merkeak direlako aprobetxatzen diren lurjabeak salatu zituzten. Protesta askok, halaber, Bushen gobernuaz gain, immigrazioarekiko erasokorra den alderdi errepublikanoaren zatia izan zuten jomuga. Paperik gabeko etorkinak, lan esku merkea diren aldetik, mesedegarriak izaten dire enpresaburuentzat, eta gehienbat nekazaritzan eta zerbitzuen alorrean aritzen dira.Baina badira ikuspuntu protekzionista duten indar xenofobo eta arrazistak ere, AEBen latinoamerikanizazioaren beldur direnak. Bush presidenteak, Texasko (Mexikorekin muga egiten du) gobernadore zela immigrazio politika irekiagoa bilatu zuen, baina errepublikanoentzat AEBetan bizi diren 35 milioi hispanoen botoak lortzeko. Alabaina, 2001eko irailaren 11ko erasoen ondotik politika horrek zailtasunak izan zituen, histeria politikoa areagotu baitzen. Gaur egun errepublikano gehienek «legez kanpoko» etorkinak legeztatzea errefusatzen dute. Hala, aurrez aurre dute Etxe Zuria, errepublikanoen gutxiengoa, demokratak eta enpresaburuek osatzen duten koalizioa.

Legeak ez dakar amnistia

Datozen egunotan ikusiko da Bush zer neurritaraino den gai immigrazioaren aldeko eta kontrako errepublikanoak biltzeko edota arlo horretan kontrola galdu duen.

AEBetako immigrazio eztabaida Europako Batasuneko baldintzetatik aski urrun dago. Europak urtetan immigrazioa eragotzi du, arrazoi arrazistengatik, eta orain bere kanpoko mugetan jendea hiltzen uzten du, laguntza erakundeak kriminalizatzeaz gain. Horrek azaltzen du Hego Karolinako senatari errepublikano Lindsey Grahamek eginiko adierazpena. Astelehenean etorkinak legeztatzeko lege proposamenaren alde bozkatu zuen, demokratekin batera. «Legez kanpoko etorkinak legeztatzea ez da amnistia bat, inolaz ere; haatik, herritarra bilakatzeko ondo merezitako bidea eta eskubidea da», esan zuen Grahamek. «AEBek ez zuketen nazio gisa aukerarik izango, langile eta jende hori gabe», nabarmendu zuen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)