Don Inorrez

Berria, Juan Kruz Lakasta, 25-05-2017

Don Inorrez deitzen didate

eta ni sasi artean iratzarritako

izurde bat naiz

arnasa har nezake

baina ito egiten naiz.

(Bide Ertzean).

Azaroan aurkezpeña egin zuten epaitegien aitzinean, auzipeturiko gazteari atxikimendua adierazteko. Erran nahi baita jendetza elkartu zela babesa ematera. Han ziren auzoko gizarte talde gehienetako ordezkariak, koadrilako lagunak, auzokideak.

Sostengu talde bat eratu dute. Manifestazioa ere egin dute. Hedabideetara joan dira, bidegabekeria azaltzera. Eta gaia udaletxera eramanez, gaztearen aldeko mozio bat aho batez onartua izatea lortu dute. Korrikan lekukoa eraman du. Festetan txupinazoari su eman dio.

«Gure auzokoa babestu nahi dugu!», aldarrikatu dute; «Bera babesteko auzolan solidarioa eginen dugu», iragarri; «Kanporaketarik ez, erantzunik gabe!», oihukatu.

Kanporaketa, bai, honako honetan arazoa ez baita auzoko gazte bat espetxeratu nahi dutela baizik eta auzoko gazte bat kanporatu nahi dutela: poliziak kalean paperak eskatu zizkion eta epaileak kanporatzeko agindua eman du. Helegitea aurkeztu dute, baina auziak ez du itxura onik, ?kasu honetan ere? legea nahieran egindakoa baita.

Gaztea ez da Iker ?edo Josu, edo Xabi? baizik eta Cheickh Dieng, Senegalen jaiotako txantrearra. Lagunek Cheikhouna deitzen dute. Eta guardia zibilek, Don Inorrez. Izan ere, duela hamabi urte Kanariar Uharteetara txalupaz iritsi zelarik, berak argi esan zien izena zain zituen txapelokerrei: Cheickh Dieng. Baina haiek ez zuten ulertu, edo ulertzeko ahalegin handirik ez zuten egin. Konprenitu zuten apurra konprenitu zuten moduan transkribatu zuten, izena bailitzan: Seku. Eta abizena asmatu egin zuten: Nadie. Seku Nadie. Don Inorrez. Hala azaltzen da Europan egin zioten lehen agirian.

Atzo, lerrook idazten nituen bitartean, 30 Inorrez ito ziren Mediterraneoaren erdian, Libiatik Italiarako bidean. Twitterren sartuta, nahi gabe egin nuen topo haien gorpuekin. Jarraitzen dudan lagun batek Chris Catrambone kazetariaren mezu bat birtxiokatu zuen. Catrambone argazki kamerarekin zuzenean dokumentatzen ari zen zurezko txaluparen ondoratzea, erreskate ontzitik. Sekuentzia latza: zurezko txalupa urrutian; txaleko laranjadun migranteak uretan plisti-plasta ez horren urruti; itotakoak geldo flotatzen gertu; gorpuak, plastikozko poltsa zurietan bildurik, oso hurbil, erreskate ontziko kubiertan botata.

Catramboneren laburpena, «no words». Eta telebistan, seguru asko, no images. Gaueko albistegiak hasi aurretik amaitu nuen zutabea. Baina ez dut uste 30 Inorrez horiek pantailan azalduko zirenik. Nazio Batuen Erakundearen arabera, batez beste, egunero 14 Inorrez itotzen dira Europara iritsi nahian eta ezinean. Inorrez gehiegi, egunero albistegian tartea egiteko.

Baina tranpatia litzateke erru guztia telebista albistegiei egoztea: egunero Inorrez itoak pantailaratuko balituzte, akaso katea aldatuko genuke. Ikuskizun itogarria gure azal zuri eta finentzat. Gainera, Mediterraneoa lekutan dago ?behintzat Inorrezekin kezkatzeko; oporretan joateko, ez horrenbeste?.

Gertuagotik, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugatik, Euskal Herriaren bihotzetik, batez beste, 3,9 Inorrez kanporatzen dituzte egunero. Gure hiri eta herrietako karriketan, kolore guztietako poliziek ?uniformearen koloreaz ari naiz, ez azalarenaz: horretan bai askotarikoa gure herria? egunero eskatzen dizkiete paperak kolore guztietako Inorrezei ?orain bai, orain azalaren koloreaz ari naiz, haiek gelditzeko arrazoi nagusiaz?, kanporatze espedienteak hasteko.

Baina akaso hala hobeki, bestela laguntza sozial guztiak jasoko bailituzkete, iruzur eginez. Edo, tira, agian hori gehiegi esatea da ?gero eta gehiagok esaten badute ere?; baina, kasu, a zein nolako kaltea eragiten dieten kanpoko kale saltzaileek haien zergak zintzoki ordaintzen dituzten bertako dendariei. Horretan bai, horretan denok ados.

Denok ados, txantrearrak izan ezik. A ze lezioa eman duten ?eman diguten? txantrearrek Don Inorrez Cheikhouna dela aldarrikatuz, eta kontsekuenteki jokatuz, protestatuz eta borrokatuz. Jabetu nahi ez badugu ere, gurean jende asko sentitzen baita sasi artean esnatu den izurde baten moduan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)