Frantzia
Zentro eskuinaren eta eskuin muturraren artean erabakitzeko eguna dute Frantzian
Berria, , 07-05-2017Emmanuel Macron zentro eskuineko hautagaiaren eta Marine Le Pen eskuin muturrekoaren artean aukeratu behar dute presidentea, gaur, Frantziarrek. Eskuin muturra sahiesteko deia egin dute bigarren itzulitik kanpo gelditu diren gehienek, eta inkestek Macron jotzen dute garaile. 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita hautetsontziak. Haiek itxi eta segituan aterako dira estimazioak, eta ez da espero emaitza ofizialak iristerako denbora asko pasatzerik. Lehen itzulian estimazioek bete – betean asmatu zuten. Ezohiko presidentetzarako bozen bigarren itzulia egingo dute gaur Frantzian. Bi presidentegai, bi ultraliberal, aurrez aurre: Emmanuel Macron Ekonomia ministro ohia eta Marine Le Pen eskuin muturraren burua. V. Errepublikan lehen aldiz, bi alderdi tradizionalak ez daude gaurko hitzorduan —PS Alderdi Sozialista eta LR Errepublikanoak—. Ezkerreko boto – emaileen hautua giltzarria izango da, espero baita askok abstentziora jotzea. sHor egongo da emaitzaren gakoetako bat, inkestek abstentzio altua aurreikusten dute eta.
Bigarren itzulira igaro zen unean irabazi zituen bozak Macronek. Hala dirudi behintzat inkestei eta gainerako hautagaien jarrerari erreparatu. Marine Le Pen ultraeskuindarra agintera irits ez dadin, Macroni botoa emateko deia egin dute lehen itzulitik kanpo gelditutako hautagai gehienek. Le Penen kontrako botoak jasoko ditu Macronek, bere aldekoak baino gehiago.
Lehen itzulian erraz nagusitu ziren Macron eta Le Pen. %24ren babesa jaso zuen Macronek eta %21,3rena Le Penek. Eta alderdi konbentzionalen gainbehera ere ikusi zen emaitza horietan. Errepublikanoek %20ren babesa bakarrik lortu zuten, eta PS alderdi sozialistak ez zuen %7aren baberik ere lortu. Bi horiek Macronen aldeko botoa eskatu dute.
Hain justu PStik dator Macron. Francois Hollanden gobernuan egon zen, eta Ekonomia Ministro zelarik alderdia utzi zuen. Martxan! mugimendua sortu zuen orduan, eta hauteskundeetara aurkezteko asmoen berri eman ez zuen arren, erraz usaintzen zen bere nahia. Mugimendu horrek presidente izateraino eramango du orain, itxura guztien arabera. Asanblea Nazionala aukeratzeko hauteskundeak ekainean egingo dituzte, eta oraindik ez du jakinarazi harako talderik aurkeztuko duten, baina zaila da talderik gabeko presidente bat egon daitekeela pentsatzea.
Bigarren itzulirako hauteskunde kanpainan bi hautagaien arteko eztabaida ere izan da. Zakarra eta gogorra izan zen bien arteko dialektika, baina, guztien Macron jo zuten hango garaile. Izan ere, beste alderdietako jarraitzeleen botoak lortzeko, ordura arte izandako diskurtso gogorra malgutzea komeni zitzaion Le Peni, baina ez zuen asmatu, eta gezurrak baliatu zituen ezinak ezkutatzeko.
Frantzia eta Europa jokoan
Presidente berriak egoera gogorra kudeatu beharko du: hamar urteko neurri liberalen ostean, langabezia %10era igo da —bederatzi milioi pertsona inguru—. Gainera, lau milioi txiroak dira. Herrialdea larrialdi egoeran dago, besteak beste, Parisko eta Nizako erasoen ondorioz, eta xenofobia eta ultranazionalismoa areagotu egin dira.
Europa ere Frantziara begira izango da gaur, europazale amorratu bat —Macron— eta euroeszeptiko sutsu bat —Le Pen— baitaude aurrez aurre. EB Europako Batasunak ez du B planik eskuin muturrak irabaziz gero. Bruselak aitortu dutenez, Macronen garaipena “haize freskoa” litzateke.
(Puede haber caducado)