Hiru landerretako bozetan nagusitu ostean, irailera begira jarri da Merkel
Ipar Renania-Westfalia gotorleku sozialdemokratan nagusitu da CDU. Irailaren 24an dira bozak
Berria, , 16-05-2017par Renania-Westfaliako bozetan ere irabazi du Angela Merkelek. «CDUk oso-oso emaitza onak izan ditu». Sarre eta Scheleswig Holstein landerretan ere izandako garaipenaz ari zen kantzilerra, baina igandekoak esanahi berezia dauka; Ipar Renania-Westfalia SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren gotorleku historikoa izan da —hamazazpi urte zeramatzaten agintean sozialdemokratek—, eta, landerrik jendetsuena izateaz gain, azken hitzordua zen iraileko hauteskunde orokorren aurretik.
Alemaniako kantzilerra jada irailera begira jarri da, eta inkestak alde dituela abiatu du kanpaina. CDU Batasun Kristau-Demokratak botoen %37 eskuratuko lituzke irailaren 24an, eta sozialdemokratei hamar bat punturen aldea aterako lieke.
Merkel laugarren agintaldia eskuratzetik gertu dagoen bitartean, haren aurkari nagusia ez dago bere onenean. Martin Schulzek kolpea jaso du, bata bestearen atzetik; nabarmenena, igandean. SPDk botoen %31,2 lortu ditu, duela lau urte baino 7,9 puntu gutxiago. Hannelore Kraftek, lander horretako buru sozialdemokratak, bere egin du porrota, eta dimisioa eman du. Schulzentzat, hala ere, «egun zaila» izan zen herenegungoa, «alderdiarentzat eta niretzat». Atzo, berriz, baikorrago agertu zen: «Bidea harriz beteta egongo da, gogorra izango da, baina konfiantza daukat».
Eskuin muturra, gora
Ipar Renania-Westfalian, bada, gobernu aldaketa gertatu da, eta herrialdean gerta daitekeenaren iragarpena izan daiteke. Merkelen CDUk botoen %33 eskuratu ditu lander horretan —2012an baino 6,7 puntu gehiago—; Armin Laschet izan da nagusi.
Badira, ordea, bestelako xehetasun aipagarri batzuk ere. Lehia bi alderdi nagusien artekoa zen arren, eskuin muturra laugarren tokian geratu da, eta lehen aldiz ordezkaritza izango du eskualdeko legebiltzarrean, botoen %7,3 lortuta.
Boto gehien lortu duen hirugarren alderdia, berriz, liberala izan da; FDP Alderdi Liberalak botoen %12,6 eskuratu ditu; lau puntuko gorakada. Galerarik handiena, berriz, berdeek izan dute, botoen %6 inguru eskuratuta.
Merkel indartuta atera da landerretan aurten zeuden hiru bozetatik, eta, «fase berri» honetan, «orain arteko barne kohesio berarekin borrokatzea» giltzarri izango dela esan du.
(Puede haber caducado)