GERNIKAKO BONBARDAKETAREN 80. URTEURRENA

Gernika bakearen ikur bihurtuta, bonbardaketaren biktimak oroituko dituzte bihar

Berria, Jon O. Urain, 25-04-2017

Apirilak 26 da bihar, eta laurogei urte beteko dira Gernika bonbardatu eta sarraskia eragin zutenetik. Oroimen eta omenaldi eguna izango da asteazkena, Gernikan nahiz munduko beste leku batzuetan. Bonbardaketa baten zenbakiak. Alemaniako Kondor Legioak, italiarren abiazio faxistaren laguntzaz, Gernika suntsitu zuen 1937ko apirilaren 26an. 50.000 tona bonba bota zituzten jendez betetako herri baten gainean. Euzkadiko Gobernuaren txosten ofizialen arabera, 1.645 lagun hil ziren. Gernika gerra egiteko entsegu bat izan zen Hitlerrentzat, Europan hasiko zen gerraren atari. 2.000 baino gehiago izan ziren, Xabier Irujo Nevadako Euskal Ikasketen Zentroko irakaslearen arabera. Matxinoen buru Francisco Franco jeneralak hurrengo egunean eman zuen bonbardaketari buruzko bere bertsioa; alegia, gorriek eta separatistek eman ziotela su Gernikari. Ordutik iraun duen beste bertsio bat da gehienera 300 bat izan zirela hildakoak.
1936ko uztailaren 18an hasi zen kolpe faxista Espainian. Lau egun geroago bonbardatu zuten lehen euskal herria: Otxandio (Bizkaia). Ordutik, eta 1937ko abuztura bitarte, milaka bonba jaurti zituzten; batez ere, Bizkaian. Kolpistek Benito Mussolini eta Adolf Hitler diktadoreen laguntza eduki zuten: Aviazione Legionaria eta Kondor Legioaren hegazkinak Francoren zerbitzupean jardun ziren. Irujo Euskal Herriko bonbardaketen Atlasa (1936 – 1937) amaitzen ari da, eta ia 1.200 bonbardatze operazio dokumentatu ditu.
Gernikako saioan, faxisten hegazkin guztien %21ek parte hartu zuten; ohi baino gehiagok. Horregatik dio Irujok Gernikako bonbardaketa “berezia” izan zela: “Erabili zuten hegazkin eta bonba kopuru handiagatik, lehergai motagatik —bonba batzuk su eragileak izan ziren—, eta sortu zuten hondamendiarengatik: %85,22 suntsitu zuten”. George Steer kazetariak eman zuen gertatutakoaren berri, The Times egunkarian.
Gernika saria, Kolonbiara begira. Gernika saria sinbolikoa da, eta, urtero, bakegintzan aritzen diren Euskal Herriko eta nazioarteko eragileei, gizabanakoei edo elkarteei ematen diete. Aurten, Gervasio Sanchez fotokazetariaz gain, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako buruzagi Rodrigo Londoño Timochenko eta Kolonbiako presidente Juan Manuel Santos saritu dituzte, herrialdeko bake prozesuan eginiko lana aitortzeko. Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako goi mandatariak jasoko du saria, 12:00etan. Iaz, Paco Etxeberria auzitegiko medikua eta Jose Mugica Uruguaiko presidente ohia saritu zituzten.
Egitaraua. Ofizialki, apirilaren 8an hasi ziren urteurrena gogoratzeko ekitaldiak, baina horiek ugaritu egingo dira datozen orduetan, hilaren 26a izanik. 10:30ean, George Steer eta gerra berriemaileak omenduko dituzte, eta, 15:45ean, sirena eta kanpai hotsekin batera, lau minutuko geldialdia egingo dute. 16:30ean, biktimak omenduko dituzte hilerrian, eta, 19:00etan hasita, Gernika Garretan antzerki ibiltaria egingo dute Merkurio iturriaren inguruan. 21:30ean, berriz, manifestazio isila abiatuko dute Foru plazatik, kandelak daramatzatela. Urteurrenaren bezperan, gaur bertan, ekitaldi instituzionala egingo dute 18:30ean, Gernikako Udalak eta Memoriaren Institutuak antolatuta.
