HERBEHEREAK. HAUTESKUNDEEN EMAITZAK

Ez dira 'brexit' bihurtu

Herbehereetan VVD alderdi liberalak irabazi ditu bozak, eta koaliziokide bila hasi da gobernua osatzeko. PVV islamofoboa bigarren indarra da parlamentuan

Berria, Samara Velte, 17-03-2017

Europako Batasunaren mamua bere onera itzuli da, oraingoz eta neurri batean bederen. Herbehereetan, ezkerreko alderdietatik hasi eta kontserbadoreenetaraino, lasaitua hartu dute hurrengo parlamentua osatuko dutenek, ez baita bete kanpainan hedatutako izua: Geert Wildersen PVV Askatasunaren Alderdi islamofobo populista parlamentuko alderdi nagusi bihurtzea.

Kontsolamendua izuaren tamainakoa baino ez da, noski. Izan ere, Wildersen alderdia bigarren tokian geratu da, Mark Rutte lehen ministroaren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Herri Alderdiaren atzetik. Botoen %99,2 zenbatuta, hark 33 eserleku lortu ditu 150eko parlamentuan: Wildersek baino hamahiru gehiago, baina aurreko legegintzalditik zazpi galduta. Ruttek pozarren txalotu du «demokraziaren festa», eta eskerrak eman dizkie nederlandarrei «populismo okerrari» aurre egiteagatik.

Egiaz, parte hartze datuetatik ondoriozta liteke Wildersen kanpaina xenofoboko giro gaiztotuak hainbat herritar aktibatu dituela, eta nederlandar ugari botoa ematera joan direla AEBetako hauteskundeetako ezustekoa errepika ez zedin. Parte hartzea %80 izan da, azken 30 urteotako handiena, eta, bereziki, migrazio tasa handiko hirietan egin du gora.

Wildersek aitortu du emaitza ez dela izan espero zena: 2012an baino bost eserleku gehiago lortu baditu ere, urrun geratu da telebistako bere protagonismotik espero zitekeen gehiengotik. «Hauek ez dira espero genituen 30 eserlekuak», esan zuen hauteskunde gauean Hagan: «Baina irabazleen artean gaude, eta Ruttek oraindik ez nau gainetik kendu».

Garaipen sentsazio handiena Europako Batasuneko alderdi sozialdemokrata eta kristaudemokrata sendoek jaso dute. 2016a ez zen urte ona izan EBren diseinatzaileentzat: Austrian, irabaztear egon zen eskuin muturra; Erresuma Batuan, inork espero gabe, brexit-a nagusi zen erreferendumean; eta Washingtonen logika europar ororen aurkako hautagai bat iritsi zen Etxe Zurira. Geroz eta herrialde gehiagotan ari dira nagusitzen EBren aurkako kritikak, eta gehienek osagai xenofobo nabarmena dute oinarri; Herbehereetako kanpainan ere, Wildersek Erresuma Batuaren antzeko erreferendum bat agindu zuen.

2016ko sinesgarritasun krisi horren ostean, hauteskunde deialdiz betetako 2017a iritsi da. Apirilean, Frantziako presidentetzarako bozak egingo dituzte, eta irailean, Alemaniakoak. Wildersen garaipen gisa ulertutako boz batzuek beste lekuetako eskuin muturra ere hauspotuko zuten beldur ziren estatuotako agintariak. François Hollande Frantziako presidenteak esan du Ruttek «muturreko aukeren aurkako bataila irabazi» duela, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere zoriondu du «laguna, bizilaguna, europarra».

Parlamentuaren osaera

Begirada lehenbiziko bi indar nagusien lehiatik aldendu eta Herbehereetako barne politikan pausatuta, irudia ez da hain itxaropentsua. Hagako parlamentuko lehenbiziko hiru alderdiak eskuindarrak dira: VDDren eta PVVren ondoren, kristaudemokratek hemeretzi eserleku lortu dituzte, aurrekoan baino sei gehiago. Haiekin berdinduta, D66 liberala; hark ere zazpi eserleku irabazi ditu aurreko emaitzekin alderatuta. Hauteskundeotako garaile handiena Alderdi Berdea izan da: lau eserleku izatetik hamalaura igaro da bozketa bakarrean. Eta galtzaile nagusia, berriz, PvdA sozialdemokrata. Hura Rutterekin gobernuko koalizioan egon da orain arte, eta inkestek jada iragarria zioten boto-emaileek zigortu egingo zutela, besteak beste, alderdi kontserbadorearen murrizketa politikak babesteagatik. 38 eserleku izatetik bederatzira jaitsi da.

Denera, hamahiru alderdik lortu dute legebiltzarrera sartzea. Herbehereetan ez dago horretarako gutxieneko mugarik, eta, botoa oso banatuta egon ohi denez, sarritan aski da boto guztien %0,67 lortzea eserleku bat eskuratzeko. Horregatik, Rutteren garaipenak oraindik ez du esan nahi gobernua osatuko duenik; parlamentuan gehiengoa osatzeko, gutxienez beste hiru alderdiren babesa beharko du, kanpainan behin baino gehiagotan agindu baitu ez duela berriro gobernurik osatuko Wildersekin.

Emaitzak ofizialki jakinarazi ez dituzten arren —Hauteskunde Batzordearen arabera, martxoaren 21ean geratuko dira finkatuta—, alderdiek ekin diote jada negoziazio prozesuari. Halakoetan, formazio nagusiko kide bat «informatzaile» izendatzen du parlamentuak —lehen, erreginak egin ohi zuen—, eta hark bilera sorta bati ekiten dio, gainerako alderdiekin koalizioa osatzeko aukerak aztertzeko. Aurten, Edith Schippers orain arteko Osasun ministroari eman diote enkargua; asteazkenerako aurkeztu behar du aukera posibleen txostena.

Ruttek kanpainan esana da kristaudemokratak eta D66ko liberalak geratzen zaizkiola hurbilen; nolanahi ere, bi horiek batu arren, bost diputatu faltako litzaizkioke gehiengora iristeko. Ezkerreko alderdiek esperantza gutxi dituzte gobernuan sartzeko, eta berdeek ere ez askoz gehiago —posibleago den arren—. Aukeran, Ruttek bere orain arteko koaliziokide sozialdemokratengana jo dezake —VVDrekin itunak egiteak dezente kaltetu dituen arren—, edota Batasun Kristauarengan bila dezake falta zaion babesa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)