Libiako zulo beltzetik ihesean

Mediterraneoan 34 lagun hil dira itota. Jada 50.039 iheslari iritsi dira aurten Italiara. Abdul Karim Traore da horietako bat; bi egun eta gau egin zituen itsas zabalean.

Berria, Kristina Berasain Tristan, 25-05-2017

Tragediak ez du etenik. Mediterraneoan beste ontzi bat makurtu, eta karelean zeramatzan 500 iheslarietatik 200 uretara erori ziren atzo. Horietatik gutxienez 34 hil ziren itota, tartean hamar bat haur. Zuaratik abiatu zen itsasontzia, Libiatik, herenegun gauean, eta atzo goizean, kostaldetik 30 milietara zegoenean, olatu batekin egin zuen talka. Italiako Kostazaina, Maltako MOAS gobernuz kanpoko erakundeko ontzia, eta atoiontzi bat aritu ziren salbamendu lanetan, baina, ezinean ibili ziren, eta itsasoan ikusitakoaren drama zabaldu zuten Interneten. Twitterrean jarritako argazkiarekin esaldi bat: «Ez da beldurrezko pelikula bat… Europako atarian gaur gertatzen ari den tragedia erreal bat da».

Munduko itsasbide arriskutsuena da Libiakoa. Arriskuak, baina, ez die gerratik, pobreziatik edo jazarpenetik ihes egiten dutenei bidea abiatzeko adorea kentzen. Gehien erabiltzen den zeharkaldia da orain Libiakoa —Greziako linboa aintzat hartuta ekialdeko errefuxiatuek bideak aldatu dituzte—. Aurten jada 50.039 lagun iritsi dira itsasoz Italiara, iaz baino %46,16 gehiago. Eta hildakoen kopuruak ere gora egin du: 1.364 lagun hil dira Mediterraneoan; iaz, 5.000 ito ziren.

Zenbakien atzean izenak

Zenbaki horien guztien atzean, tragediak daude, baina baita izen-abizenak ere, bizitzak eta ametsak. Abdul Karim Traorerena da horietako bat. BERRIAri kontatu dionez, iazko irailean abiatu zen jaioterritik, eta errefuxiatu askoren ibilbide luze eta ankerrekin alderatuta, harena zeharkaldi azkarra izan zen: «Azaroan iritsi nintzen Italiara». Traore (Temanto, Senegal, 1993) Bengazitik itsasoratu zen, eta bi egun eta gau pasatu zituen Mediterraneoan: «Itsasoa beldurgarria da. Sekula ez dut halako izurik izan; ez nekien igerian, zorabiagarria zen, eta hotz nintzen. Azaroa zen, apenas nuen jantzirik, eta hipotermiak jota bukatu nuen».

Mahmud anaiaren itzalean abiatu zuen zeharkaldia Abdul Karimek; 9 urte baino ez zituen anaia zaharrak etxetik alde egin zuenean. Hark hiru urte luze behar izan zituen kontinente beltza zeharkatzeko, sosik gabe geratzen zenean lan egin behar izan baitzuen. Anaia gazteenak, berriz, zaharraren laguntzari esker, bidaia ordaintzeko aski diru izan zuen: «Nuakxot-Bamako-Niger autobusez egin nuen, eta, gero, tuaregei ordaindu nien basamortua zeharkatzeko; Agadeztik Libiaraino».

Samurragoagatik bidea inorentzat ez da goxoa izaten. Okerrena Libian aurkitu zuen Traorek: «Libia ez da Afrika. Han sentitu nintzen beltz lehenengo aldiz. Oso herrialde arrazista da».

Traore bi astez egon zen bidaideekin batera ezkutatuta, hiriaren kanpoaldean, zulo batean, ia janaririk gabe, trafikatzaileek kostazainekin ontzia eskuratzeko negoziatzen zuten bitartean. «1.500 euro ordaindu nien, eta, azkenean, gau batez, 97 lagun itsasoratu ginen», dio.

Esklabo merkatuak

Libian itxaroten egoten diren errefuxiatu asko eta askoren bizi baldintzak, baina, zulo batean bi astez janaririk gabe egotea baino askoz ere makurragoak dira. Traorek ez zuen horren berri izan, baina badaki zulo beltza dela herrialdea. Apirilean argitara ateratako txosten baten arabera, baldintza gizagabeetan dituzte atxilotze guneetan dauden iheslariak. Esklabo gisa baliatzen dituzte, tratu txarrak eman, torturatuz eta bortxatuz, eta exekutatu ere egiten dituzte, baita basamortura deportatu ere.

IOM Migrazioaren Nazioarteko Erakundeko Mohammed Abdikerren arabera, esklabo merkatuak sortu dituzte: «Saharaz hegoaldekoek bizi duten egunerokoa da. Hilabete batzuk esklabo erabili ondoren, kale bazterretan uzten dituzte, edo hil».

Libian milioi bat errefuxiatu daude, itsasoa zeharkatzeko zain, askotan jaioterrira ere itzuli ezinik, eta atxilotze guneak gainezka daude. Nazio Batuen Erakundeak atzo bertan eskatu zuen atxilotze gune horiek ixteko. Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria Tripoli izan berri da eta hor ikusitakoekin asaldatuta agertu da.

Muammar Gaddafi boteretik bota zutenetik, duela sei urte, zatituta dago Libia. Nazio Batuen Erakundeak ezarritako batasun nazionalaren gobernuaz gain, Tripoliko eta Tobrukeko gobernuak daude, batak bestearen zilegitasuna izan gabe, eta desgobernu horretan, miliziek eta trafikatzaileek agintzen dute.

Europako Batasunak, errefuxiatu jarioa murrizteko ahaleginean, 200 milioi euroko akordioa egin zuen abenduan Libiarekin. Kontinente zaharra gotortzea da asmoa, baina kontinente beltzaren egoerari erreparatu gabe.

Afrika baita munduan desplazatu eta errefuxiatu gehien dituen kontinenteak. Iaz segundoero lagun batek utzi behar izan zuen bere etxea munduan, 6,9 milioi guztira, asko eta asko, 2,6 milioi Afrikan. Kongoko Errepublika Demokratikoan 922.000 desplazatu berri izan ziren iaz. «Krisi ahaztuena da; 7,3 milioi errefuxiatu eta 2,2 desplazatu daude», ohartarazi du Ulrika Blomek, Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko ordezkariak. Afrikako Egunaren atarian eman dituzte datuok —gaur da eguna—.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)