EBko kanpo mugetan nahitaezko kontrolak egingo dituzte gaurdanik
Europako Batasuneko herritarrek ere jasan beharko dituzte, eremuan sartu eta ateratzean
Berria, , 07-04-2017Gaurtik aurrera, EB Europako Batasuneko kanpo mugetan nahitaezko kontrolak egingo dituzte. Neurriak batasuneko herritarrengan ere du eragina, eta eremutik atera edo sartzen den edonork jasan beharko ditu —lurretik, airetik eta itsasotik—. Alegia, Schengen eremuan sartu edo handik irtengo den edonoren identitatea egiaztatuko dute.
2015 . urtean Parisen izandako erasoen ondoren proposatu zuen aldaketa Europako Batzordeak, eta, bi urteko eztabaidaren ondoren, EBk oniritzia eman zion martxo hasieran. Hala, herritarren datuak kontrastatuko dituzte, besteak beste Schengen Informazio Sistemako eta Interpolen galdutako eta lapurtutako objektuen sistemarekin.
Datuen babeserako arauak eta oinarrizko eskubideen Europako legediak errespetatuz egingo dituzte kontrolak, batzordeko eledun Natasha Bertaudek azaldu duenez: «Batasunera sartzen den edonor arriskutsua ote den jakiteko balioko die agintariei».
Siria eta Iraketik datozenak
Batzordearen helburua da Siriara eta Irakera joan diren europarrak atzematea, handik itzultzen direnean —EI Estatu Islamikoan sartu eta entrenamendua jasotzera joan direnak—. «Azken erasoekin agerian geratu zen arazoetako bat dela atzerriko borrokalarien fenomenoa. Pasaporte komunitarioa duten herritarrak dira, lehen egiaztatzen ez zirenak. Orain, egiaztatu egingo ditugu», ziurtatu du Bertaudek.
EBko 5.000 herritarrek baino gehiagok bidaiatu dute Siriara eta Irakera EIn sartzeko —gehienak Belgika, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemaniakoak—. 5.000 horietatik, herenak jada itzuli dira beren aberrira, eta horietako batzuk Parisko eta Bruselako atentatuen egileak ziren.
Asteartean, Frantziako Senatuaren txosten batek Schengen eremuaren ustezko ahuleziak agerian utzi zituen, batzordearen erabakia indartuz. Hain zuzen ere, eremuaren indarra hobetzeko proposamenetako bat kontrolak areagotzea da, «segurtasuna areagotzeko». Frantziar senatariek EB barneko mugetan kontrolak egitea proposatu dute, bi urtez, eta herrialdeek epea luzatzeko aukera izatea, gerora beharrezkoa balitz —errefuxiatuen krisia dagoenetik, eremu barnean kontrolak egin dituzte—.
Errumania eta Bulgaria Schengen eremuan sartzeko hautagaiak dira egun.
(Puede haber caducado)