Maroto jeltzaleak

Berria, Iñaki Petxarroman, 17-04-2017

Izan da ekimen interesgarri bat azken urteotan Gipuzkoan, Astigarraga eta Hernaniko txabola hitsetan bizi ziren errumaniar jatorriko herritarrei duintasun poxi bat ematen saiatu dena. Gizarte eragileek, udalek, diputazioak eta Jaurlaritzak bat egin dute ekimen horretan. Alde egin dute jadanik proiektuan aritu direnek; gehienak sorterrira itzuli dira, eta beste batzuek inguruko herrietan topatu dute aterpea. Denek ez dute gustuko izan, ordea, pertsona horiek lokatzetik ateratzeko egindako ahalegina. Horietako bat da, dirudienez, Zorione Etxezarraga Astigarragako egungo alkatea (EAJ). «Herriak ez badu nahi, zergatik sartu behar du erakundeak proiektu batean?, adierazi dio BERRIAri. «Gai hauetan galdeketa egingo bagenu, ikusiko genuke gehiengoak ez dituela kudeatu nahi, esate baterako, SOS Arrazakeriak dioen ildoan. Zergatik ez da esaten hori?». Are gehiago askatu du mingaina Etxezarragak, eta ulergarritzat jo ditu Javier Maroto Gasteizko alkateak bere garaian astindu zituen mamuak: «Ulertzen dut Marotok esaten duena, ez bat natorrelako, baizik eta jendeak hori nahi duelako». Hots, errumaniarrek, marokoarrek eta bere alderdikide Josu Bergara Sestaoko alkateak «kaka zahartzat» jo zuen jende horrek denak alde egitea. Hori al da, benetan, euskal herritarrek nahi dutena? Zinez penagarria litzateke, horrela izango balitz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)