Migratzaileen aurkako mezuak, jopuntuan

Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko baliatu dute eragileek arrazakeriaren aurkako eguna

Berria, Jon Rejado , 22-03-2017

Jatorri etniko ezberdineko pertsonen kontrako diskriminazioa handitu egin da azken bost urteetan. Errefuxiatuen mugimendua eragozteko neurriak horren adibide argitzat jo dituzte hamaika eragilek, Arrazagatiko Bereizkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Areago, harresi horietako batzuk gorrotoa pizten dutela ohartarazi dute, harresi ideologikoek, kasurako. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere neurriak eskatu ditu halakorik gerta ez dadin. Europako Batasuneko hiru biztanletik bik ere uste dute hedatua dagoela jatorri etnikoagatiko diskriminazioa. Joera horiek zuzentzea galdegin zuten atzoko mobilizazioetan; errefuxiatuei elkartasuna adierazteko ere baliatu dituzte aurtengo protestak.

EAEko ararteko Manuel Lezertuak «laidogarritzat» jo ditu aurreiritzi ideologikoetan oinarrituta eraikitako harresiak. Gorrotoa pizten dutela berretsi du, etnia, erlijio edo bestelako arrazoiengatik. Eta, era berean, gorroto horrek «baliozkotasuna kentzen die» giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei. «Entzungor egiten diote pertsona ahulenei elkartasuna erakusteko beharrari». Horren aurrean, aniztasuna, elkartasuna eta berdintasuna defendatzeko eskatu du, «gizarte justizia bermatzeko».

«Estatu itun» eske

SOS Arrazakeriako Espainiako estatuko federazioak ere bazterkeriari aurre egiteko neurriak eskatu ditu, baita gorroto diskurtsoen biktimak babestuko dituztenak ere. Are gehiago, «gorrotoaren diskurtsoari» muga jarriko dion «estatu itun» bat eskatu du. «Botere publikoek mezu horiek erdeinatzen badituzte ere, behin baino gehiagotan sustatzen dituzte», hausnartu du Mikel Mazkiaran Gipuzkoako eta Espainiako SOS Arrazakeriako idazkari nagusiak. Hortaz, alderdi guztiek adostutako hitzarmen bat eskatu du, halako jokabideak gerta ez daitezen.

Mazkiaranen iritziz, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan «neurrigabe» hazi dira migratzaileen aurkako gorroto mezuak, agintari politikoek sustatuta, neurri handi batean. Halaber, ohartarazi du estatu batzuek immigrazio politikak baliatu dituztela arraza edo erlijioagatiko diskriminazioak abiarazteko. Espainiako Estatua kokatu du horien artean. «Jokabide baztertzaile argiak gertatzen ari dira, eta, hainbatetan, geroz eta herritar gehiagoren babesa dute».

CEAR-Euskadik gogora ekarri du «gezur arrazistak» zabaldu ohi direla diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan eta heltzen diren migratzaileen kopuruen gainean. Halako zurrumurruak eteteko deia egin du iheslariak laguntzeko batzordeak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)