ASILO ESKUBIDEA
Epaiaren zain bukatu da Cheikhounaren aurkako auzi saioa
Berria, , 26-04-2017Senegaldarra da sortzez, baina Iruñean bizi da, paperik gabe. Hura kanporatu edo ez erabakitzeko saioa egin dute gaur goizean. Hamar bat egun barru espero dute epaia. Txantrean bizi da Cheikh Dieng Cheikhouna. Paperik ez duela eta, gaur egin dute hura kanporatu edo ez erabakitzeko saioa Iruñeko auzitegian. Domingo Talens abokatuak epaiketaren aurretik azpimarratu du Cheikhouna beltza izateagatik gelditu zutela kalean, eta ohikoak direla antzeko kasuak. Baina Iruñean bizi behar luke haren ustez: “Duela bederatzi urte heldu zen Cheikh Euskal Herrira. Txantrearra da erabat, eta auzoan antolatzen diren jardueretan parte hartzen du. Lekukoa eraman zuen Korrikan”, azpimarratu du.
Cheikhounak Txantrean dituen erroak azpimarratu ditu abokatuak epailearen aurrean ere. Hainbat agiri aurkeztu ditu, auzoko bizilagunekin, elkarteekin eta bestelako eragileekin dauzkan harremanak frogatzeko. Mapsa kooperatiban kontratatua izateko agiri bat ere aurkeztu du Talensek: “Cheikhek paperak balitu behin – behineko kontratu bat emanen lioketela dio egiaztagiri honek”. Bestalde, bere egoera legeztatzeko “hamaika saio” egin dituela esan du, eta bihar bertan hitzordua duela Espainiako Poliziaren bulegoetan. “Ez du aurrekaririk, eta hamar urteotan ez du inoiz arazorik izan ez Poliziarekin, ez inorekin. Bere delitu bakarra paperik ez edukitzea da”.
Fiskaltzak onartu behar izan du Cheikhounaren gizarteratzea “agerikoa” dela, baina argudiatu du horrek ez duela garrantzirik: “Arautu gabeko gune batetik sartu zen akusatua Europara, eta azken momentuan hasi da bere egoera legeztatu nahian. Kanporatzea da aukera bakarra”.
Auzitegitik aterata, pozik azaldu dira, bai akusatua, baita defentsaren abokatua ere. “Fiskaltzak onartu egin behar izan du gure argudio nagusia, eta frogatua geratu da Cheikhek Iruñean duen babes itzela”, esan du Talensek. Cheikhounak esan du pozik zegoela, “baina urduri oraindik”. Txalo zaparrada batekin agurtu dute han bilduak ziren lagunek. “Eskerrik asko”, erantzun die Cheikhounak, euskaraz.
Asilo eskubidea defendatzeko eta Cheikhouna Iruñean nahi dutela plazaratzeko, agerraldi bat egin zuten joan den astean haren lagunek, eta elkarretaratzera deitu dute gaurko. 09:00etan elkartu dira, auzitegi atarian. Cheikhounaren lagunez gainera, han izan dira SOS Arrazakeria elkarteko kideak eta EH Bildu, Ezkerra eta Aranzadiko zenbait eledun ere.
Epaiketara sartzen ere saiatu dira, baina, jende asko zegoenez, gutxi batzuk baizik ez dira sartu.
Hamar urte baino gehiago dira Senegaldik joan zenetik, eta, hura zihoan patera nora ezean geratu eta gero, Kanaria uharteetara eraman zituzten. Handik Madrilera eraman zituzten, eta Euskal Herrira iritsi zen hurrena.
Auzoan babes handia jaso du, eta hark eraman zuen lekukoa Korrika Txantreatik igaro zenean.
(Puede haber caducado)