Bide guztiek, Gernikara
Pertsona guztiak askatasunez ibiltzeko eskubidea eta mugak zabaltzeko eskaria, biak izan dira milaka lagunen aldarria Gernikan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren deialdiari erantzunez.
Berria, , 30-04-2017Euskal Herria babes herria da. Baina Europako Batasunaren eta gobernu askoren politikek ez diete uzten hona iristen errefuxiatuei. Hala ere, politika horiek apurtzea lortuko dugu». Hassana Aalia sahararraren hitzak dira; Euskal Herrian lortu zuen babesa, Marokok bizi bitarteko kartzela zigorra ezarri ostean. «Ekinez eta gizartearen presioaz» eskuratu zuen errefuxiatu estatutua, atzo Gernika-Lumon (Bizkaia) gogora ekarri zuenez. Haren iritziz, egunotan Bizkaiko udalerrian egin diren mobilizazioak «garrantzi tsuak» dira errefuxiatuen aldeko lan ildo bat zabaltzeko.
Hain justu, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta, ekitaldiz jositako asteburua dute udalerrian: Ongi Etorri Gernika 2017 ekinbidea da, bonbardatzearen 80 urtemuga bete berri den honetan. Munduan gertatzen ari diren «beste Gernikak» salatzeko asmoz, eta migra tzaileei eta errefuxiatuei ongi etorri esateko milaka pertsona iritsi ziren atzo martxan, zutabetan. Gehienak Euskal Herritik, baina baita a tze rritik ere. Oinez, bizikletaz eta garraio publikoan, ostiralean abiatu eta Muxikan elkartu ziren atzo arratsaldean, azken kilometroak elkarrekin egiteko. Gaurko, besteak beste, tailerrak eta mintegiak antolatu dituzte.
Adin eta jatorri guztietako pertsonak elkartu ziren, denak bandera eta zapi horiak jantzita. Txalo artean eta elkar agurtuz har tzen zituzten agertuz zihoazen guztiak; izan ere, «ongi etorri» da atzo gehien entzundako hitza. Ongi etorri, Hassana, Monika, Mahmud, Marian, Yahoo, Marta edota Pilarri. Ekitaldi batean parte hartu zuten denek atzo, eta helburu nagusi bat izan zuten: beste Gernika horiek euskal herritarrei hurbiltzea. Gerra, gosete eta zigorretatik ihesi, dena utzi eta bizitzeko era berriro ere hutsetik hasi behar duten pertsonen izenean solastatu ziren.
Motiboek lotuta
Herrialde eta jatorri desberdineko pertsonak dira, baina ihes egiteko arrazoi eta zio berbera izan zutela ekarri zuten gogora: «Interes ekonomiko inperialista». Mariam Fathi, esaterako, Kurdistandik etorri zen; urteak dira bere herriak «genozidio kanpainak» jasaten dituela. Gazteak salatu zuen egoera aski latzean daudela hainbat herrialdetako administrazioetan zatituta: «Estatuek metodorik gogorrenak darabiltzate gure herriaren kontra. Horri aurre egiteko, gizarte eredu berri bat eraiki beharra daukagu. Elkartu behar dugu, bidezkoa eta askea izango den munduaren alde borrokatzeko».
Mundua hobetzeko beharra aipatu zuen Yahoo Codo siriarrak ere: «Gernikak memoria eta itxaropena ordezkatzen ditu, faxismoaren eta diktaduren aurka borrokatzen jarraitzeko. Nire herriaren itxaropena da». Familia ia osoa hil zaio Codori Sirian. Gasteizen ikasten ari zela piztu zen gerra haren herrian. Inoiz ez zuen pentsatu errefuxiatuta geratu beharko zuenik Euskal Herrian.
Hesien gainetik, salto
Mahmud Traore Senegaldik etorri zen Europara, 2005ean, bere herrian bizi baldintza duinik ez zeukalako. Hiru urte behar izan zituen hainbat herrialde igaro tzeko. Kide asko bidean utzi zituen, desertuan, «siku». Ceuta hiriko inguruetara iristea lortu, eta mugaren gainetik jauzi egiteko bat egin zuen migratzaile mul tzo batean parte hartu zuen. Gernikan gaur aurkeztuko du berak egindako bidaiari buruzko liburua: Alde egin, konta tzeko. Traorek duela 80 urteko euskal biktimen senideei elkartasuna adierazi nahi izan zien atzoko ekitaldian. Eta itxaropen mezua zabaldu zuen: «Egoera la tza bizi duten arren, nire herrikideek burua tente dute oraindik ere».
Eta burua tente hitz egin zuen Martak, Kolonbiako indigena bera. Paramilitarrek aterarazi zuten bere lurraldetik; Union Fenosa enpresa zen lurren jabea. Hain zuzen, multinazionalei eta gobernuei egotzi die lekualda tzeen «errua». Horregatik, oso haserre dago Gernika sarietako bat Kolonbiako presidenteari eman diotelako. Kritikoa da: «Ez dugu alde egiten hala nahi dugulako, ez dagozkigun gerrek behartuta baizik». Beraz, «ateak» ez ixteko eskatu zuen.
Euskal Herriko bonbak
Mugak zabaltzeko eskatu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek, eta migratzea «eskubidea eta askatasun sinboloa» dela oroitarazi zuten. Egoera «bidegabeak» aldatzeko borrokatu behar dela aldarrikatu zuten, eta lan lerro asko daudela lantzeko: «Euskal Herrian egindako bonbek errugabeak hiltzen dituzte beste herrialde batzuetan».
Hain zuzen, 1937an Gernikan gertatutakoa ez berritzeko, memoriaren garrantziaz asko esan da asteon. Baina mugak itxita daude oraindik ere; izen desberdineko beste Gernikek, ahaztuta. Duela 80 urte, ongietorria egin zioten Pilar Ostolazari Fra ntzian, eta atzo hark hori bera esan nahi izan zien errefuxiatuei eta migratzaileei: «Gu ere izan ginen errefuxiatuak. Guri ere esan ziguten ongi etorriak ginela, eta horixe esan nahi dizuet gaur: ongi etorriak izan zaitezte, Euskal Herriak babes herria izan nahi baitu».
(Puede haber caducado)