Giza trafikoa
Emakume nigeriarren salerosketan aritzen diren sareentzat "banaketa gune" bilakatu da EAE
Berria, , 11-05-2017Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen arabera, azken bi urteetan ugaritu egin da sexu esplotazioaren biktima diren emakumeen presentzia. Iaz sexu esplotazioaren biktima izan ziren 40 emakume nigeriar artatu zituen Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR). Gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez azken bi urteotan ugaritu egin da giza trafikoaren biktima izan diren emakume nigeriarren presentzia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Errefuxiatuak: sexu esplotazioa helburu duen trafikoa mugen militarizazioaren eta itxieraren testuinguruan txostena aurkeztu du batzordeak Bilbon. Haren arabera, EAE “banaketa gune” bilakatu da" emakume nigeriarren salerosketan aritzen diren sareentzat. “Mugak itxi eta militarizatu izanaren ondorio larrienetako bat da giza trafikoa. Izan ere, Saharaz hegoaldeko herrialdeetan bizi diren emakumeentzat ia ezinezkoa bilakatu da handik irtetea sare horien esku erori gabe”.
Erakundeak nabarmendu du oso zaila izan ohi dela giza trafikoaren biktima izan direnekin harremanetan jartzea, “arrisku egoeretan” daudelako eta trafikatzaileek euren familiei min egitearekin mehatxatzen dituztelako. “Euren herrietara itzularaztea ere ez da irtenbidea izaten, gertatutakoa eta gero baztertu egiten dituztelako”.
Txostenean jasotako datuen arabera, Europan 140.000 emakume daude egoera horretan. Gehienak 23 eta 27 urte artean dituzte, baina gero eta gehiago dira adingabeak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nigeriarrak dira gehienak; baina badira Errumania, Txina, Paraguai, Brasil eta Dominikar Errepublikakoak ere.
(Puede haber caducado)