Bestalde, urteurrenaren harira, Ongi Etorri Gernika 2017 jardunaldiak egingo dituzte apirilaren 29an eta 30ean, Errefuxiatuen aldeko Euskal Herriko plataformek antolatuta. Oroimen historikoari eta errefuxiatuen egoerari buruz ariko dira hitzaldi, mahai inguru eta beste hainbat ekitalditan. Arratsaldean, Ongi etorri errefuxiatuak ekitaldian parte hartuko du Foro Sozialak, baina, horrez gain, beste ekitaldi bat antolatu du hilaren 29rako, Gernika – Lumon bertan, Bizikidetza eraikitzen lelopean. Gaur egun hainbat udalerritan lantzen ari diren “bizikidetza esperientziak” aztertuko ditu, eta horiek zabaltzea proposatuko du.
Memoria ardatz. Gernikako bonbardaketaren urteurrena oroimen eguna izango da, baina ez soilik Euskal Herrian orain 80 urte gertatutakoari begiratzekoa. Ekitaldietan parte hartuko dute Kondor Legioko buruzagiaren iloba Dieprand von Richthofenek eta herria bonbardatu zutenen artean zegoen Von Moureau pilotoaren iloba Karl – Benedikt von Moreauk. Adierazpen bat irakurriko dute biek, biktimei elkartasuna adierazteko. Gainera, bonbardaketatik bizirik irten ziren zenbait herritarrekin bazkalduko dute.
Oroimen ariketa horri ekarpena egiteko, William Smallwood Egurtxiki idazle estatubatuarrak Gernikako (Bizkaia) bonbardatzea bizi izan zutenen 129 lekukotasun bildu zituen, 1972an. Urteotan zaindu ditu, baina, hemendik aurrera, Gernikako Bakearen Museoaren Dokumentazio Zentroan gordeko dituzte, bertan atxikitzeko laga baititu.
Bestalde, Gernika – Lumon dira 1945ean Nagasakin jaurtitako bonba nuklearraren ondorioz hildakoen 31 senide, hiriko artzapezpikuarekin batera.
Gernika munduan. Urteurrena gogoan izango dute Euskal Herritik kanpo ere. Argentinan, Rosarion, hitzaldi bat prestatu du Euskal Etxeak asteazkenerako, eta ekitaldi bat egingo dute 19:00etan, Gernika plazan. Maiatzaren 7tik uztailaren 2ra bitartean, berriz, Mila eta bat Gernika erakusketa antolatu dute, gerrak zibilengan izan duen eta duen eragina ezagutarazteko asmoz. La Platan, berriz, Zerutik sua dator eta Gernika filmak emango dituzte, 17:00etan. Txileko hiriburuan, Santiagon, Gernikako Arbolari loreak eskainiz ekingo diete urteurrreneko ekitaldiei (19:30), eta Gernika. Markak filma emango dute, 20:30ean.
Ameriketako Estatu Batuetan, Boisen ere gogoratuko dute bonbardaketa. 17:00etatik 20:00etara, Gernikari eta bonbardaketari buruzko erakusketa inauguratuko dute euskal museoan. Boise eta Gernika senidetuta daude.
Berlinen ere egitarau zabala prestatu dute urteurrenaren harira. Ostegunean, ekitaldi bat egingo dute biktimen omenez, Zehlendorfeko Gernika plazan (16:30); poema bat irakurriko dute, eta musikaz eta lore ezkaintza bat eginez amaituko dute. 19:30ean, berriz, Zehledorfeko Matterhornstr. 37 – 39an hitzaldi bat egingo dute; bertan ariko dira hizlari Wolfganf Wippermann historialaria, Gu eta Gernika lelopean, eta Miguel Rivas Venegas arte historialaria, Ez baitakite zertan ari diren izenburupean, frankisten manipulazioa jorratzeko. Halaber, ostiralean, Argi filma aurkeztuko dute (20:00), Iratxe Mediavilla zuzendaria bertan dela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)