Gizartea

Poliziak 27 migratzaile atxiki ditu Bilboko portuan

Erresuma Batura joateko asmoa zuten atxilotuek. Espainiako Poliziak aske utzi ditu batzuk, baina haien aurkako kanporatze agindua emanda

Berria, , 18-05-2017

Erresuma Batura joan nahi zuten, baina ez diete utzi. Espainiako Poliziak 27 migratzaile atxilotu ditu azken bi egunetan Bilboko portuan. Ferrya hartu eta Portsmouthera iritsi nahi zuten, han asiloa eskatzeko asmoz. Albaniako, Afganistango eta Pakistango herritarrak dira; eta horietako asko, adingabeak.

Atxiloketa gehienak, 24, asteartean egin zituen Poliziak, baina ihes egindako beste hiru pertsona atxiki zituzten atzo. Euskadiko CEAR Errefuxiatuei Laguntza Emateko Batzordeko presidente Javier Galparsoro abokatuak BERRIAri adierazi dionez, horietako batzuk aske utzi dituzte, baina haien kontrako auzibidea abian jarria du epaileak: «Atxilotutako migratzaileetako batzuekin egoteko aukera izan zuen gure lankide batek, eta, dirudienez, zigor espedientea zabaldu diete, paperik ez dutelakoan. Kanporatzea ekar lezake horrek, baina alegazioak aurkeztea falta da».

Calaisko (Frantzia) errefuxiatu esparrua desegin ostean, migratzaile askok Bilbora jo dutela uste du CEAR-eko buruak. «Une honetan, errefuxiatu eta desplazatu askoren esperantza bihurtu da Erresuma Batura heltzea. Batzuek senideak dituzte han; beste askok uste dute asiloa eskatu eta berehala onartuko dietela. Gehienek ez dakite errealitatea askoz gogorragoa dela, eta berdin-berdin kanporatu ditzaketela».

Orain arte, atxilotuetako bakar batek ere ez du asilo eskaera tramitatu, eta hori «kezkagarria» dela esan du Galparsorok: «Ez dakigu zergatik ote den. Agian, Erresuma Batura iritsi arte ez dute baimenik eskatu nahi; edo Poliziak ez die esan asiloa eskatzeko aukera dutela».

Abokatuak gaineratu du Bilbon atxilotu dituztenak ez direla «legez kanpoko etorkinak», eta ez dutela deliturik egin: «Errefuxiatuak eta migratzaileak dira gehienak, eta eskubide osoa izan beharko lukete Europako herrialdeetan babesa bilatzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)