Gizartea
CEAR-ek salatu du Nigeriako andreen «banaketa gune» bihurtu dela Bilbo
Andreen sexu esplotaziorako salerosketa «muga politikaren ondorioa» dela uste du elkarteak
Berria, , 12-05-2017Euskadiko CEAR-ek jakinarazi duenez, Bilbo «banaketa gune» bilakatu da sexu esplotaziorako salerositako nigeriar emakumeak penintsulako beste toki batzuetara bidaltzeko, eta, «ziurrenik», Europara bidaltzeko ere bai. Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen EAEko ordezkaritzaren arabera, hala berretsi dute Nigeriako «salerosketa sareak» desegiteari buruzko azken albisteek, baita taldearen arreta kolektiboan «antzeman» dituzten egoerek ere. Gainera, emakume horien kopurua handitu dela salatu du.
Elkarteak ikerketa bat egin du salerosketa sare horiei buruz, «mugak itxi eta militarizatu» direneko testuinguruan. «Genero jazarpen mota bat da sexu esplotaziora bideratutako salerosketa. Andre horiek errefuxiatuak direla defendatzen dugu». Atzo plazaratu zituzten ikerketaren emaitzak, Deustuko Unibertsitatean egindako jardunaldi batean. 2016an, sexu esplotaziorako biktima izatearen zantzuak zituzten 40 emakume artatu zituen elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
NBE Nazio Batuen Erakundearen txosten bat ekarri dute gogora CEAR-eko kideek: «Espainia da salerosketa sareen helmuga eta bitarteko herrialde nagusietako bat». Uste dute Europan 140.000 andre daudela egoera horretan. «Mugen politikaren ondorio larrienetakoa da emakumeen salerosketa; mugak kontrolpean eta militarizatuta edukitzearen ondorio, hain zuzen». Horregatik, andreen gorputzetan eta bizitzetan dauzkan ondorioak aztertu dituzte: «Saharaz hegoaldetik datozen emakumeentzat ia ezinezkoa da migrazio prozesua gauzatzea sexu indarkeriarik pairatu gabe, edo salerosketa sare batean erori gabe». CEAR-en arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira, batez ere, herrialde hauetatik iristen dira salerosketaren biktimak: Nigeria, Errumania, Txina, Paraguai, Brasil eta Dominikar Errepublika.
Beste urraketekin batera
Gehienak 23 eta 27 urte bitarteko emakumeak dira, baina, Poliziak eta gizarte erakundeek ohartarazten dutenez, «gero eta adingabe gehiago» dago euren artean. «Engainatuta» datozela oroitarazi du CEAR-ek, eta erantsi du jatorrizko herrialdera itzultzea «sekulako» arriskua izan daitekeela haientzat: «Gerta daiteke berriro biktimak izatea, berriro salerosiak, bakartze soziala pairatzea, edo beren funtsezko eskubideak larriki urratzea». Finean, sexu esplotaziorako salerosketa giza eskubideen beste urraketa «larri» batzuekin batera gertatzen delako, CEAR-ek gogorarazi duenez.
Horregatik, mugetan nazioarteko babesa jaso ahal izatea bermatzeko eskatu du elkarteak: Espainiako hegoaldeko mugetan, baita portuetan eta aireportuetan ere. Horrekin batera, euren eskubideei buruko informazioa jasotzen dutela bermatzea galdegin du, nazioarteko babesa jasotzeko eskubidea barne. Andreak salerosketaren biktimak direla atzeman ahal izateko, berriz, horretan adituak diren erakundeak aintzat hartzeko ere eskatu du.
Era berean, emakume horiek papergabeak atxikitzeko zentroetan ez sartzea proposatu du, eta «hiltzeko» arriskua duten tokietara ez itzularaztea. Azkenik, arlo honetan eskumena dutenei generoaren eta giza eskubideen arloko prestakuntza emateko beharra planteatu du elkarteak, eta, «bereziki», segurtasun indarrei.
(Puede haber caducado)