Soslai biko Europa

Alemaniak ez ditu itzularaziko errefuxiatuak Hungariara giza eskubideak bermatu arte, eta Libian errefuxiatuen esklabotza egunerokoa dela salatu dute; EBk ituna dauka Libiarekin.

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 12-04-2017

Europako Batasunak Hungarian jarriak ditu begiak, Viktor Orbanen gobernuak hara iristen diren immigranteak atxilo zentroetan sartzeko legea indarrean jarri zuenetik, martxoan. Budapestek hesiak eraiki ditu, galga eraginkorra ezarri die immigranteei, baina orain urrutiegi joan da. Hala iritzi dio Alemaniak: Berlingo gobernuak ez ditu Hungariatik Alemaniara iritsi direnak itzularaziko, Budapestek babeslekua baldintza duinetan eskaintzen ez dien arte. Hungarian egin beharko lukete asilo eskaera Europarako sarbidea handik egin dutenek, Dublingo itunaren arabera. Michael Roth Alemaniako Europarako estatu idazkariaren ustez, ordea, «zalantza handiak daude asilo legearen gogortzea bat datorren EBren eta nazioarteko legediarekin».

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egindako eskaerari erantzunez hartu du erabakia Berlinek. UNHCRren arabera, egoera larriagoa da, martxoko legeaz geroztik. Iristen diren guztiak atxilotzen dituzte, eta zentro itxietan dauzkate, trantsizio eremuetan eraiki dituzten kontainer egokituetan, batez ere hegoaldeko mugan, Serbiarekin partekatzen duen eremuan. Iritsi berriez gain, dagoeneko asilo eskaera egina dutenak ere bertan sartu dituzte, eta umeentzat ere legeak berdin balio du.

Libian, begiak itxita

Europako Batasunak Hungarian agertu duen zalantza zertan geratzen den ikusi bitartean, zalantza gehiago sortzen duten puntu gorriak markatu ditu EBk, 2001az gero immigranteen etorrera handitu zenetik. Mugak ixtea, errefuxiatuen eremu masifikatuak, Mediterraneoko hondoratzeak eta Turkiarekiko akordioa izan dira entzutetsuenak, baina mugetan nahikoa inbuturik ezin duela egin ikusita, hasi zen hedatzen Europaz kanpoko herrialdeekin kontinente zaharrera ez iristeko estrategia, duela urtebete, Afrikan gatazkan dauden herrialdeekin, besteak beste Libiarekin, eta horretan sakontzeko konpromisoa hartu zuten azken goi bileran. Diru laguntzen truke, Libiara iritsitako Saharaz hegoaldeko herritarrak beren herrietara itzularazteko konpromisoa hartua du EBk Nazio Batuen Erakundeak ezarritako batasun nazionalaren gobernuarekin, eta, horrez gainera, Tripoliko eta Tobrukeko gobernuak daude Libian, batak bestearen zilegitasuna izan gabe. Miliziek eta trafikatzaileek agintzen dute desgobernu horretan.

Gatazka bizi horren ondorioa da errefuxiatuek pairatzen duten egoera. Esklaboen merkatuak sortu dituzte nonahi, eta IOM Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, praktika horren arrunta bilakatzen ari da, jendaurrean egiten dituzte pertsonen salerosketak. Mohammed Adbiker IOMeko ordezkariak honako hau salatu du: «Esklabotzaren merkatuaren azken datuak krudeltasunaren zerrendako beste bat dira, Saharaz hegoaldekoek bizi duten egunerokoa. Hilabete batzuk esklabo erabili ondoren, kale bazterretan uzten dituzte, edo hil».

Esklabotzatik bizirik ateratako senegaldar baten lekukotza kontatu du Adbikerrek. Nigertik basamortua zeharkatu zuen trafikatzaileen auto batean, eta Sabha Libia hegoaldeko hirira iritsi ziren. Taldeak ordaindua zuen dirua kostaldera heldu eta Europara joateko, baina trafikatzaileetako batek auzo batera eraman zituen, eta han esklabo gisa saldu.

Senegaldarra ordainik gabeko lanetara behartu zuten, jipoitu, eta jan eta edan gabe eduki. Kontatu du agindutakoa bete ez zutenak hil egin zituztela. Abdikerrek ohartarazi du iaz haziz joan zela praktika hori, eta «nazioarteko komunitateak esku hartu» behar duela, eta EBk ere bai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)