Gizartea

Zapi bat baino askoz ere gehiago

Bueltan-bueltan eserita, emakume musulman batzuk; zapia soinean gehientsuenak. Gipuzkoako hainbat herritan bilkurak sustatzen ari dira, islamofobia hizpide hartuta. Haiek ahalduntzea da helburua, bazterkeria egoerarik «normaliza» ez dadin.

Berria, Arantxa Iraola, 10-05-2017

Zapia buruan. Bereizgarri agerikoena horixe zuten larunbat arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa) Emakumeak islamofobiaren aurrean tailerrean parte hartzeko elkartu ziren Tolosaldeko andre musulmanek. Bakar batek zeraman burua tapatu gabe. Gainerakoek, adineko eta gazte —12 urteko neskak baziren tartean—, harro erakutsi zuten emakume musulmanen bereizgarri agerikoenetakoa. Tailerra SOS Arrazakeriak Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioari aurkeztutako proposamen baten fruitua da, eta, Gipuzkoan bezalaxe, Galizian ere ari dira tankera berekoak egiten. «Asmoa da emakumeei hitza ematea; ikustea zer daukaten esateko, zein diren haien esperientziak», azaldu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ordezkari Anaitze Agirrek. «Izan ere, askotan diskriminazioa normalizatu egiten da: ‘Normala da’, esaten da». Bidegabekeria hori biluzik utzi nahi dute, eta baztertu egin nahi dituzte andrazko horien mendeko izaeraren inguruko uste ustelak ere. «Sarri, haiexek erabakitzen dute zapia janztea».

Ez da, ordea, debaldeko keinua. Argi geratu zen tailerrean: denen partetik. Hassina Ahmed, esaterako, sahararra da, Anoetan bizi da. Soinean daramatzatenengatik egiten dizkieten begirada arbuiozkoak guztiz kritikatu behar direla uste du: «Horrela begiratzen dutenek ez dakite. Ez dakite ezer». Fatima Korma Marokon sortua da, etaVillabonan bizi da. Arbuio begiradez haragokoa da haren esperientzia. «Orain gutxi, gizon bat hurbildu zitzaidan, eta listua bota zidan berokira. Haserre bizia sentitu nuen». Enguia Mohamed ere Saharan sortua da. Umetxo bat du; belaunetara hurbildu zaio, jolasti. Esperientzia garratz bat du hark ere, 2015ekoa, umea sabelean zuenekoa. «Villabonan paseoan nindoan, ahizparekin; hitz itsusiak esan zizkiguten». Tailerrean jasotzen dituzte halakoetan erantzuteko gakoak.

Esamesen itzala uxatzeko

Itaunak ere proposatzen zaizkie, ahalduntzeko; feminismoan hazten laguntzeko. Hain justu, oroitarazten zaie zeinen garrantzitsua den elkartzea aurre egiteko komunitate barruan —komunitate gehienek izaten dute hori ezaugarri— ohiko erretenetik irtetean sortzen diren esamesei. Kristina Morales Tolosaldeko migrazio teknikariak parte hartu zuen tailerrean; belaunaldi berriekin da bereziki baikorra. «Badira rol aldaketak». Hori berresteko, bi andre gazte. Badia Abbou Marokon sortu zen; 8 urte zituela, orain hamasei urte, Kataluniarako bidea hartu zuen sendiak. Anoetan bizi da egun, ezkonduta. Zapia darama bigarren hezkuntzan hasi zenetik: «Neure erabakiz jantzi nuen». Egun, ezingo litzateke hura gabe irten kalera: «Garrantzitsua da: neure-neurea dut». Uste du komunitate barruan feminismoan hazteak ez duela atzera bueltarik; adinekoagoak diren andreekin solasean aldea agerikoa dela. «Gu libreagoak gara; nire alabak oraindik ere libreagoak izango dira». Antzera Souad Sobae. 22 urte, ezkondua. Zumarragan sortua. Marokokoa du sendia. Haiek ez diotela inoiz egin beharrekorik ezarri dio; zapia jarri eta kendu ibiltzen da, libre. Hori ere ez da debalde. Badaki: «’Ezkondua eta zapirik gabe?’. Halakoak ere pentsatzen ditu jendeak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)